Guernica 2022
Guernica 2022 –
Merkatu Askatzailearen eskutik agindu ziguten Globalizazio Urrezko Aro Berriaren etorkizuna ezabatu egin digute. 2007-8ko krisiak eta Covid 19aren pandemiaren eraginek ekonomiaren hierarkia eta egituren errealitatea utzi digute agerian.
Etengabeko hazkundearen ametsa dekoratu hutsa baino ez omen zen; izan ere, bat batean, dena krisia eta ardura omen da: Krisi energetikoa eta klimatikoren mehatxuak (hori bai, orain arte energia ekoiztu duten erraldoi beraien eskutik, ekonomia berde eta zirkularraren bidez emendatzea lortuko direnak); elikadura krisia (nola ez, enpresa multinazionalei esker, zientzia eta teknologiaren ekarpenak modu egokienean aprobetxatuz, produkzio era berriekin konponduko dena); migrazioen eztanda (arazoa modu arrazionalenean bideratzeko, hor daude, demokraziaren lagunak, beste hainbaten artean, Mediterraneo hegoaldeko eta Ekialde Hurbileko demokraziaren aldeko lagun, aliatu edo kide zintzoak: Maroko; Libiar fakzio desberdinak; Egipto edo Turkiar estatua -aliatu fidagarria-).
Arazoa ez da orain arte oinarrizkoak izan diren eta urrituz doazen baliabide energetiko eta lehengaiak eskura edukitzea… Ezta etorkizun laburrean beharrezkoak izango direnen kontrola ziurtatzea garai berrietarako trantsizioak mendean eduki ahal izateko (garapen teknologikoaren eta patenteen monopolioa, zein kontsumorako merkatuak eta esku lana barne). Ez gaitezen erratu. Txirotzea eta gabeziaren orokortzearekin batera, azken urtetan aberastasunen hazkunde eta kontzentrazioa (eta, noski, botere sozioekonomikoarena), tokiko mailatan (gure herri eta hirietan), maila ertainetan (herrialde eta estatutan) eta nazioartean inoiz baino handiagoa izan den arren, hor ez dago arazorik. Jendearen eta naturaren esplotazioa, ustiapen basatia; nagusikeria, ustelkeria; zikoizkeria krudela, genozidio orokortua ez dira arazo. Gerrara deitu gaituzte… Barkatu autodefentsara deitu gaituzte gure baloreak eta bizimodua babesteko. Arerio nagusi bi seinalatu dizkigute: Txina eta Errusia. Si vis pacem para bellum.
Ze etorkizun ederra gure alaba, seme eta ilobentzat! Aste honetan 1.000 milioi euro agindu ditu espainiar gobernuak gastu militarrak handitzeko. Eskandalua eta eztabaida bizia piztu ditu gertakariak. Baina orain aste pare bat 20 ehiza hegazkin erosteko kontratua sinatu du 2.043 milioietan. Eta NATOko Madrileko biltzarrean gastu militarretan BPG-aren %2ra heltzeko konpromisoa adostu da (Espainiarentzat 20-30 mila milioi inguru). Gauza bitxia; Bruselatik, Espainiako Bankutik edo enpresari elkarteetatik ez dira ohiko ahotsak altxatu gastu horien bideragarritasunaz kezkati. Momentu ona, duda barik, arma enpresetan inbertitzeko (euskaldunak ere nahikotxu daude, animo!)
Norantz, nortzuengana zuzentzen da Guernica-ren salaketa? Zeozertarako balio du Guernica koadroak? Margoa harrera protokolarioak egiteko apaingarria baino ez da? Maisu Lan Handia Museo Handi Batean? Estatu eszena-toki “hunkigarria”?
Azken oharra: Ez dezala irakurleak ulertu lerrook Errusia eta Txinako elite eta botere taldeak zuritzeko idatzita daudela. Geo-politikaren jokoan berdin-berdin aritzen baitira. Baina bakoitzari berana eman behar zaio.
...
Gernika Memoriaren Lekuko plataforma