Gurasoak ditut
Gurasoak ditut
Zaintzari buruz idatzi du Andoni Tolosak morau.eus atarian, norbaiten ardura erabatekoa hartu beharrari buruz.
-Ez seme-alabarik ez, gurasoak ditut- erantzuten ohitu nintzen. Ongi ohitu ere, norbaitek sakelakoan pilatutako haur-irudiren bat erakutsi eta bere bizitzaren lotuaz kexu agertzen zenean. Ez dakit oso ongi ulertzen zuten. Asko kostatzen zaie guraso “modernoei”, amatasun edo aitatasunaren mundu paralelo horretatik kanpo begiratzea. Abduzituak bizi dira. Maskota-jabe gehienak bezala.
Inoren zaintzak, serio hartuta behintzat, eragin hori du. Konturatzen zarenerako burbuila batean zaude. Antzematen zaila den burbuila garden batean. Halako batean, haizeak burbuila altxatuko du, eta poliki-poliki eraman egingo du, estratosferarantz, eta konturatzen zarenerako, burbuila hori duzu bizitoki edo bizimodu posible bakarra. Lurretik gero eta urrutiago. Gero eta bakartuago. Agian, inoiz, burbuila barrutik begiratuko diezu, iluntasun infinituan zintzilik dauden planetei, gero eta hurbilago ageriko zaizkizun sateliteei, presatuta pasatzen diren izarrei, eta puntu txiki bat bilakatu den lurrera begiratuz, Marten bizitzarik ba ote dagoen, galdetuko diozu, oraingo honetan serio, zure buruari.
Aita ere oso gaixo geneukan, azken lau urteak bere giltzurrunen %20 eskasarekin bizitzen ohitu bazen ere. Ikusi beharra zegoen haren pastilleroa (XXL tamainakoa). Jarri gutxiegitasun hitza medikuntzaren edozein alorraren aurrean (arnas, bihotz, nefrologia,urologia…) gehitu ez-ohiko gaixotasunen bat (miastemia, este luzeegia…) eta gure aitaren koadro klinikoa agertuko zaizu. Beraz, ama (alzheimerraz gain bi minbizi pasa zituen) eta aita gaixo, arreba eta biok zaintzaile nagusi, eta bien bitartean gerta daitezkeen hitzordu, egun, leku eta ordu hitzen konbinazio gehienak. Adibidez, bi hitzordu, egun eta ordu berean, leku ezberdinetan. Bi hitzordu, egun berean, ordu ezberdinetan eta leku berean. Hitzordu bat eta proba bat, egun berean, leku ezberdinetan ordu berean. Bi proba egun berean leku berean ordu ezberdinetan… Ez naiz esajeratzen ari. Horrela izan zen medikuek “desauziatu” eta, behintzat, bakean utzi zituzten arte.
Beharrak bultzatuta, besterik ez bada, oso ekipo ona egin zuten azken urtetan gurasoek; aitak burua jartzen zuen eta amak berriz gorputza. Ez dakit horrek zaintza-lanak erraztu ala korapilatu egiten zituen, baina gutxienez ez zegoen aspertzeko modurik, aldian aldiro sortzen ziren ezustekoak. Batik bat, gure aitaren burua, handia izateaz gain, irudimenez beteta zegoelako, eta amarenak berriz, gero eta gehiago patinatzen zuelako… Baina, horrela lortu zuten nahiko autonomia eta bizi-kalitate onarekin igarotzea azken 10 urteak.
Zenbat ordu, arduraz, kezkaz, ustekabekoz, konplikazioz, kontsultaz, haserrez eta urduritasunez beteak… Ez naiz hasiko aita-ama modernoak baino okerrago.
Horregatik, eraman beti patrikan umorea, ez dakizulako noiz eta zer itxarongela, anbulantzia edo ohatzetan beharko duzun. Beti aldean eraman, badaezpadara ere, zeu ez gaixotzen lagunduko dizu-eta.
Benetan.
.