Guardia zibilak isuna jarri dio Aldatu Gidoia ekimenari
Guardia zibilak isuna jarri dio Aldatu Gidoia ekimenari –
Altsasuko guardia zibilak isuna jarri dio Aldatu Gidoia ekimenari, apirilaren 25ean egindako prentsaurreko batengatik. Egun hartan, Aldatu Gidoiak agerraldia egin zuen Altsasun, manifestazio baterako deia egiteko, euskaran ardaztutako politikak eskatzeko.
Bada, berriki, agerraldi hartan parte hartu zuen kide bati isuna bidali dio, “Mozal Legea” aplikatuz. Guardia zibilak berak adierazi duenez, Twitterreko txioetan arakatzen ibili dira, eta argazkian 22 lagun geundela zenbatu dutenez (20 lagun arteko elkarretaratzeetarako ez da baimenik eskatu behar), isuna jarri diote.
Herritarrek politikan parte hartzea eragozteko legea da “Mozal Legea”, eta jarritako isuna salatzen dugu.
Euskaran ardaztutako politikak aldarrikatzen segituko dugu.
ALDATU GIDOIA EUSKARAREN ALDE
…
Apirilaren 25eko Altsasuko agerraldian irakurritako testua
Arratsalde on, gaurkoan Altsasura bertaratutako guztioi:
Ukaezina da kulturak eta ikus-entzunezkoek norbanakoaren garapenean, identitate kolektiboan eta gizarte-kohesioan duten garrantzia. Kulturan sakontzeak integrazio eta aniztasunaren alde jardutea dakar. Hala, euskaldunok, kultura eta hizkuntza komunitate gisa, aurrera egin nahi badugu, estrategikoa dugu euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen eskaintza zabal eta erakargarria bermatzea. Ondorioz, kezka sortzen digu Eusko Jaurlaritzak euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoetara horren baliabide gutxi bideratzeak.
Urteak dira Euskal Irrati-Telebista publikoak sorrerako helburuak baztertu zituela. Euskal Irrati-Telebistan, euskara biziberritzeko eta euskal kultura sustatzeko sortu zen hartan, gaztelerazko edukiek hartu dute erreferentzialtasuna, euskara eta euskarazko eskaintza bigarren mailan geratu direlarik.
EITBri errealitate soziolinguistikoa eraldatzea dagokio. Hortan datza, euskal erakunde publiko gisa, bere legitimizazioa. Beraz, EITBk herritarrei euskarazko eskaintza apal bat bermatzea baino gehiago egin behar du. EITBk ahalegin berezi eta nekaezina egin behar du, euskarazko programazio eta eskaintza zabal, oparo eta orekatuaren bidez, herritarrak osoki euskaran murgiltzeko. Horretarako, euskara hizkuntza nagusia izango duen Euskal Irrati-Telebista behar dugu, euskararen normalizazioaren ardura nagusia bere gain hartuko duena.
Sakanan gaude, Euskal Herriaren erdigune geografikoan, hain zuzen ere, adierazteko premiazkoa dugula Euskal Herrian ardaztutako Euskal Irrati-Telebista. Izan ere, marko espainiarra gailendu da erabat EITBn, eta, horrek, kultura eta hizkuntza komunitate gisa, galbidera garamatza ezbairik gabe. Erdal erreferentziak sustatu ordez, Euskal Herriko erreferentziak indartu eta, Basabürütik arabar Errioxara, Enkarterritik Zangozerrira, herritarren artean zubiak eraikiko dituen Euskal Irrati-Telebista behar dugu. Eskualde guztietako txokoak eta pertsonak hurbilduko dizkigun Euskal Irrati-Telebista, alegia.
EITBz harago ere, Eusko Jaurlaritzaren kultura eta ikus-entzunezkoetako politikek ez dituzte inondik ere herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen. Haatik, herritarrak bete-betean gazteleran murgiltzea eragiten dute. Izan ere, zinema eta streaming plataformetan, gaztelerazko eskaintza da nagusi, euskarazkoak ia tokirik ez duen bitartean.
Euskara jendearen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta hizkuntza biziberritzeko duten garrantziagatik, behar-beharrezkoa dugu, gaur egungo ikus-entzunezkoen kontsumo-ohiturak aintzat hartzea eta EiTBz haragoko hizkuntza politikak abian jartzea; hots, kultura eta fikzioaren euskarazko eskaintza zabal eta erakargarria, EiTBren euskarri eta lehioez gain, jendea dagoen tokietara eramatea, streaming plataforma nagusietara eta zinemara, alegia.
Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu euskarazko kultura eta fikzioaren eskaintza erakargarria osatzeko lanetan berehalakoan jartzeko. Eta, behin osatuta, euskarazko eskaintza hori, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei eskuragarri jartzeaz gain, Nafarroa Garaia, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako herritarrei ere eskuragarri jartzeko.
Gure bizitzetan duten garrantziagatik, eta, aisialdian duten tokiagatik, euskara erdigunean jarriko duten kultura eta ikus-entzunezko politikak behar ditugu, premiaz. Egoera iraultzeko unea da, gidoia aldatu eta kulturan, EiTBn eta ikus-entzunezkoetan euskara erdigunean jartzeko tenorea. ‘Aldatu gidoia euskararen alde’ egitasmotik Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu kultura eta ikus-entzunezko politikak errotik aldatzeko, eta, kulturara, EiTBra eta ikus-entzunezkoetara bideratutako baliabideak euskararen normalizazioaren zerbitzura jartzeko. Kultura-eskaintzan, euskarazko kultura eta sorkuntzari lehentasunezko tokia emateko, EITBn eta EITBz harago; eta euskarazko sortzaileen lan-egoera duintzeko neurri zehatzak hartzeko.
Harrotze-aste betean dago ‘Aldatu gidoia’ kanpainako eragile-sustatzaile den Euskal Herrian Euskaraz taldea. Kolektiboki indartu, ahaldundu eta harrotzeko deia egin digu euskaldunoi egunotan Euskal Herrian Euskaraz-ek; harrokeriarik gabe, baina, harrotasunez, euskaraz bizitzeko eskubide osoa dugula esateko. ‘Aldatu gidoia’ egitasmoak ere bat egiten du behar eta asmo horiekin. #EuskarazTaHarro
Asko eta asko dira, Eusko Jaurlaritzaren kultura politikei eta EITBren eginkizunei buruz, urteetan, gogoetan eta eztaibaidan aritu diren norbanako eta eragileak. Asko eta asko, egunerokoan, eginahal indibidual eta kolektiboa eginez, euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen alde egiten dutenak.
‘Aldatu gidoia euskararen alde’ kanpainaren eragile-babesle guztiek, bat hartuta, horiei guztiei, eta, gure hizkuntza eta kultura inporta zaion orori, maiatzaren 18an kalera ateratzeko deia egiten diegu.
Maiatzaren 18an, arratsaldeko 17:30etan, Gasteizko Foru plazan, egingo dugun mobilizazioan parte hartzera animatzen zaituztegu. Guztion artean, eskubideen eta euskararen alde egon badagoen gehiengo bat artikulatu nahi dugu. Maiatzaren 18an, guztion bultzadaz, ireki diezaiogun aukera-lehio bat euskarari!
Berreskura ditzagun, bada, euskarazko telebistaren sorrerako ilusioa eta asmoa. Berpiztu dezagun euskaran ardaztutako Euskal Irrati-Telebistaren beharraren kontzientzia. Eta eska diezaiogun Eusko Jaurlaritzari, kultura-politiketan, EITBn, eta EITBz harago, zinema eta plataformetan, euskara erdigunean jartzeko. Maiatzaren 18an ezinbesteko zita dugu Gasteizen. Zatozte!
Hauek dira ‘Aldatu gidoia euskararen alde’ kanpainaren eragile-babesleak:
ELA, STEILAS, LAB, Euskalgintzaren Kontseilua, UEMA, Euskal Herrian Euskaraz, AEK, Ikastolen Elkartea, Gazte Euskaltzaleon Sarea, Iratzar Fundazioa, Alkartasuna Fundazioa, IKA euskaltegiak, BIEUSE bikoiztaile euskaldunen elkartea, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, LANARTEA euskararen langile profesionalen elkartea, Sortzen, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko plataforma, Pantailak Euskaraz, Naziogintza, Netflix Euskaraz, (H)Itzartu EITB, Zer Non Ikusi, Euskal Encodings, Zinemak Euskaraz, Game Erauntsia, Arnas Dezagun, Hau Pittu Hau, Administrazioan Euskaraz taldea, Zappingzalea, Mangaberri, EAB Euskal Aktoreen Batasuna, Xaloa telebista, Aiaraldea Ekintzen Faktoria eta Sakanako Guaixe Fundazioa.
ALDATU GIDOIA! Euskararen alde. Euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen alde. Euskara eta euskarazko kultura ukaezinezko zutabe izango dituen Euskal Irrati-Telebistaren alde.
Eskerrik asko!