Greba goiza Donostian
Goizetik somatzen zen baretasuna trafikoan, Donostiako sarrerarik erabilienean, Amarakoan. Autoen joan-etorria motelarazi du goizeko bederatziak aldera pasa den pikete-manifak.
Hamabietan zen hitzordua Bulebarrean. Ordulaurden lehenago talde handia zetorren Anoeta aldetik Sancho el Sabio hiribidean zehar. San Martin kalean, Antigua aldetik zetorren taldea batu zaio. Buenpas aurrean beste jende asko zain.
ELAko bandera berdeak eta LABeko gorriak ugari eta nahasian. Bakan baina presente EILAS, ESK eta abarren ikurrak. Hasierako pankartaren atzekaldean, Jon Anzaren argazkiak erakutsi dituzte batzuek.
Lasai egin du segizioak bidea Etxaide kaletik Bulebarrerantz. Turista bikote gazte bat, ilehoriak eta alemanez hizketan, sartu dira jendartean. Lehengo garaietan ez bezala, etorkinak aleka: beltz pare bat hemen, indiarra edo izan zitekeen kapeladuna… Gainerakoan, Gipuzkoa osoko hizkerak entzuten ziren.
“Esperientziadun jendea” bota du ironia tantaz gaurkoak lehengo garaiak gogorarazten zizkion analistak. Eta bai, ile-urdindu asko, baina gazteak ere ikus zitezkeen.
EHNEko hiru traktorek eta HIRUko hiru kamioik isten zuten manifestazioa, auto-erratzarena eginez. Kopuruak emango dituzte beste norbaitzuk, baina Udaletxe ondoan hitzaldia hasita zegoela, artean Etxaide kalean zihoazen azkenak.
Muxkilla