Gure auzoa ez da hotel bat. Gentrifikazioaren bihotzetik
Gure auzoa ez da hotel bat. Gentrifikazioaren bihotzetik –
AZET, Etxebizitza Sindikatuak, Pikara magazinean.
San Frantzisko da etxebizitza turistiko gehien dituen Bilboko auzoa, eta baita etxekaleratze gehien burutzen diren auzoa ere.
San Frantzisko auzoko etxebizitza turistiko baten zati batez birjabetu gara. Pisu hori, gure auzoaren turistifikazioaren bitartez negozioak egiten dituen espekulatzaile baten jabetza askotarikoetako bat gehiago da. Ekintza sinbolikoaren helburua seinalamendua izan da: turismoaren industriarena, orokorki; eta gure desjabetzaren kontura aberasten diren putre kapitalista guztiena, zehazki (banketxeak, inbertsio funtsak, turismo agentziak eta espekulatzaile pribatuak).
Turistifikazioa gure auzoak barrutik jaten ari den gaitzetako bat da. Honek sortzen dituen hamaika arazoen artetik (prekarizazioa, militarizazioa, folklorizazioa, auzoaren museizazioa…), mingarriena, zalantzarik gabe, etxebizitzaren alorrean duen inpaktua da. Turistifikatutako auzo batean, arian-arian, bizitzeko diren etxebizitzen alokairuak desagertuz joan ohi dira, eta etxebizitza turistikoek eta “denboraldi baterako alokairuek” hartzen dute horien tokia. Eta horren ondorioak ezagutzen ditugu: alokairuen neurrigabeko igoerak, alokairu zaharretan oinarritzen diren kontratuen amaiera, eta egoera berri horri aurre egin ezin dioten milaka pertsonen etxekaleratzeak.
Azken urteotan, Bilboko etxebizitza turistikoen zenbatekoa %35 igo da. Gaur gaurkoz, 1.500 etxebizitza turistikotik gora dago hirian, eta horien ia erdia –700 etxebizitza turistiko– AZET etxebizitza sindikatuak lan egiten duen auzoetan kokatuta dago; alegia, San Frantziskon, Bilbo Zaharrean, Atxurin eta Zazpi Kaleetan. Datu horiek bere horretan izugarriak badira ere, are gordinagoak dira beste datu bat gehitzen badiogu: San Frantzisko da etxebizitza turistiko gehien dituen Bilboko auzoa, eta baita etxekaleratze gehien burutzen diren auzoa ere.
Hasieran aipatu dugu egindako ekintzaren helburua turistifikazioaren ondorio suntsitzaileak salatzea zela; baina batez ere, horrekin batera, erantzuleak seinalatzea izan da gure helburua: banketxeak, funts putreak, turismo industriako enpresak eta agentziak, espekulatzaile indibidualak, eta nola ez, Bilboko Udala. Azken honen kolaboraziorik barik, auzoaren eta bertako biziaren merkantilizazioa ezinezkoa lirateke. Zehaztasunetara joz, eta etsaiari aurpegia jartzea posible egiteko, bi enpresa seinalatu nahi ditugu, zeinak gure klasearen miseriaren kontura aberasten ari diren gure auzoetan. Alde batetik, Alameda Flats, hirian 50 etxebizitza turistiko baino gehiago dituena; eta bestalde, Inversiones Belfeta, Bilboko hamabost etxebizitza turistikoren jabe dena, horietatik hamabi San Frantzisko eta Zazpi Kaleetan kokatuta daudelarik. Horiek dira gure auzoak erakusleiho turistiko bilakatzen ari diren etsaien izenak eta aurpegiak, horiek dira gure auzoetatik kanporatzen ari zaizkigunak…
Bizi zaren eraikinera etxebizitza turistiko bat heltzen denean, bizi zaren kalea hotel txikiz betetzen hasten denean, edo zure auzoa aire zabaleko merkataritza-gune bilakatzen denean… klase-interesak begi bistan geratzen dira: etxebizitza bat daukagunok eta banketxeari hipoteka ordaintzen diogunok, errentari bati alokairua ordaintzen diogunok, banketxe edota funts putre baten jabetzako pisu bat okupatu dugunok ALDE BEREAN GAUDE, geuk ordaindu beharko ditugu ondorio negargarriak. Zorpetutako langile klasea gara, eta antolatzen ez bagara, Alameda Flats eta Inversiones Belfeta bezalako enpresek gure etxebizitza eta auzoetatik kanporatuko gaituzte.
Turistifikazioak ageriko egiten du zein diren aliatu potentzialak eta zeintzuk etsaiak. Alde batean jabea den klasea, etxebizitza merkantzia bilakatzen duena, etxebizitza turistikoekin aberasten diren espekulatzaileak. Eta bestaldean gainontzeko guztiok: hilabete amaierara heltzeko geroz eta gehiago sufritzen dugunok, hipotekaren igoerak ordaindu ahal izateko gerrikoa estutzen dugunok, lanetik kanporatu gaituztelako edota etxekaleratu gaituztelako okupatu behar dugunok, alokairua ordaindu ahal izateko bigarren lan bat bilatzen dugunok, lana eta bizitza “legal” bat izatea pribilegio bilakatu zaigunok… Gure auzoetako egunerokoa infernu bilakatuta, bertan bizirauten gabiltzan guztiok.
Gora auzodefentsa!
Gure auzoa ez da hotel bat. Gentrifikazioaren bihotzetik