Gure datuak, den denak, Microsoft eta ChatGPTren esku. Uko egin migrazioari!!
Gure datuak, den denak, Microsoft eta ChatGPTren esku. Uko egin migrazioari!!
2020 urtearen hasieran jakin izan genuen UPV/EHUko zuzendaritza taldeak irakasle-ikertzaile, administrazio eta zerbitzuetako pertsonala eta ikasleen posta elektronikoak Microsoft Office 365era migratu nahi zituela erabiltzaileei bestelako aukerarik eman gabe. LABeko sail sindikalak argi utzi zuen bere jarrera zenbait komunikatutan [1] [2].
Bestetik, proiektuak sortutako kezka dela eta, UPV/EHUko komunitateko hainbat pertsonek, LABek bultzatuta, EHU ez dago salgai! UPV/EHUn pribatizazioen kontrako plataforma [3] sortzea erabaki zuten. Kezka nagusiak: datu pertsonalak, proiektu eta ikerketen emaitzak enpresa pribatuen esku uztea, multinazional baten produktuekiko menpekotasuna, UPV/EHUren izaera publikoaren galera eta UPV/EHUren dirua azpikontratazioetan xahutzea. Urte horretan sinadura bilketa egin zen eta unibertsitateko langile, ikasle, sindikatu, eta norbanako zein elkarteen 700 atxikimendu baino gehiago jaso ziren. Jasotako sinadurak eta plataformaren aldarrikapenak UPV/EHUko zuzendaritza taldeari helarazi zitzaizkion.
Urte bereko azaroan Errektore hauteskundeak izan ziren. Nekane Balluerkak kargua utzi eta Eva Ferreirak irabazi zituen errektore hauteskundeak, hautagai bakarra izanik. 2020ko azaroaren 3ko Klaustroan, Eva Ferreirak hautagaitza aurkeztutakoan galdera zuzena egin genion bertan [4]:
– “Zure hautagaitzak emango dio aukera pertsona bakoitzari bere posta elektronikoa Microsoft-era pasatzeko edo ez?”
Eva Ferreiraren erantzuna:
– “Ez dugu asmorik inor behartzeko Microsoft erabiltzera, beste aukera batzuk ere badaude.”
Gertatuko zena salatu genuen bezala [5] Eva Ferreirak Klaustroan agindutakoaren kontra 2022/23 ikasturtean matrikulatutako ikasle guztiei O365 kontua sortu zitzaien, bestelako aukerarik eman gabe.
Oraingoan zuzendaritza taldeak beste pausu bat eman du. Irakasle-ikertzaile eta administrazioko langile guztien kontuak O365ra migratuko dituela iragarri du. Irakasle-ikertzaile guztiei mezu bat bidali zaie esanez migrazioa ekainaren 15ean hasiko dela. Mezu horretan orain arte erabili den bideokonferentziak egiteko Webex plataformarekin unibertsitateak duen kontratua datorren abuztuaren 31an bukatuko dela azaltzen dute: “Egun horretatik aurrera, bideokonferentziak egiteko tresna korporatiboa Teams izango da, Microsoft 365ek (M365) elkarlanerako daukan tresnetako bat.” Eta pixka bat aurrerago honela dio: “Teams eta M365eko gainerako aplikazioak erabiltzeko, beharrezkoa da posta elektronikoko kontuak plataforma horretara migratzea.”
Zuzendaritza taldea gezurretan ari dela argi utzi nahi dugu. Teams eta M365eko gainerako aplikazioak erabiltzeko, ez da beharrezkoa gure posta elektronikoa plataforma horretara migratzea. Teknikoki gure posta migratu gabe halako aplikazioak erabiltzeko hainbat aukera dago. Baina antza denez, agindutakoaren kontra, ez digute aukerarik eman nahi. Zuzendaritza taldeak gure datu guztiak Microsoften hodeira eraman nahi ditu kosta ahala kosta.
Ematen diguten aukera bakarra posta elektronikoaren migrazioari uko egitea da, mehatxu argi batekin: Migrazioari uko eginez gero, unibertsitateak eskainitako hainbat zerbitzu ezin izango ditugu erabili. Zentzugabekeria handia da hori LABen ustez. UPV/EHUko erabiltzaile orok zerbitzu guztiak erabiltzeko aukera dutela bermatuta egon behar da.
Etorkizunera begira, argi dugu zein izango den zuzendaritza talde honen hurrengo urratsa. UPV/EHUko zerbitzarietan ditugun biltegiratze aukera guztiak (ehubox, ehudoku, bildu, gorde, gordetalde, …) M365era migratuko dituzte. IKTen pribatizazioan beste pausu erraldoi bat izango da. Microsoften menpe egongo gara sekula eta beti. Eta hori guztia gutxi ez balitz, azken egunotan denon ahotan dagoen ChatGPT adimen artifiziala (OpenAI enpresak sortutakoa), laster Microsoften zerbitzu guztietan integratuko da. Bideokonferentziak egiteko Teams aplikazioan ere. Horrek suposatuko du ChatGPT delakoa UPV/EHUko online bilera guztien lekuko izango dela, onerako zein txarrerako. Bileren aktak eta laburpenak automatikoki sortzeko, baina baita gure datu eta elkarrizketa guztien jabe izateko ere [6] [7].
Behin eta berriro esan dugun bezala, LABen apustua argia da: ez gaude ados inongo pribatizazioarekin eta irmoki sinisten dugu UPV/EHU osatzen dugun pertsonen datuen pribatutasuna bermatu behar dela. Gaur egun datuak dira enpresa teknologikoen merkantzia baliotsua. Bestalde, enpresa baten tresna teknologikoak erabiltzera behartzeak ondorio zuzena dauka: erabiltzaileak teknologia zehatz baten mendeko bilakatzea, alegia. LABek bultzatzen duen IKT eredua, burujabetza teknologikoaren bidean, zerbitzu publikoen indartzean, formatu eta protokolo irekietan, eta software librearen erabilera zabalean oinarritzen da. Horregatik guztiagatik, errektoretza taldeari argi eta garbi eskatzen diogu: O365 proiektua alde batera utz dezala eta hausnarketa prozesu bat martxan jar dezala unibertsitateko komunitatea osatzen dugun kideen artean etorkizuneko erronkei aurre egiteko norabidea denon artean zehazteko.
Bukatzeko, irakasle-ikertzaile eta AZPko langile guztiak posta elektronikoaren migrazioari uko egiteko, migrazioa burutu baino lehen ondorengo formularioa betetzera animatzen ditugu:
www.ehu.eus/m365-lankidetza-gunea-zerbitzua-ukatu
Kontuan izan, orain uko egiteak ez duela esan nahi etorkizunean ezin izango duzuela atzera egin eta migrazioa eskatu. Bestalde, uko egitekotan, bideokonferentziak egiten jarraitu ahal izango dugula Teams ez diren beste aplikazio batzuen bitartez.
Uko egin migrazioari!!
Gure datuak, den denak, Microsoft eta ChatGPTren esku. Uko egin migrazioari!!