Guernica Gernikara 2021
Guernica Gernikara 2021 –
Aurten 40 urte betetzen dira Guernica margoa gordailuan zegoen New Yorkeko MoMAtik Madrilera eroan zenetik. 1981eko irailaren 10an margoa eskuratzean Adolfo Suarezek bere gobernuari, bere alderdiari eta diktaduratik eratorrita, hitzartutako Erreforma-Trantsizioaren bide mugatuentzat zilegitasuna ematea lortu zuen. Margoa 1992tik Francoren agindupean ezarritako monarkiaren kidetako baten izena daroan museoan, Sofia Erregina Museoan dago. Sinbolo-labela ordena politikoaren irudia den ospe handiko zigiludun kutxan.
Urte batzuk lehenago, Francoren heriotzarekin, Euskal Herrian eta Gernika-Lumon ordurarte ezkututako memoria biziak eztanda egin zuen eta herri mugimenduak aurrea hartu zion egoerari. Herri mugimenduaren ekimenak zenbait ardatzen inguruan zehazten ziren: ikerketa historikoa abiatu eta bultzatu, artxiboak zabalduz; aurrekoarekin estuki lotuta, bonbardaketaren aitortza eta erantzukizunak eskatu; Guernica Gernikara aldarrikapena, Memoria eta Artea, Estetika eta Humanismoa, Aktibismoa eta Sinboloa bildu nahi zituen egitasmoa; Gernika-Lumo Askatasunaren eta Kulturaren hiria bihurtu. Herri mugimenduak bultzatutako ekimen horiekin euskal alderdiek eta indar aurrerakoiek bat egin zuten, baita EAEko erakundeek ere.
Zoritxarrez oso maila apalean baino ez dira bete jatorrizko egitasmo haiek. Baina ukaezina da, urtetan zehar eta garai desberdinetan, herri mugimenduaren eskutik zein euskal kultura eta politika eremutatik proiektu honekin bat egin izan duten pertsonaien zerrenda izugarria dela: Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Martin Ugalde, Julio Caro Baroja, Mikel Laboa, Jose Luis Zumeta, Luis Peña Gantxegi, Remigio Mendiburu, Agustin Ibarrola, Eduardo Chillida… Eta berdin Euskal Herritik kanpo Gernikaren Memoriaren borrokan parte hartu izan duten beste batzuen itzal handia, hala nola Ángel Viñas, Herbert R. Southworth, Pierre Vilar, William Smallwood, Manuel Tuñon de Lara… Baita belaunaldi berrien kide garrantzitsuak direnak, eta ez luzatzearren aipatuko ez ditugunak, helburu horren alde egin izan dute, Gernika-Lumo Askatasunaren eta Kulturaren Hiria bihurtzea, gaur egun ere berebiziko inportantzia duelako, muturreko eskumaren errebisionismoaren agerraldiek erakusten diguten bezala…
Benetan Guernica museo baten zaintza gelatan atsedena hartzeko lana da? Benetan margoa garaiko gertakizunen historiatik banandu daiteke? Ez dira arte lanaren garapenaren historia, eta, hura eginda izan eta gerokoa, historia zabalago baten zatia? Guernica Gernika barik ulertu daiteke? Ez daude biak, bere zentzu osoa lortzeko, munduko beste “Gernikei”, aurretik gertatutakoei eta ondoren izan direnei, begiratzera behartuak? Eta, bestalde, Gernika, Memoriaren Lekua bidaiari liburuxken lerroak osotzeko hustutako marka turistikoa baino ez da izango? Zer zabaldu behar dugu Gernikatik Euskal Herrira eta Euskal Herritik Mundura?
Guk, aurten 2021an, Guernica maisu arte lana, nazioarteko sinboloa eta Gernika Memoriaren Lekua bat egiteko ekimena bultzatzen jarraitu nahi dugu. Horregatik Gernika-Lumon udaren amaieratik hasita, udazkena osoan zehar hainbat ekimen bultzatuko ditugu. Zehazki aurrikusten ditugun ekimenen artean, irakurleoi bi aipatu nahi dizkizuegu. Bata, zuen inguruko auzoetan, lantokietan, bizitokietan edo bidaiatzen zaretenean topa ditzakezuen Guernica margoaren bertsioak, zatiak, aipamenak, kopiak guri bidaltzea. Hau da Guernica Gernikara etortzearen eskariarekin lotuta eta hura etorri bitartean zuen Guernica berezi, biziak, info@guernicagernikara gure helbidera, bidaltzea proposatzen dizuegu, guk bildu eta bertatik, Gernika-Lumotik, atzera Mundu osora zabal ditzagun. Bestea, azaroaren 27an Gernika-Lumon Guernica Gernikara lelopean deituko dugun manifestazioan parte hartzea, edo zuen irudi, bideo, argazkiak helbide berberara info@guernicagernikara bidalita. Horrela herriko kaletik zabalduko dugun eskaria zuen ahotsekin bilduko ditugu.
Gernika Memoriaren Lekuko Plataforma