Gure esku dagoena

Gure esku dagoena –

Otzandu egin gara, katalanak eta euskaldunok, ekaitzaren ondoren. Saiatu ginen, bai; sendo ekin genion, eta gogor kolpatu gaituzte; ezin izan genien gure helburu zuzen, ezinbesteko, sakratuei eutsi. Eta porrotaren mingostasuna dastatu dugu, eta bigundu egin gara irabazleen mende. Horixe da gertatu zaiguna azken urteotan, horixe ari gara ordaintzen orain.

Gure esku dagoena
Arg: Cottonbro studio

Katalunia maitagarrian, procés demokratiko eta itxaropentsu hura Espainiako Estatuaren zerbitzuko morroi guztiek jipoitu, kartzelatu eta atzerriratu zutenetik aurrera, zabaldu zen bertan doluaren, damuaren eta depresioaren aro iluna, eta horretan jarraitzen dute. Borreroen eta damutuen arteko aliantza santua, Generalitat bereko tronura igota ireki dute doilorkeriaren garai zaharberri hau.

Euskal Herrian, berriz, bertoko telebistako dokudrama negar-eragileen bitartez berritzen dizkigute aldi oro gure betirako kondenazio astuna eta gure arrazoi guztien ukazio eternala, noizbait matxinatu eta geurea dena indarrez exijitzen ausartu ginelako. Betiko zigorrean, bazterrean, alde ilunean  mantentzeko mehatxua berritzen digute horrela, baldin eta ez bagara beraien aginduetara, beraien politikara, beraien hizkuntzara eta kulturara, beraien gobernantzara, moldatzen.

Eta zer egin behar dugu, katalanek eta euskaldunok, egoera tamalgarri honetan? Zer da orain gure esku dagoena?

Bada gurean hedatu den modako pentsamendu otzandua, zeinen arabera gai sozialak diren benetan garrantzizkoak, eta ez horrenbeste gure nortasuna, hizkuntza edo nazioa

Bada Katalunian miresten dudan pentsalari eta herriko politikari bat, jatorri argentinarra duena, gaztetan familia osoarekin migratu eta Kataluniako bizimoduan integratu eta guztiz konprometitu dena, gaur egun katalanismo indepe-aren erreferente bihurtu arte. Biografia politiko interesgarria du Albano Dante Fachin adiskideak. Oraintsu sarean zabal hedatu den bideo batean azaltzen du modu miragarrian Kataluniako herritarrek bizi duten post-procés egoera hau, nortzuk diren horren errudun nagusiak eta, batez ere, zein den herritarren esku dagoen erantzun zuzen eta egokia.

Bitartean, Euskal Herrian, traumaren osteko moldaketa politikoa gomendatzen digute bertoko alderdi abertzaleek, errealismo berri batera gonbidatuta, eta lehen independentziarako bidea erreklamatzen zen bozgorailuetan orain federalismoa edo Espainia konfederala goraipatzen dira, betiere Madrilgo zein Pariseko gobernuak aliatu bezala hartuta, beste okerrago batzuen gobernuak ekiditeko argudioaz. Bitartean, Euskal Herria hainbat zatitan urruntzen da eta Euskadi metonimiko birtual batek hartzen du haren lekua, eta euskara, katalana bezala, atzera-martxan agertzen zaigu geure herri eta kaleetan.

Bada gurean hedatu den modako pentsamendu otzandua, zeinen arabera gai sozialak diren benetan garrantzizkoak, eta horietan zentratu beharra dugun, eta ez eman horrenbesteko garrantzirik gure nortasunari, hizkuntzari edo nazioari, eta silogismo horren harira bere egiten dituzte eta berton legitimatu estatu zapaltzaileen nortasun, hizkuntza eta kultura inposatuak “naturaltasun osoz”. Espainiar edo frantziar derrigorrez bihurtuta aurkituko omen dugu egoera sozial justuagoa. Tamainako faltsukeria intelektuala saldu nahi digute.

Ez da hori bidea. Katalunian bezala, Euskal Herrian ere birdefinitu behar dugu gure esku dagoena. Herri mugimendu zabal, sendo eta sakona abiatu behar dugu, bai euskara nagusituta, bai euskal politika gure nazioaren eraketa demokratikorantz abiatuta. Hori guztia egiteko gauza garelako euskaldunok.

ARGIAn argitaratua

Gure esku dagoena  Gure esku dagoena
Nola zaude?

2 pentsamendu “Gure esku dagoena”-ri buruz

  • Birdefinitze prozesu hori, orain arteko partidu “abertzaleetatik” at egon behar da. Zerbait berria, freskoa, iraultzaile eta euskal nortasuna oinarri duena.
    Gurea defendatzeko garaia da, aurreritzi eta konplexu ñoñoak alde batera utziz.

  • Benat Castorene 2025-03-19 18:53

    Ados Mikel baina “gurea defendatzeko” gure hori izan behar dugu eta gu izan behar gara. Izan ere, toki anitzetan, euskal komunitatea desintegratu ondotik ez gara gehiago gu eta gurerik ez dugu.
    Beraz lehenik gure komunitatea berrosatu behar dugu (hori da gure gakoa) gu izaiteko eta gurea defendatzeko.
    Beldur naiz ez naizela biziki argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude