Gure energia-mendekotasuna: Iberdrola eta Repsolen papera (II)
Gure energia-mendekotasuna –
Iñaki Lizundia Alvarezek ERRIAn.
Energiaren oligopolioak 60ko hamarkadan jokatutako papera aztertu genuen aurreko artikulu batean. Frankismoa oligopolioaren diktadura ere izan zen, Negurik erregimen frankistaren erabaki asko baldintzatu edo zuzenean hartu baitzituen. Oligopolioak ikatz, petrolio eta nuklearraren aldeko apustu garbia egin zuten aldi hartan.
2. 90eko hamarkadaren amaieran eta 2000koaren hasieran, ikatzaren ordez gasa jartzea
Energia eskala handian berriz ekoizteko ahalegina egin zen 90eko hamarkadaren amaieran eta 2000ko lehen hamarkadan, 60ko eta 70eko hamarkadetan egin bezala. Apustu hori nazioarteko ingurumen-aginduek baldintzatu zuten: ikatza ordezkatu egin behar zen. Horrela, termikoen bizi-zikloa amaitzen hasiko zen. 1985ean Burtzeñako zentrala itxi zuten, baina 2000ko lehen hamarkadara arte, gasak ez zuen ikatza ordezkatuko. Apustu nagusia gas naturala izan zen: berriz ere jatorri fosileko erregaia, berriztaezina eta inportatu beharrekoa. Aurretik, 60ko hamarkadan, apustu hori alboratu egin zuten, eta 80ko hamarkadan errendimendu handiagoa atera bazekiokeen ere, ez zuten optimizatu.
Egun, abian diren energia masiboa ekoizteko azpiegitura nagusiak eraikitzeari ekin zioten. Bilboko portuan birgasifikatzeko makina jarri zuten, Energiaren Euskal Erakundeak eta Enagas enpresak erdibana. Horrez gain, gasaren ziklo konbinatuko zentralak egin zituzten leku hauetan: Santurtzin, Iberdrolaren jabetzakoa (ikatzarekin funtzionatzen zuten taldeak 2010ean hasi ziren desegiten); Castejonen, Iberdrolaren jabetzako planta bat eta Total Energies enpresaren jabetzako beste bi (Espainiako EDP enpresari erositakoak); eta Zornotzan. Azken horrek hainbat jabe izan ditu (egun, Suitzako eta Ameriketako Estatu Batuetako bi inbertsio-funtsez osatutako sozietate batena da jabetza). 2018-2019an iragartzen zituzten abantailen eta negozio-aukerek ekarri zuten jabe-dantza. Izan ere, sortzen duten elektrizitatea Europako preziorik altuenetako batean saltzen zuten. Gainera, Estatu espainiarrean azken bi ikatz-termikoen itxiera aurreikusita zegoen, elektrizitatearen %14 eragiten zutenak, eta berriztagarriek ezingo zuten hori sortu. Horrela, Iberdrolak 2020an berrabiarazi zuten, esate baterako, Castejongo zentralean gas konbinatuaren ekoizpena, 2013tik apenas jarduerarik gabe mantendu bazuten ere.
Horrenbestez, munduan deskarbonizazioaren kontzientzia ez ezik teknologia eta egiteko gaitasuna egon arren, energia fosilek –gasak– hartuko zituen inbertsio gehientsuenak, eta horien gainean eraiki zituzten energia-ekoizpenaren oinarriak energia berriztagarrien aurrean. Horrek, Hego Euskal Herrian, mendekotasun energetikoa areagotuko zuen.
«Energia fosilek –gasak– hartuko zituen inbertsio gehientsuenak, eta horien gainean eraiki zituzten energia-ekoizpenaren oinarriak energia berriztagarrien aurrean»
Aldi hartan, berotegi-efektuko gasen isurketetan eragin handia izan zuen beste mugarri bat izan zen. Are gehiago, industria handien beharrak erraztu ez ezik prozesu industrialak baliatzea lortu zuten. Kogenerazioaz ari gara. Horrela, hiri-hondakinen erraustegiak errebalorizazio energetikorako planta bihurtuko ziren, hondakinak erretzean. Gauza bera zementu-fabrika, papertegi eta abarrekin. Industria handiek, oro har, beren energia-beharren zati bat aseko zuten, baina eredu horrekin atzean jarraituko zuten Euskal Herriko ingurumen-zerrendetan, atmosferara CO2 gehien isurtzen dutenak baitira. Arazo ekologikoa ez ezik, sozioekonomikoa ere bada, industriak gure herrialdean duen garrantziagatik, bai mendekotasun energetikoari hor dirauelako, bai sortutako energiaren zati handi bat planetak bizi duen krisi klimatikoaren erantzulea delako.
Petronorren IGCC planta dugu kogenerazio-proiekturik polemikoena eta herri-protesta ugari eragin dituena. Koke-edo gas-ziklo konbinatuaren planta, alegia. Petronor-Repsolek ahaleginak eta bi egin zituzten kogenerazio-instalazioen asmo berdeak defendatzen, bere helburuen ontasuna salduz: CO2 isurien murrizketa. IGCCk Petronor bihurtu du Euskal Herriko berotegi-efektuko gasen igorle nagusia, eta are gehiago: Europako handienetako kutsakorrenetakoa da. IGCCren lehen proiektuan, Petronorrek eta Iberdrolak parte hartzen zuten, Iberdrolak bere akzioak proiektutik aterata saldu zituen arte. Euskal Herriko beste kogenerazio proiektu garrantzitsu batzuetan ere parte hartu zuen Iberdrolak, hala nola Michelinen Gasteizko plantan, Araban CO2 gehien isurtzen zuen enpresetako batean. 2019tik aurrera, Iberdrolak, enpresa-estrategia berri batean, kogenerazioaren negozioan zituen partaidetzak kentzeko asmoa iragarri zuen. Industriaren deskarbonizazioa erronka zaila denez gero, lehentasun politikoa da EAJrentzat Iberiar penintsularen salbuespena eta kogenerazioa defendatzea.
Gas naturalaren aldeko apustu ekonomiko horrek eztabaida sozio-ekonomikoa eta herri-mobilizazio garrantzitsua ekarriko zituen azken urteotan, gasa erauzteko teknika bat nagusitzeko saiakera egon baitzen: fracking-a, ingurumenarekiko erasokorra. Batailarik erabakigarriena Subillana-Armentiako hobiaren ustiapena izan zen, Araban. Patxi Lopez lehendakariak 2011n publikoki iragarri zuen, AEBetara egindako bidaian, ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko amaieraren berri eman zuenean, eta albiste historikoarekin lehiatzeko amu mediatiko gisa erabili zuen. Oraindik ere borroka ekonomiko eta herrikoia da frakingarena. Izan ere, mobilizazio sozialak behartuta, proiektua bertan behera utziko zutela iragarri arren, oligopolioaren enpresetako presidenteek (Petronor-Repsol eta Enagas) edota PPk gasa ustiatzeko presio politikoa darabilte.
«IGCCk Petronor bihurtu du Euskal Herriko berotegi-efektuko gasen igorle nagusia, eta are gehiago: Europako handienetako kutsakorrenetakoa da»
Esana dugu energia berriztagarrien teknologian, bereziki eolikoetan, herri honek abiapuntu interesgarria izan zuela hasieratik, baina, hala ere, gai hori erabat ahaztuta egon da, Nafarroan izandako garapena izan ezik. EAEko lehen parke eolikoa ez zen 1999ra arte eraikiko, potentzia gutxirekin. EAEn, berriz, 2006tik aurrera ez zen energia eolikoa instalatzeko proiekturik gauzatuko. Denborarekin industria horrek abiapuntuko industria-posizio onak ere galduko zituen: Energiaren Euskal Erakunde publikoak eta Iberdrolak erdibana sortutako Eolicas del Euskadi enpresa Iberdrolaren eskuetara pasa zen 2007an; Gamesa Siemensek irentsiko zuen eta multinazional horren etorkizunari eta interes ekonomikoei lotuta geldituko zen, eta horrek arriskuan utziko zituen Euskal Herria eginiko inbertsioak.
Beraz, krisi klimatikoa inork ezkutatu ezin duen larrialdi-egoera honetan, esan dezakegu azken 60ko hamarkadako apustuek erabat oztopatu dutela herri gisa dugun posizioa. Ekintzarik eza, erregai fosilekiko mendekotasuna, posizioa galtzea berriztagarrien aldeko apustu argirik ez dagoelako… lehen eremu fotovoltaikoa berandu eraiki da, 2019an, eta energia-ekoizpenean erabateko mendekotasuna dugu.
Berebiziko une honetan, kokatu nahian ari dira gure etorkizuna baldintzatzen duten oligopolioaren enpresak. Azken aldian, Iberdrolak hainbat proiektutan sartu-irtenak egin ditu, akzioak erosi eta salduz. Gamesatik ere irten da. Kogenerazioaren negoziotik alde egin nahi duela ere ematen du, eta energia berriztagarrian Europako enpresa indartsuenetako bat izan nahi duela iragarri du. Repsol-Petronor, berriz, errezeloz ari da oraindik ere ekonomikoki behar bezain errentagarritzat jotzen ez dituen berriztagarrien inguruan. Foroetan energia mota guztien erabilera defendatzen ari da. Urrutira joan gabe, Josu Jon Imazek sutsu defendatu ditu publikoki energia nuklearra eta Armentiako gasa fracking bidez ustiatzea; era berean, hidrogeno berdearen aitzindari gisa ere agertu nahi du, eta Bilboko portuan hidrogeno berdearen proiektua gauzatzeko baliabide ekonomiko publikoak eta Europako funtsak bereganatu nahi ditu.
Fase berri baten aurrean gaude. Larrialdi klimatikoa eta mundu-ordenan tentsio geopolitikoen bizkortzea bizi ditugu, Ukrainako gerrarekin batera. Horiek zuzenean herri gisa interpelatzen gaituzte. Beharrezkoa zaigu elektrizitate-merkatua eta erregaiak kontrolatzea, energia ekoiztea eta energia-trantsizioa gauzatzeko ekintzak abian jartzea. Baliabide publikoak (ekonomikoak, lurzoruak…) egoki erabiltzea ere premiazkoa da, biztanleriaren eta industriaren beharrei eta planetaren biziraupenari berari egoki erantzuteko.
Ondorioak
- Ez dago eta ez da egon herri-estrategiarik. Etxeko lanak egin gabe iritsi gara eta orain erabateko mendekotasuna dugu oligopolioaren praktikekiko, berriztagarriak ez diren energiekiko eta oro har energiarekiko. Edozein estrategia energetikok urte asko behar ditu gauzatzeko, prozesu luzeak dira emaitzak ikusteko, baina erabakiak ezin dira denboran atzeratu.
- Iberdrolak eta Petronor-Repsolek, erabakiak hartzerakoan, interes bakarra dute: negozioak ahalik eta gehien handitzea. Haiek eragin dute egungo egoera, larrialdi klimatikoaren erantzule dira eta gure herriaren eta herritarren etorkizuna hipotekatzen ari dira. Baina oraindik ere etekin ekonomiko zantarrak dituzte, zantarregiak.
- Teknologiak irtenbideak ematen ditu, baina ezin dugu bere esku utzi klima-aldaketaren konponbidea. Enpresa handiek ez dute atzerapenik izaten teknologiaren alorrean, beti izan dituzte teknika eta teknologia aurreratuenak, hasiera-hasieratik, baina non aplikatu erabaki behar denean, ez da guztion onerako ote den kontuan hartzen, dibidenduak baizik. Norberaren onurarako inbertitzen dute, beraz, eta ez dute proiektu estrategikorik edo iraupen luzekorik. Azken batean, ez dabiltza herria eraikitzen, negozioak egiten baizik. Gaur proiektu batean daude, eta bihar akzioak salduko dituzte. Kutxa bete eta beste norabait joango dira.
- Oligopolioak negozioen dibertsifikazioarekin funtzionatzen du. Den-denak etekin ekonomikoaren logikaren bueltan egiten du dantza. Horrela indartzen du bere pribilegio-posizioa, teknologia berriak erabiliz, batzuk garatuz eta besteak alboratuz, merkatuak eta erabakiguneak kontrolatuz. Prozesu horretan guztian, gero eta indartsuago eta erabakigarriagoak dira.
- Eusko Jaurlaritza erantzule nagusietako bat da, esku hartzerik ez egiteagatik eta estrategia propio bati eusteko ezintasunagatik. Izan ere, lehentasuna herriak eta herritarrek izan beharko lukete, baina bideratzaile gisa jardun du oligopolio energetikoak energia fosilekin negozioa egiteko.
- Mendekotasuna hain da handia, energiaren gaia gainditzen baitu: Iberdrolaren eta Petronorren mende gaude baita zergen alorrean ere. Repsolek berak ere bere enpresa-dibisioetako egoitza batzuk Euskal Herrira ekarri ditu azken urteotan, eta horrek areagotu egin du euskal administrazio publikoek zergen alorrean haiekiko duten mendekotasuna. Euskal sistema publikoa ordaindu eta sostengatzen dutenak omen dira, eta gatibu gaituzte!