Gogoan ditut
Gogoan ditut –
2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako asko tratu txarren zantzu nabariekin, baina ez zuen ezertxo ere egin.
Are gehiago, Garzonen protokoloa ez zuten praktikara eraman: galdeketak ez ziren bideoan grabatu, familiei ez zieten atxilotuak non zeuden jakinarazi, eta inoiz epaileei atxiloaldian izandako gorabehera baten berri ematen bazieten, informazio horrek ez zuen inoiz aldaketarik ekarri inkomunikazioan.
Auzitegi Nazionaleko areto batzuetan soilik onartu zuten atxilotuari konfiantzazko mediku batek osasun-azterketa egitea, baina epaitegiko mediku forentseak lagunduta. Hori dela-eta, Jaiki Hadi elkarteko mediku batzuk horretan aritu ginen.
Oroitzapen ezabaezina dut atxilotze zentro makur haietatik irtetean sentitzen nuen tristuraz, ezintasun eta atsekabe sentsazio sakonaz. Izan ere, ate haiek zeharkatzean, banekien pertsona jipoituak uzten nituela barruan. Eta zoritxarrez, oso laguntza eskasa eman ahal izan genien, zeren, egia esan, guk egindako txostenak epaitegiko paperontzira botatzen zituzten. Esan gabe doa torturen biktimen sufrimendua bakardade absolutuaren isla dela; torturatzaile horien esku sentitzen baitute gizaki gisa inolako baliorik ez dutela, alegia, ez direla inor eta ez direla ezer ere.
Urte batzuk geroago, 2016an, legebiltzarrean eratutako Polizia Gehiegikerien Balorazio Batzordeak biktimen inbentario bat hasi zuen. Orduan sentitu nuen, eta berretsi dut orain, inoiz ez dela borondaterik izan Poliziaren gehiegikeriak aitortzeko. Torturak agindu, babestu, legitimatu eta gauzatu zituztenek estatu-arrazoian jarraitzen dute, beren boterea legitimatzeko estrategian. Joan den asteko adierazpenak ikustea besterik ez dago.
Orain dela aste batzuk, batzordeko partaideek ohartarazi zuten ez zutela jarraituko lanarekin, baliabide faltagatik. Txostenean, aitortutako 93 pertsona bildu dituzte, eta hor bukatzen da ikerketa… Agian, kolektiboki onargarriak diren kontakizun batzuetan oinarritutako identitatea sortuz joan gara, oroitzapen txarrak eta erabaki kaskarrak saihesteko.
Baina uste dut batzuk ez gaudela inongo historian islaturik, ezta inongo kontakizunetan ere. Ematen du ez ginela existitu, besterik gabe, une batean horrela izan behar zuela erabaki zutelako. Eta, hala ere, gogoan ditut torturaren krudelkeria jasaten ikusi nituen pertsona guztiak, eta bizi naizen artean, nigan, bederen, inpunitatearen aurkako babeslekua izango dute.