Gure agintarien gezurtxoetako bat

Gure agintarien gezurtxoetako bat –

Markos Zapiainek Eibar.org-n, irailaren 6an idatzia.

Gure agintarien gezurtxoetako batAtzoko Berriak jaso zuen Cristina Uriartek esan duela «Sare publikoan estatu guztiko ikasle kopuru txikiena daukagu irakasle bakoitzeko: hamar ikasle irakasleko». Deian Radio Euskadikoa jaso zuten, jatorrizkoa: “Tenemos la ratio de alumno por profesor más baja del Estado, no llega a diez estudiantes por profesor”. Urkulluk ere errepikatu izan du.

Hainbat ikastetxetan 30-32 ikasle dauzkagu gela bakoitzean. Erabat ezinezkoa da legeak agindutako distantziari eustea. Preseski une honetan botatzea Uriartek eta Urkulluk esandakoa, ez dakit gezurtzat jo daitekeen; manipulaziotzat eta interpretazio interesatutzat bai, behintzat.

Asko pentsatu behar da Uriarte eta Urkullu ratio horretara nola heldu diren asmatzeko. Hau izan daiteke trikimailuaren alde bat: ikasle bakar baten edo gutxi batzuen ardura duten Hezkuntza Bereziko adituak (pertsona gorren edo itsuen arduradunak, besteak beste), edozein arlotako berezilariak, zuzendaritzetako kideak (ikastordu gutxiago dituzte) eta antzeko guztiak zenbatu, ohiko taldeetan irakatsiko baluzte bezala, eta kontuak horrela atera.

Horrela zenbatuta beharbada ez da gezur biribila izango, zaila da jakitea, baina Uriartek zein Urkulluk ederki dakite irakaskuntzan ez dabilen hiritarrari baieztapen hori irakurrita sortuko zaion irudia ez datorrela errealitatearekin bat. Hori bai, euskal oasian sinesten jarraitzeko beste arrazoi bat aurkituko du. Gaur egun, EAEko sare publikoan, hamar ikasle irakasleko baino gutxiagoko ratioa, egitez, ez dute Erlijioko irakasleek baino. DBHn aski da Erlijioa eskatzen duen ikasle bakar bat taldea osatzeko. Eta Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan Erlijioko lanpostu bakoitza Erlijioko 7’7 ikastordurekin sortu da. Lan-ordutegia osatu arteko gainerako orduak gotzaindegiaren  bultzada ez duten irakasle arruntei kentzen zaizkie, izurria bideratzeko itxaropena, salbuespenak salbu, otoitzean baino gehiago zientzian jartzen duten hezitzaileei.

Gure agintarien gezurtxoetako bat

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.