Grebak herri hobe bat izateko
Grebak herri hobe bat izateko –
Hain zuzen, langileen mobilizazioak puri-purian daude Hego Euskal Herrian: Estatuko greba guztien %55 dira, biztanleria %6 besterik ez den arren.
Bada, bai Cebek patronal bizkaitarrak, bai EAJk kezka adierazi dute gure herriaren berezitasun horrengatik. Patronalak dio “Estatuko eredurik okerrena” garela; elkarrizketa sozialeko mahaiekin eta CEOE, UGT eta CCOOen arteko itunekin amets egiten du (nahiz eta hor adostutakoak ez diren derrigor bete beharrekoak, ez duten KPIa bermatzen, mutualitateen boterea areagotzen duten eta emakumeei aplikatzen zaizkien kontratu partzialak prekarizatzen dituzten). Horixe da patronalaren gustuko eredua. Edonola ere, Cebek gezurretan ari da esaten duenean ELAk “greba lehen baliabide gisa” erabiltzen duela. “Azkena izan beharko litzateke, negoziazioa arrakastarik gabe bukatu bada”. Patronalak badaki, inork baino hobeto, greba beti azken aukera dela. Esaterako, Bizkaiko Metalean 20 bileten ondoren deitu genuen.
Cebeken beste esaldi hau ere ez da egia: “sindikatu guztiekin negoziatzen dugu, baina ELA da bakarra zeinarekin akordiorik ez dugun lortzen”. Jakina, ELA zorrotzagoa da eta horregatik hitzarmen hobeak lortzen ditu, baina duela gutxi sinatu ditugu Cebekekin Ehungintza Merkataritzako edota Zahar Etxeetako akordioak, hainbat greba egunen buruan.
Bestalde, duela egun batzuk Urkullu lehendakariak eta Andoni Ortuzarrek azken hauteskundeetan EAJk izandako boto galera aztertu zuten. Urkulluk dioenez, “Euskadi liderra da greba, manifestazio eta protestei dagokionez” zenbait arlotan “puntakoa” izan arren. Lehendakariak ezikusiarena eginagatik ere, bere esaldiak du erantzuna: Lan baldintzak hemen hobeak dira, baina ez berak agintzen duelako, mobilizazioak egiten direlako baizik. Egin beharko lukeen beste ariketa da protesten zergatiari erreparatzea. Ez da hain zaila: Osakidetzaren gainbehera, etxebizitza, bizimoduaren garestitzea… Horrek guztiak ez dauka zerikusirik lehendakariaren kezka nagusiarekin: gero eta polemika handiagoa pizten ari den AHTrekin.
Andoni Ortuzarrek ere protesta giroari egotzi zion boto galera: “Induzitua ote da, ala benetakoa? Ekintza adostua izan ote da une honetan giroa berotzeko?”. Nik ez daukat zalantzarik, Ortuzar jauna: benetakoa da, zinez. Zure lehen hutsegitea da sinestarazi nahi izatea protestak kanpainarekin hasi eta bukatu direla. Edonork daki protesta horiek herri honetako eguneroko ogia direla. Bizkaiko zahar etxeetako langileek maiatzaren 23an akordio bat sinatu zuten soldata 1.400 eurotik 1.800 euroraino handitzeko, baina horretarako urtebetez mobilizatu eta 68 egunez greba egin behar izan dute. Greben egutegia negoziazio mahaien araberakoa baita. Hain zuzen patronalak eta Eusko Jaurlaritzak blokeatzen dituzten mahaiak (Osakidetza), eta soilik grebari esker mugitzen direnak. Beste oinarrizko datu bat: ELAk erresistentzia kutxa ez zuen duela bi aste sortu, 1978an baizik.
Bigarren hutsegitea da greben zergatiei entzungor egitea: politika neoliberalen ondorioz aberastasunaren banaketa injustua da, desberdintasuna areagotzen ari da eta zerbitzu publikoak okertzen ari dira. Gainera, patronalak negoziazioak blokeatu egiten ditu, eta etekinak puzten ari direnean, KPIa ez dute jaso nahi (batik bat sektore feminizatuetan). Ez da harritzekoa hainbeste jende haserre izatea.
Paradoxa da grebak ezertarako ez duela balio esaten duten berberek orain hauteskundeetako beherakadaren arrazoia horri egoztea. Jendearen beharrizanak asetzen ez badira, amorrua zabaldu egiten da eta ondorio politikoak izan ditzake. Ondorio hori ezkerreko indarrei ere aplika diezaiekegu; oro har, moderazioaren bidetik joan nahi dute, ordena ekonomikoari aurre egin gabe, eta ez diete kapitalaren interesei ekiten. Ezkerra ere kezkatu beharko litzateke jendea politikatik aldentzeko joerarekin; besteak beste, abstentzioan islatzen da. Jendartearen haserreak erakusten du politika norantz orientatu beharko litzatekeen.
Urkullu jauna, ez ote du hauteskundeetan ondoriorik behin eta berriz botere ekonomikoen alboan agertzeak (Iberdrolako presidentea bere alderdiaren ekitaldi batera gonbidatu zuten)? Sakoneko arazoa ez ote da botere politiko eta botere ekonomikoak elkar hartuta jokatzea?
ELAk konplexurik gabe egingo du mobilizazioaren eta grebaren alde. Greba egin beharrik gabe sinatu diren akordio onak ere aurreko gatazka guztien emaitza dira. Greba eta mobilizazioak gurean jende askoren bizi baldintzak hobetzeko baliagarriak dira, eta horrek herri hobea izatea dakar.