Greba egin lanean jarraitzeko #U30GrebaOrokorra
Greba egin lanean jarraitzeko –
Beti iruditu zait paradoxikoa “lan egiteko eskubidea” eta “greba politikoa da” bezalako aldarriak erabiltzea greba batekin bat ez egiteko, justuki lan egiteko eskubidearengatik egiten denean greba bera, eta greba bera denean ekintza politiko. Baina urtarrilaren 30eko greba orokorra ez da soilik lan arloko greba bat, ez eta neurri zehatz batzuen aurkako erantzuna. Alternatiba sozial baten eraikuntzan eta marko propioen ezarpenean dago bere indarra.
Badirudi makroekonomiak gorantz egin duela azken urteetan, baina hori ez da aberastasunaren banaketan islatu. Prekarietatea geroz eta ohikoagoa eta zabalagoa da, eta egoerari buelta emateko gaitasuna galduz doa. Baina Euskal Herriak baditu aise baliabide bere herritar guztientzat bizi baldintza duinak bermatzeko, eta gainera, Euskal Herriak baditu baldintza politiko eta sozialak gehiengoak sortu eta hemen eragiteko. Borroka konfluentzia bat sortzeko aukera erreala dago Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren baitan.
- Hamaika borroka sektorial eta lokal daude piztuta.
- Pentsionistek bi urte daramatzate kalean.
- Azken urteetan mugimendu feministak sekulako indarra hartu du.
- Larrialdi klimatikoaren gaia ere mobilizazio agendan kokatu da, barnebiltzen duen guztiarekin: elikadura eta energia subirautza, makroproiektuen aurkako jarrera…
Aldarrikapen taula
Azken ikerketen arabera 415.600 pertsona inguru pobrezian bizi dira Hego Euskal Herrian. Horietatik asko eta asko pobrezia larrian daude, eta profil ezberdinetako pertsonak dira: gazteak, etorkinak, lan prekarioenetan dabiltzan gizon-emakumeak… eta baita ere 400€-ko pentsioarekin bizirauten duten alargunak, andre helduak bereziki.
Datuak aipatzen ditugu, baina… jartzen al diegu aurpegia datu horiei? Hots, identifikatzen al dugu datuek diotena gure inguruan? Ene ustez “pobrezia” kontzeptuaren muturreko pertzepzio batek dirau indarrean oraino, eta gosez hiltzeko zorian dagoen pertsona datorkigu burura; baina pobreziak baditu beste mila aurpegi: elikadura, etxeko energia, garraio gaitasuna, aisialdia… Guzti horrek beste galdera bat sortzen du, paragrafo hasieran aipatutakoen haritik tiraka: identifikatzen al dugu pobrezia gugan? Beti dago norbait gu baino okerrago, eta beraz erraza da aldamenekoa “behartsuen” poltsan sartu eta norbera at kokatzea, betiko esamolde amorragarriekin ukendu psikologikoak emanez: “lana dugu eta ezin gera kexatu”, “pobreak baina ondraduak”, “behintzat osasuntsu gaude”, “hamaika dabiltz gu baino okerrago”… Zein da langilea ohetik jaiki eta ispilu aurrean hortzak garbitzen ari den bitartean “pobrea al naiz?” galdera luzatzen duen eguna? Mekanikoarengana eta dentistarengana egin beharreko bisitak hilabete berean kointziditu ez dezaten otoitzean hastean?
Hego EHn 150.000 lagun daude langabezian, eta horietatik 60.000-k 45 urte baino gehiago dauzkate. Noski, langabezia neurtzea erraza da; baina nola neurtu prekarietatea? Eurotan? Lan orduetan? Hildakoetan?
Bitartean Euskal Herriak burujabetzarik gabe jarraitzen du. Gasteizen eta Iruñean langileen aurkako hainbat erabaki hartzen dira, eta aldekoak hartzen direnean, maiz egiten dute tupust Epaitegi Konstituzionalean; eta gainera kupoa ordaindu behar diegu. Independentzia eta burujabetza beharrezkoak dira, besteak beste, bizitza duin bat izateko, eta Euskal Herrian aukerak dauzkagu bizitza duin baten aldeko gehiengoak sortzeko. Bide horretan, praktikaren poderioz demostratuko da errepublikar izateko modu pragmatiko bakarra independentista izatea dela.
Amurrainak begi, sei eskailuk hamabi. Ezberdinen arteko indar metaketa ematen da Euskal Herriko Eskubide Sozialaren gutunaren baitan, eta grebari begira egindako lanketak, greba egunak berak eta grebaren ondotik sortuko den eszenatokiak jokozelai berri batera eraman gaitzake.
#U30GrebaOrokorra
Oso ongi iruditzen zait greba orokorrera deitzea.
Halere, ez nago ados 35 orduko lan astearen aldarrikapenarekin.Lan astea 15 ordukoa gehienez beharko litzateke transizio modura.
Deshazkunde programatua( euskal herrian gutxienez kontsumo materialaren hirukoitza jaitsiaz, aztarnaren arabera)Elikadura burujabetza. Enerjia burujabetza. Egitasmo desarrolista guztien kontra. Funtzionamendu kapitalista guztien kontra. Heteropatriarkatuaren kontra.Lukrorik ez baliabide naturalekin eta pertsonekoekin.
Liberatu guztien kontra, baita GAINDEGIAko horren kontra ere .Auto antolakuntza eta autonomia errebeldearen alde. Bizitzaren alde.