Gorputza eta bihotza (bat)
Gorputza eta bihotza (bat) –
ENBATAk 60 urte
Gillom Irigoyen kazetari ohi eta kultur eragilea
2018ko maiatzaren 4ean Seaskako 3700 ikasle, haien erakasle eta burasoek danborrada bat aste batez muntatua Baionan desfila arazten dute, haur bakotxa metalezko ontzi batekin danbor gisa, klaseko bat danbor maior gisa, eta eskola bakotx aldarrikapen banderola batekin: ez ahantzi manifestaldi bat zela! 2015eko uztailaren 7an, Ortzaizeko atxiloketa mementoan, gomazko pilota eta lakrimoen artetik 500 presuna kantuz, dantzan, gitarra eta trikititxa baten soinuak lauzkaturik hasten dira, elkartasun mezuak hel araziz atxilotueri, Grégoire apezaren dizipulu diren RAIDeko robokopak, Voltairen erranaren(*) frogatzaile zuzenak izaiterat kondenatuz.
Borroka, globaletik lokalerat, kulturaz
Bi frente, biak abertzaletasunak sortuak eta bietan, kultura izerdi. Izerdi bat ohartu gabe, formakuntza akademiko gutirekin, bainan mainu herrikoiaren egunerokoak lurrun arazten duena. Horren ikustea nork pariatuko zuen 60. hamarkadan euskara eta euskal kultura hiltzerat kondenatuak zirenean? Abertzaletasuna bere lehen urratsetan zenean? Alta orduan sortu ekimenek mende erdia kilikatzen hasiak dira, (Korrika, Nafarroaren Eguna, Herri Urrats) Iparraldeko hitzordu guzien artean nagusiak, erraldoienak eta erreferentzialak bilakatuz. Politika oldartzeko, ekonomia herrian bizitzeko eta Euskal kultura herrikoia herritarra mugimenduan murgiltzeko: manifestaldiak Baionan eta antzerki taldea herrian, hots globala, politika … eta lokala, kultura! Horrela ere abiatu da abertzaletasuna. Euskal Kulturaren lehen lana, kondenatua zen folklorismotik ateratzea izan da nortasun berri bat sortuz eta beretuz, bere espazioa urratuz: kantariek zuten ildoa ideki (Soroak, Mixel Labeguerie, Ez dok Amairu ….), antzerkiak erein, dantzak lorestatu, bertsuak kukulatu hamarkadaz hamarkada. Abertzaletasuna mespretxatua zen euskaltzaletasunaren zauriak sortu du eta zauri hortako sako mingarriena, desagertzen ari zen hizkuntza eta haren kultura izan da eta da oraino, euskaldunen askok bihotzean daukaguna, izan abertzale edo ez.
Menperatzaileak lehen onarmena
Zauri horrek desmasia haundiak egiten ahal ditu, bai jendeen baitan, hortaz agintariak ez dira kexu, bainan ere oldartze iraunkorren erroak elikatuz, eta horrek poderea daukatenak hunkitzen ahal ditu. Goizik untsa hori ulertu duena, Estado frantsesa bera izan da, lehen instituzio gisa eskainiz Iparraldeari Euskal Kultur Erakundea, Barne Minixtro batek ideki zuena nunbaitik ere, erakutsiz bere kargua lekuko, kultura, A kategoriako harma bat dela. Harma bat bi ahoetakoa: kultura politika bat askatzailea izan daiteke, bainan ere zauri horren lokar arazle, kanpoko ereduekin diglosian administratua bada. Beharrik ere gure kontrabandista iragana ez dugula galdua eta askotan jakin dugula estadoak onartzen duena baliatzen, kontrolatzen ez duenaren hazteko… Eta tresna berriak beti sortuz ….. Uztariztarrek Bettelurekin moldatu mutxiko kazeteak mutxiko klaseak ernaldu ondoan, Baionako Bestetan Dantzazpi sortzen zen zazpi probintzietako euskal dantza eta Besteri, orain ezinbestekoa den tresna bat emanez. Hastapeneko ideia zelarik Bestetan Euskaltasunari leku baten emaitea, naturalki, nihungo aintzin diagnosiarik egin gabe. Egin zen beharrezkoa baitzen lekuan lekuko urratsen (kasu huntan dantza urratsa) egitea, jendarte osoan euskal hatsaren auspotzeko. Ber gisan, lekuko ikastolek sortu zuten Baionan Kantuz, han hemenka abiatu kantu eskoler eta euskarari kantu herrikoiaren bidez plaza bat emanez, hor ere zazpi probintzietan hedatu delarik eredua, erran araziz Karrikaldiko ikuslier bati “Tout à l’heure ils (les Basques) dansaient et maintenant ils chantent”.
Hiriko plaza
Gainerat bi kasu horietan, hiri erdian bizi da gure kultura. Parisetik probintziala dena eta hirietan pluken kultura dena, orain Bestetako afitxetan da, hitzordu kurritu bat frantsesez erraiten den bezala, izan herri ala hiritan, eta/edo hilabetean behin haien karriketan. Efetu egiten baitu, plazerrak, jeinuak eta transmisoak akulaturik, Euskal kultura herrikoiak karrika betean nihungo tresneria eta gothako artista famaturik gabe jendea dantzan eta kantuz ar arazten ikusteak. Egin molde hori arras egokitua baita hiriari bestalde; egun bat eta tenore bat aski dira jendearen biltzeko erritualki, leku populatuetan errex baita multxotzea, plaza eder bat – eta horien eskasik ez da – hautatzea salbu. Sortzen du giro airos bat, zentzua duen animazio bat, Euskara eta Euskal kulturaren ezagut arazteko eta partekatzeko manera bat, harremana adin guzien artean indartuz, emozioa piztuz, besteak beste hautuz berriz egitean haurtzaroan burasoen eskutik ezagutu zena. Hots gizarte baten kohesioak behar dituen guziak ekartzen dituzte hitzordu jarraiki eta nahiant horiek, Euskal kulturaren taupadean, denboran eta betitik zuen funtzioaren haritik, bainan orain plaza guzietan izan hiri ala herri.
.
(*) “Le fanatisme parle basque” – Grégoire apeza ; “Ce petit peuple qui chante et qui danse aux pieds des Pyrénées” – Voltaire