Grebak prebentiboak ote?
Grebak prebentiboak ote? –
EAErako Hezkuntza lege berriaren atarian gaude eta azken hilabeteotan luze idatzi da honen inguruan. Lehenengo zirriborroa argitara eman zenetik, agerian geratu da hezkuntza komunitatea osatzen dugunon sektore handi baten desadostasuna,alegia hezkuntza sistema publiko indartsu batean sinesten dugunona.
Azaroaren 5ean berriro ere kalera atera ginen herritar asko eta aldarria argia zen, euskal eskola publikoaren aldekoa eta lege berri honen kontrakoa. Hamaika arrazoi ditugu hezkuntza lege honi ezetz esateko; ikasleen euskalduntzea, laikotasuna, curriculum propioa… eta “Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa”ren aterkipean pribatizazioa indartzeko joera.
Iritzi artikulu askotan eztabaidaren fokua, eskola publikoa vs ikastolak, izan da. Horrek ez du islatzen lege honek arautuko duen hezkuntza sistemaren argazkia, EAEkoa hain zuzen. Eztabaida honetan oso gutxitan aipatu dira elizaren ikastetxeak (alde handiz itunpekoen artean nagusi diren ikastetxeak). Albo-kaltetzat hartzen dugu elizaren kontrol soziala indartzea?
Argudioak behin eta berriro errepikatu direnez, fokua beste leku batean jarri nahi dut, lege honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen den unibertsitate sisteman, bertan ere ematen ari baita pribatizazio joera oso kezkagarria.
Edonork izan beharko zituen aukerak amesten duen horretan prestakuntza jasotzeko, urratsak emateko. Baina zoritxarrez norberaren egoera sozioekonomikoak garrantzi handi du aurrerago hartuko dituen erabakietan. Nekez, Ama abokatu eta aitite mediku izan duen batek lanbide heziketako zikloa egingo du. Duela 36 urte EHUn hauxe galdetu zigun pedagogia irakasleak: “jaso eskua zuen amak edo aitak unibertsitate titulua izanez gero” oso gutxi izan ziren eskua jaso zutenak. Horren ostean Irakasleak azaldu zigun aurreikuspenek,expektatibek eta maila sozioekonomikoak eragin handia dutela gure ikasketen ibilbidean, aukeraketan. Berak, Adibide moduan azaldu zigun, galdera bera kilometro batera zegoen ikastetxean (Deustuko Unibertsitatea) eginez gero emaitza bestelakoa izango zela.
Ikerketa guztiek argi eta garbi lotzen dute indize sozioekonomikoa eta kulturala (isek) eta eskola-porrotaren maila.
Gaur egunera etorrita, azter dezagun zer gertatzen den batxilergoa amaitzen duten ikasleekin. Batzuentzat euren hautua izango da goi-ziklo bat egitea eta beste batzuentzat berriz unibertsitaterako bidea izango da aukera.
Unibertsitaterako bide horretan, gehienek EHU izango dute euren lehen aukera EAEn, baina hona hemen lehen oztopoa. Ikasle askok ezin dute eurek hautatutako gradua egin, plaza mugatuak direlako. Hori bai, baliabide ekonomikoak izanez gero bigarren aukera izango dute hautatutako bideari egiteko, Mondragon eta Deustu unibertsitate pribatuen eskaintza urtetik urtera handituz doa eta. Baten batek, esan lezake ekimen pribatua den heinean eskubidea duela horretarako, baina hemen bigarren iruzurrarekin egiten dugu topo. Unibertsitate pribatuak dira,baina milioika euro jasotzen dituzte dirulaguntzetan Urkulluren gobernuaren aldetik.
Duela hilabete gutxi jakin dugu Mondragon Unibertsitateak Basque Culinary centerren eraikin berrirako 24 milioi euro jasoko dituela Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Arantxa Tapiaren esanetan herri-estrategian kokatu behar dugu diru publikoarekin sustatutako ekimen pribatu hau. Herri-estrategia esaten dioten inbertsio horretara milaka euskal herritarrek ez dute sarbiderik izango, ezinezko baitute urtean milaka euro ordaindu bertan ikasteagatik.
Unibertsitate hauen argudioetan sarritan entzun behar izan dugu “irabazi asmorik gabeko” erakundeak direla. Nafarroako Unibertsitatea Klinika (Opus Dei) ere “irabazi asmorik gabeko” erakundea dugu, atera kontuak. MUn eta Deustuko Unibertsitatean, ikasleek 6000 eurotik gora ordaindu behar dute urtean euren ikasketak egitearren, graduren batean 14000 euro ere ordaindu behar dute. Orain artekoarekin nahikoa ez, eta duela urtebete EAJ-PSE-PP-VOX alderdiek euren bozkarekin bide eman zioten beste unibertsitate pribatu bati, EUNEIZ unibertsitateari, Basconia-Alaves taldeak irailean abian jarri duena, hau ere ondo elikatuko da diru publikotik, 33 milioi euro inguru eskatu dute europar batasuneko funtsetatik jasotzeko Innovaraba proiektuaren bitartez, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak ere laguntzak emango dizkiote.
Hezkuntza sisteman, osasun eta zaintza sisteman dugun arazo berarekin egiten dugu topo, Urkulluren gobernuak ez du sistema publikoan sinesten, gobernu honek saritzen ditu ikastetxe eta unibertsitate pribatuak eta pribatizazioaren bidea indartzen du, herritar asko bazterrean utzita.
Eskola Publikoko langileon nagusia, Jokin Bildarratz, azaroaren 5eko manifestazioaren biharamunean komunikabideetan haserre azaldu zen eta orduan gogorarazi zigun legebiltzarraren %90ak adostu dituela lege honen oinarriak. Argudio eskasa benetan kontseilariarena, non geratu da hezkuntza lege berria eraikitzeko egin nahi omen zuen prozesu parte-hartzailea? Eskola Publikoa osatzen dugunon ekarpenei entzungor egin die.
Egunotan Bildarratz jaunak esan digu, greba “prebentiboa” dela oraindik behin-betiko testua ez dugu eta. Lege berrirako oinarriak onartuta eta aurreproiektua onartuta, bidea ondo marraztuta dagoenean (norabide okerrean) zeren zain egon behar dugu greba egiteko? Kontseilari jauna, hobe greba prebentiboak lege baztertzaileak baino.