Gasteizen azaroaren 6an, arratsaldeko 5etan guraso euskaldunak parkera!

Gasteizen azaroaren 6an, arratsaldeko 5etan guraso euskaldunak parkera!

GURE SEME-ALABEEI GASTEIZEN EUSKARAZ JOLASTEKO AUKERA OPARITU NAHI DIEGULAKO, BIL GAITEZEN AZAROAREN 6AN!

Orain dela 3 urte, alaba jaio zenean, ezin genuen imajinatu sozializazioa hain zaila izango zenik, inondik ere. Ez, gure alabak ez du arazorik ez komunikatzeko, ez jolasteko… gure alaba euskaldun elebakarra da. Beste lekuetan ez dakit, baina Gasteiz batean, honek  sozializazio prozesua konplikatu dezake ume euskaldunik ezagutzen ez baduzu. Norekin jolastuko da umea inguruan inor(k) ulertzen ez badu? Guk zorte handia izan dugu eta auzoan bi haur euskaldun topatu genituen jolastokian. Amok telefono zenbakiak trukatu, eta harrezkeroztik hor gabiltza gure arratsalde, goiz edo egun pasak egiten.

parkera

Alaba ikastolan hasi berria da, D ereduan hain zuzen, eta gure zorterako gela berean beste bi ume euskaldun daude. Besteen esperientziekin alderatuta, pagotxa gurea! Irakasleaz gain, alaba beste norbaitekin komunikatu ahal izango da!Eskolan ezagutu ditugun guraso euskaldunek gure kezka bera dute. Beraientzat ere, kalean, parkeetan… adin bereko ume euskaldunak ezagutzea oso zaila da.  Arratsaldeetan parkean jolasteko bada ere. Eta neure buruari honako hau galdetu diot nik: zergatik ez bildu irla isolatu hauek artxipielago bat eratzeko? Hauxe da nire helburua. Kontua da Gasteizen irla euskaldun asko garela. Bil gaitezen gure umeek euren ama hizkuntzan jolasteko aukera izan dezaten. Osa dezagun artxipielago euskalduna!Lehendabiziko asmoa eta urratsa gure ekimena ahoz aho zabaltzea da eta horregatik jo dut zuengana. Zuk irakurle, agian ez duzu hau behar; baina behar hori daukan baten bat ezagutzen baduzu, esaiozu, zabaldu zure inguruan.AZAROAREN 6AN, ARRATSALDEKO 5ETAN GAZTETXE PAREAN DAGOEN PARKETXOAN. Beharbada, bertaratu nahi duen guztia ezin izango da joan. Lasai, lehen egun honetarako eginkizuna  geure artean antolatzea da; bai auzoka, bai ordutegika, bai adinka … eta sare bat eratzea. Hau aurrera eraman ahal izateko helbide elektroniko bat sortu dut : amahizkuntza@gmail.com

Egia esateko, honek guztiak beldurtzen nau. Eta inor agertzen ez bada? Ba, irlen bizimodua gustuko dugula esan nahiko du… Tira, gu bertan izango gara eta beste bizpahiru familia gutxienez ere… Beldur hori baino handiagoa delako etorkizunean eman beharko nukeen azalpenaren mamua. Nola esan alabari, berak giro euskalduna izateko ez nuela ezertxo ere egin?. Ez dakit berak barkatuko lidakeen; baina ziur naiz neuk neure buruari ezingo niokeela barkatu.Geure umeei euskaraz bizitzeko aukera oparitu nahi diegulako, bil gaitezen azaroaren 6an!Mila esker eta elkar ikusiko dugu.

Irudia | Gurasoak parkera, azaroaren 6an Gasteizen | Ezezaguna | LGPL
Gasteizen azaroaren 6an, arratsaldeko 5etan guraso euskaldunak parkera!