Gure belaunaldiko azken mohikanoei gorazarre!

Gure belaunaldiko azken mohikanoei gorazarre –

Jabi Arana, EHPMren eta Tolosaldeko TOPA plataformako kidea hil berri zaigu, eta ez da azkena izango. Lurrak bere altzoan har beza.

Gure belaunaldiko azken mohikanoei gorazarre

Badira urte batzuk gure belaunaldiko burkide, lagun edo ezagun asko alde egiten (hil direla esateko modu arina) ari zaizkigula. Gure belaunaldia, gaztaroa hirurogei hamarkadan bizi izan zuena  iritsi da azken portura. Non Caronte txalupazaina  izango dugun zain.

Bi ezaugarri ditu gureak aurreko belaunaldiarekin konparatuta: Lehenengoa, gerra zibileko galtzaileekin ezin ezin genituela harreman normalizatuak izan. Bigarrena, Frankismoari beldurra galdu geniola.

Galtzailetzat hartzen ditut errepublikanoak eta abertzaleak, gutarrak deitu izan ditugunak. Baita ere (eta berdin dio, esan behar dudanarekin norbait harritzen bada edo zapuzten bada) Frankoren armadan derrigorrez “a filas” deituak eta armada kolpistan borrokatutako asko, zeintzuk behartuak izateaz gain inoiz ez zuten gozatu irabazleen prebendak eta pribilegioak; aldiz, zenbaitek euskaldun peto-petoa izateagatik zenbait umiliazioa (beraiei  ere “habla en cristiano” rekin iraintzen baitzuten) zein langile izaeratik jasandako esplotazioa eta jazarpena. Horren adibidea dut, gure aita. Frankoren armadan borroka egina, nafar euskalduna gazteleraz bizitzea bortxatua, eta bizitza osoan lan eta lan egitea behartuta bere familia aurrea atera al izateko.

Gure garaiko belaunaldien arteko lubakia era askotakoa zen (gorriak deabruak ziren eta nazionalak onak), gerra zibilaren historia ezagutzeko eragozpen haundiak genituen. Familietan, guraso eta seme-alaben artean kanposantuko isiltasuna nagusi; etxetik kanpo, kalean zein lantegietan 25 urte irauten zuen “pax romana” ia modu solemnean ezarria ziguten; eskoletan espiritu nazionalaren formakuntza ematen ziguten; egunerokotasun latz eta ilunean murgilduta, gure gaztaroan ez genituen ezagutu aurrekoen nondik norakoak. Franco ese Hombre-ren gorazarre dokumentalaren garaiak ziren.

Pixkanaka, gizartea aldatzen joan zen diktaduraren agindupean. Gazte batzuk, bakanka zein taldexka, handik eta hemendik informazio kritikoa jasotzen hasi ziren, klandestinitatearen eremu latzean abiatu ginenok gerra zibilaren berriak hasi ginen jakiten eta miliziano edo gudari izandako zenbait ezagutzen. Pribilegio hori izan genuenok, halere ezin genuen gure belaunaldiko “besteekin” erraz konpartitu, gu ere lubakietan mugitzen baikinen eta klandestinitatetik oso zaila zen belaunaldi osoarekin konektatzea. Mendi irteeretan bakarrik sortzen zen militantziaz aparteko konplizitatea edo kidetasuna. Mendi gailurretan gure aberri laztana; mendigoizale aurrera, Eusko gudariak, Ebroko batailaz… kantatzen genuen.

Gizartean ere Gerra Sindromea alboratzen ari zen heinean, galtzaileen ordezkapena, guri zegokigun eta hala gertatu zen. Gu izan ginen Diktadurari amaiera ematea lortu genuenak. Ez nahi bezala, eta frustrazio askorekin moldatu behar izan ginen Regimen del 78 delakoari borrokatzea. Aro horretan 80ko hamarkadan gure eta gazteagoa zen belaunaldiarekin topo egin genuen erakunde askotan eta eskuz esku jardun borraka berdintsuetan. Langileen greba orokorrak eta sindikatuen antolakuntzak; Lemoizko Zentrala nuklearraren aurka; Abortua legeztatzearen alde; eta aurrerago Abiadura Handiko Trenaren aurka, OTANi ez! Soldaduskaren aurkako intsumisioa. Euskal Preso politikoen Amnistiaren alde… Milaka ginen, ez denak, jakina, belaunaldi oso bat inoiz ez baita norabide berean abiatzen, ez atzo ezta gaur.

Haietako askok 50 edo 60 urteren bueltan daude, eta gu (65 gorakoak jada jubilatuak) bezala, arazo askorekin gaur egungo gazteekin konektatzeko. Izan ere, hainbeste aldatu da gizartea. Diktatura garaian errepresioa eta isiltasunaren bidez sakabanatzen zen belaunaldia, egun, beste hartu emanak zailtzen dituzten eta beste arazo batzuk ditugu. Giza ohiturak, komunikatzeko erak, kultur aldaketak ditugu oztopo, belaunaldien artean ondo ulertzeko. Teknologi berriak askori, ia analfabeto bihurtzen gaitu. Are, sortutako sare eta komunitate berriak guretik aparte mugitzen dira, beste planoetan mugitzen dira, eta ahaleginak ahalegin ez dugu lortzen lubakiak gainditzen eta zubiak eraikitzen.  Lurralde berean bizita, ematen du mundu desberdinetan bizi garela, eta ez arazo sozial, nazional edo generoekiko ikuspegiengatik soil-soilik.

Modernitate likidoak blaitzen du XXI. mendea. Munduan zehar korronte autoritario askotxo indartsu dabiltza. Militantzia politikoa aldatu egin da. Ez dago bizitza osorako konpromisorik. Mugimendu sozial anitz daude, han eta hemen. Geiserrak bezala agertu eta desagertu egiten dira. Ur beroko turrusta aldizkakoak dira, lurrazpitik gorantz ateratzen direnak. Orain oso indartsu eta hemendik lasterra ahul. Edo hil. (…)

Txema Martinez de  la Piscinaren diagnostiko hori egia izanik, Pentsiodunen mugimenduan gabiltzanok, aldiz, aspalditik gatozen maratoilariak gara. Ez gara ur azpiko aldizkako ur turrustak; urte osoan isilean egindako entrenamendu gogorretan saiatu ondoren lasterketa amaitu arte eutsiko dion hats luzeko borrokalariak, baizik.

Zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo, ahalegindu gaitezen gure irakaspenak transmititzen; ikas ditzagun (irakasleek ikasletik, Marx dixit) olde berritik. Badago borrokatzen duen gazteria guk sumatzen ez dugunean ere. Kontua ez da, errudunak bilatzea, arazoak gainditzeko bitartekoak asmatzea baizik. Ez gaitezen sumindu, sistemarekin ez bada! Aztertu dezagun zergatik Valentziako hondamendiaren erdian eskuz-esku lanean elkartu ohi ziren gazte zein adinduak.

Gazteak baleki, zaharrak baleza. Gazte horiei ez zaie samur izango etorkizuna, eta asmatu beharko dute nola borrokatu, guk egin genuen bezala. Gu, berriz, azkenean gaudenok, azken hatsa bota arte, aurrera!

Pentsionisten mugimenduak asko du irakasteko. Akatsak akats eta gabeziak gabezi, badu  belaunaldi berrien inspiratorio iturri izateko aukera. Izugarrizko altxorra dago gurean.  Mugimenduaren puntaren puntan ikusten ditudan gizon zein emakume burkideak, urteetan ikasitako borroka eta antolamendu moldeei eusteko gai direla demostratu dute. Ia astelehenero elkarretaratzea eta manifestatzea lortu dugu milaka lagun Euskal Herri mailan. Gai gera gure jardueretarako behar den dirua lortzeko ere, eta gure artean komunikatzeko sare indartsua iruteko. Gai izan gara 150 udaletxetan 1080 pentsio minimoen aldeko hautua egitea. Eta une honetan Herri Ekimen Legegilea jarri dugu Euskal Legebiltzarrean gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatu dezaten osagarrien bidez. Aldarrikapen hori egiztatzea lortzen badugu jubilatuen mugimenduak aro berri batera igaroko da, eta ez badugu lotzen aztertu beharko dugu nola jarraitu.

Erantzukizuna, diziplina, aldi berean alaitasuna, bizi-poza, eta askatasun gogoa. Herentzia baliagarria gazteentzako beren erara kudeatzen badute ere.

Eta elkartasuna, gure bilobekiko eta ez direnekiko. Gurearen alde ez ezik, datozen belaunaldien aldeko borrokan ari gara. Gaurko lan saria, langile soldata duina, guzti hori biharko pentsioen bermea baita. Hori belaunaldien arteko elkartasuna deritzagu.

Gure belaunaldiko azken mohikanoei gorazarre  Gure belaunaldiko azken mohikanoei gorazarre  Gure belaunaldiko azken mohikanoei gorazarre  Gure belaunaldiko azken mohikanoei gorazarre Gure belaunaldiko azken mohikanoei gorazarre  Gure belaunaldiko azken mohikanoei gorazarre

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude