Gu zaharrok

Gu zaharrok –

Zahartzaroa ez dago beti adinari lotua, esango nuke inoiz ez dagoela. Izan ere, norberak ez du bere burua besteek ikusten duten bezain zahar edo gazte ikusten. Hala eta guztiz, itxuraz baino benetan kezkatzen nauena norberak bere buruaz duen ustea da. Eguneroko bizitzan maiz entzuten ari naizena honelako esaldi motzak dira: nire garaian bai ginela; geroztik ez da ezer mugitu; gazteak ez dakite zer den mundua, are gutxiago borroka… Zaharren kuadrillan, esango nuke adinari erreparatu gabe, denetik baitago.

Gu zaharrok
Arg: Timothy K Hamilton

Horrelako kuadrillak eta ez taldeak, bere zilborrari begiratuz bizi dira, urteak hartu ahala puzten doazenak itxurazko, fikziozko nortasun horretan, beren buruari sekulako titulu magistrala ezartzeraino: etorkizunaren maisu, makilatxo magikoa eskuetan dutela. Eta hori soilik balitz, gaitz erdi, aldamenekoak nekatuko dira egunero entzutean, eta gazteengan irristatu egingo luke jarioak. Baina nire barrua kiskaltzen hasia da, eta lehertu baino lehen zuekin partekatu nahiko nituzke bizibideak erakutsitako egiak, bereak dira, noski, bizibidearenak, eta, baliagarriak ote diren galdezka natorkizue.

Bizitza inoiz ez da berdina, egunero aldatzen doa, eta geu bizitzarekin, eta alderantziz, noski. 36ko gerratearen ondoren jaiotakoak, eta gaurkoak, pertsonak garenez, badugu elkarren antza, baina bizi baldintzak errotik aldatu dira, onerako esango nuke, pertsona bezala garatzeko balio behar lituzkete eta. Mundua aldatu egin dugu denbora gutxian, eta oro har ez da onerako izan; gure jarrera negatiboa da. Geure eraginarekin egindakoa da gaur daukaguna; horren erantzule gara. Eta horri aurre egin behar zaio berandu baino lehen, itsasontzi honen lemari buru hotz eta bihotz beroz helduta.

1950-60ko hamarkadak, faxismoaren botapekoak, gaurkoen itxura bazuela esango nuke, etorkizunari dagokionez, gazteen larruan sarturik. Era guztietako aurrerapenak dituzte eskuetan, baina etorkizunik gabe sentitzen dira. Horregatik beharbada, egunean egunekoa bizi nahi dute, intentsitatez, lau egun besterik ez baita bizia, diotenez. Eta bizi horretan antsietatea jaun eta jabe dela, beren burua makurtu eta saldu besterik ezin dute egin, nahiz askok, gehiegik, konturatzeke dabiltzan oraindik.

Mundu globalizatu honek horretara garamatza, gutasuna galtzera, alegia; hiztegiak nortasuna esango du, baina nik azpimarra egin nahi dizuet nortasun hori gura ekartzera. Izan ere, norbera zer gara? Bakarrik beste inor gabe bizi al gintezke bizitza ulertzen dugun bezala? Leku isolatuan, bakardade osoan zoriontsu izango al ginateke? Hori sinesten duenak indar guztia jar dezala lortzen.

Nire iritziz, gizarteratua dagoen egonezina ez da soilik bizimodua garestitu egin digutelako, eta lan baldintzak gero eta okerragoak ezarri. Horiei aurre egiten jakin izan dugu aktiboki garai guztietan. Pentsatzeko eta bizitzeko era bakarra da gainera bota diguna aipatu dudan globalizazioak. Gutxi batzuk munduko zati bateko gizateria garenok nahieran erabiltzen gaituzte, merkantzia gisara. Eta hau oso larritzat jotzen dut.

Ez nau inolaz ere harritzen gazteak egunean bizi nahi dutela jakitea. Horrek pentsarazten dit ezer gutxi erakutsi diegula zaharrok gure jarrerarekin, bizitzan agertzen diren traba, arazo larri, arrangura anitz, nahigabe eta abarrei erantzun zuzenak aurkitzen. Eta… saminez diot!

Hala izan bada ere, bat egingo dugulakoan nago, gure gazte denboran bezala, kontzientzia dutenak gero eta gehiago direla eta hauek zaindu behar ditugula gu zaharrok, oinarririk gabeko kritikak eta uste ustelak alde batera utzita, kontzientziadunak garrantzizkoenak baitira herri baten askatasunean, lehen, orain eta beti.

Gizarte kontzientzia lortzeko nitasunetik irten egin behar da gutasun zabalera; eta normalean, kontzientzia hartzeak inguruko eraginetik datorkigu: era askotako errepresiotik; lagun talde zintzotik; ikastetxeko girotik; lantegiko egoeratik; gizataldeko lanetik; familiatik… eta beste hainbat tokitan jaso baitaiteke barruko sua piztuko duen txinparta. Hortik edan baikenuen geuk ere. Eta ziurtatu nezakeen gauza bakarra hau da: borroka dela askatasunerako lanabes bakarra; batuko gaituena, indartu, sendotu, eta aske egingo gaituena era pertsonalean ere. Hori behintzat bizi izan dut, baita gaur ere.

1950-60ko hamarkadako gehienek maite izan genuen Euskal Herria, gure asaba borrokalarien lurra; eta guztion etxea defendatu genuen. Nire ustez, nondik gatozen eta nora goazen galderari erantzutea ezinbesteko dugu, askatasunaren bila bagabiltza. Libre izateko bideari ezin diogu uko egin.

Herriaren desagerpena lortu behar al du gizaldi burugabe honek?

Guk zaharrok ezin dugu izan inondik ere gazteen etorkizunaren maisu. Geure garaian egindakoak balio izan badu hona heltzeko, poztasun handiz bizi behar dugu, baina harrokeriarik gabe. Egun, gazteek ez dute bide errazik aurkituko libre eta duin bizitzeko, nahiz ilusio berak lagunduko dien Euskal Herria aurkitzen, eta bat egiten askatasun osoa helburu dutela, horrela soilik izango baitira libre gaurtik hasita.

Gu zaharrokĀ  Gu zaharrokĀ  Gu zaharrok

Ezker Abertzaleko militantea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude