Globalizazioaren badian

Globalizazioaren badian –

“Norbere pribilegioak printzipioen gainetik jartzen dituenak, laster biak galtzen ditu”

Dwight D. Eisenhower

Globalizazioaren badian
Arg: infogelairekia

Gustuko lekua dut Donostiako Kontxako badia. Lasai paseatzeko leku polita iruditzen zait.Duela zenbait urte, udazken arrats batean, bertatik oinez nindoala, itsasoko uraren gardentasunari so eginez geratu egin nintzen. Hartan, paisaia ederra kolpatzen, eta gardentasun erabatekoa apurtzen zuten hiru objektu arrotz begiztatu nituen urertzean: Coca Cola botila huts bat, McDonaldseko hanburgesa baten plastikozko ontzikia eta Lucky Strike markako zigarro pakete higatu bat. Hasieran, tristura pixka bat eragin zidan honek. Jarraian, ordea, globalizazio gisa ezagutzen dugunaren metafora esanguratsua iruditu zitzaidan.

Izan ere, aipatu globalizazioa nazioarteko merkatuaren inoizko antolaketa aurreratuena gisa aurkezten dute. Zerbait berria, osoa eta hobezina. Haatik,egungo globalizazioa, funtsean, soilik ekonomiko-finantzarioa da. Neoliberalismoaren adierazpide gorena. Pentsamendu bakarra (eta ideologien amaiera) aldarrikatzen zutenen eraikuntza bat.

Garapenaren ondorio ekidinezina bezala saltzen zaigu, eta bertan, administrazio publikoek ez dutela esku hartu behar aldarrikatzen. Merkatuko eragiketek erabateko askatasuna behar baitute. Horrela soilik, merkatuak, Adam Smith-ek aipatu esku ikusezinaren bidez, pobreziarekin amaituko eta guztiontzako aberastasuna ekarriko ei du.

Errealitatean, ordea, inperfekzioak agerian geratzen dira: Urtetik urtera handiagoa da herrialde dirudunen (globalizatzaileen) eta txiroen (globalizatuen) arteko diferentzia. Lehenek agindu eta hautatzen dute; bigarrenei onartzea besterik ez zaie geratzen. Lehenak gutxiengoa dira, gero eta gutxiago eta dirudunagoak. Bigarrenen baitan lurrazaleko gehiengo zabala aurkitzen da, gero eta ugariago eta txiroago. Baliabideen banaketan desorekak gero eta larriagoak dira.

“Merkatua askatasuna da” lemaren doinupean, fluxu ekonomiko-finantzarioak maximora liberalizatu dira, herritarrok inoizko askatasun gutxien dugun garaiotan. Dirua pertsona baino askeagoa den aroan. Eragiketa espekulatiboei alfonbra gorria jartzen zaie, biztanleon artean harresiak eraikitzen dituzten bitartean.

Hala, korporazio erraldoien boterea etengabe areagotuz doa, gobernu lokalen kaltetan. Erabakitze ahalmena gobernu demokratikoetatik (interes publikoa) enpresa handietara (arlo pribatua) igaro da. Enpresa horietako bakar baten urteko mozkinak hainbat gobernuren aurrekontu osoak baino handiagoak izaki. Ondorioz, guztioi eragiten diguten gaietan multinazional pribatuek hartzen dituzte erabakiak, euren onura eta interesen mesedetan. Egun, korporazio horiek dira gobernuen politikak zuzentzen dituztenak, eta ez alderantziz. Arlo publikoa kontrolatzearekin batera, merkatuko eskaintza guztia ere bereganatu egiten dute, beraien baldintzak inposatuz eta lehiakide txiki lokalak zanpatuz. Interes pribatua kolektiboari nagusitzen zaion testuinguru honetan, nola bermatzen dira gehiengoaren interesak?

Era berean, globalizazio ekonomiko honek badu kutsu kultural bat ere, akulturazioa sustatzen duen heinean. Gure aisia, ohiturak, jokamoldeak, zaletasunak, estiloak… gero eta uniformeagoak dira. Munduko biztanleon bizitza homogeneizatu egin dela dirudi, eredu zehatzak mundu osora hedatu balira bezala; eremu globalak lokala estali izan balu bezala.

Horrenbestez, gure arteko aniztasun kulturala ezabatzen doan neurrian, desberdintasun ekonomikoak eta sozialak etengabe areagotu dira. Urtetik urtera, hizkuntza gehiago desagertzen diren bitartean, gorantz doa pobrezia zein gosetea pairatzen dutenen zenbatekoa. Babestu beharreko desberdintasunak gutxitzen doaz; gainditu beharrekoak, aldiz, areagotzen.

Mundu mailako arazoak ikusita, logikoa deritzot globalizazio motaren bat komenigarria dela adieraztea. Baina inolaz ere ez egungoaren terminoetan. Finantzez gain, ongizatea, justizia, osasuna, hezkuntza, elkartasuna… benetan ezinbestekoa zaigun dena guztien esku jarriko duena baizik. Guztion beharrak asebetetzea erdietsiko lukeena. Adierazle ekonomikoez gain, irizpide sozialak, etikoak, kulturalak, ingurumenekoak ere kontuan izango lituzkeena. Pertsona epe laburreko mozkinen gainetik kokatuko lukeena. Elkarrekin lan egitea bultzatuko duena, gainontzekoak etsai gisa ikusi ordez. Kolore anitzeko eremu lokalak errespetatuko lituzkeena.

Kontxako badian, hiru objektu haiei begira, globalizazioa kanpotik zetorren zerbait iruditu zitzaidan. Duela gutxi, ordea, lagunarteko solasaldian, batek globalizazioa (edota kapitalismoa) ez dela kanpoko zerbait adierazi zuen, norberak bere barnean daraman zerbait baizik. Adostasuna agertu nion. Gauzak aldatzeko lehenik norberak aldatu behar duela, eta denok egin dezakegula zerbait sinesten dudalako. Norbere pribilegioak alboratu, eta barneko printzipioen arabera jokatzera ausartzeko garaia da. Zaila izan arren, aukerak eta adibideak egon badaude.


*Gai honen inguruan, Jose Luis Sampedroren “El mercado y la globalización” liburuaren irakurketa zinez gomendatzen dut.

Globalizazioaren badian  Globalizazioaren badian

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude