Gizonak grebaren aurrean

Gizonak grebaren aurrean –

Iker Eizagirrek, Andoni Olariagak, Joseba Permachek eta Floren Aoizek, Iratzar taldeko kideek, ERRIAn.


Azaroaren 30ean zaintza eskubide kolektiboaren aldeko Greba Feminista Orokorra izango da Hego Euskal Herrian. Emakumeak* zein gizonak gaude deituak grebara, alegia, jendarte osoarentzako greba orokorra izango da.

Gizonak grebaren aurreanAitortza batetik hasi nahi dugu gogoeta hau: gizonen artean badugu joera feminismotik datozen aldarrikapenak partzialak bezala ulertzeko. Joera esplizitua ala inplizitua izan daiteke, baina halaxe izan ohi da. Hain zuzen, aurreko jarrera munduan egoteko modu bat da, kultura honetan jaio eta hezituak izan garen heinean, gainean daramagun ikuspegi heteropatriarkala da, finean. Gogoetaren abiapuntua hori izan behar da.

Abiapuntua hori izanik, iruditzen zaigu greba honek jendarte berri batera bidean duen gaitasun inpugnatzailea ez ulertzea errealitate sozialaren analisi kamuts baten ondorioa baino ez dela. Zaintzaren auzia borroka partzial bezala irudikatzea gizon txuri eta heterosexualok batailaren zentrotik alde egiteko daukagun erresistentzien erakusle baino ez da. Izan ere, berdin eman beharko liguke bandera gorria, berdea edo morea soinean eramatea mundu justuago baten eraikuntzan aurrera urratsak emateko aukerak baleude. Kasu honetan, ez dago errotiko proposamen inpugnatzaile honek bezala horrenbeste jende mobilizatu eta sektore artikulatu dezakeen beste mugimendurik gaur gaurkoz Euskal Herrian.

Baina zer da gizonek greba honen aurrean izan beharreko jarrera? Hasteko eta behin, protagonismorik ez izatea dagokigu, baina aldi berean, jarrera aktiboa izatea. Jarrera aktiboa izatea ez da lehen lerroan egotea, baizik eta gizon bezala dagozkigunak egitea, inori itxaron gabe. Aurreko ideia horri tiraka, iruditzen zaigu baditugula egiteko eta desegiteko korapilo argiak, grebara bidean bai, baita grebaz harago ere. Hasteko ezin dugu greba hau gurekin ez doan ekimen bat balitz bezala hartu. Arduraz jokatzea dagokigu, berekoikeria baztertu, mugimendu feministak bultzatutako ekintza kolektiboak lehenetsi eta greban aktiboki parte hartuz. Eta bigarrenik, mugimendu feministak bidea jada erakutsi duelarik guri dagokigu aginduak edo argipenak jaso gabe gauzak aldatzeko borondatea erakustea.

Gure betebeharra da greba hau antolatu (lehen lerroan egon gabe) eta ondo atera dadin ahalbidetzea. Izan ere, hau ez da emakumeen greba edo kontu bat, guztiona baizik. Grebaren planteamendua prozesu bat dela ulertzen dugu, ez soilik egun bat, aldaketa kultural eta politiko oso bat dakarren prozesu bat baizik. Horrek, gizonon aldetik epe laburrerako eta epe ertain-luzera egin beharrekoak uzten dizkigu. Batetik, grebaren potentzial iraultzailea ulertu eta gizonon papera ongi ulertzea eta barneratzea dagokigu, horrek militantzia eredura ekartzen dituen aldaketak ulertu eta barneratzea. Bestetik, epe ertain luzerako bataila bati ekin behar diogu, orain arte egin ez dugun indarrarekin; betaurreko moreak jantzi eta gizontasun hegemonikoaren deseraikuntzan pausuak azkartzeko garaia da.

Gaur egun kolektibo eta indibiduo bezala sufritzen dugun zapalkuntza aldeanitzeko sistema honi aurre egiten dion mugimendu eta agenda apurtzaileagorik ez dago, bizitza eta kapitala oposatuz lehenengoaren alde saretzen eta artikulatzen den mugimendu feminista baino. Elkar zaintzen duen Euskal errepublika bat bada guztion zerumuga, hurrengo greba feminista orokorrak gure lehentasuna behar du izan. Beraz, gizonok ere hartu dezagun dagokigun ardura eta parte hartu dezagun greba honetan protagonismorik gabe baina aktiboki.

Gizonak grebaren aurrean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Gizonak grebaren aurrean”-ri buruz

  • “Gizon txuri eta heterosexualok’ ote gara zaintza munduan zehar emakumezkoek egin dezatenaren errudun??? Ekialdean, zein hegoaldean egoera bera da, eta errua gurea da??? Eta benetan, bakarrik herri kapitalistetako “gaitza” dela uste duzue? Cuban, Venezuelan, Txinan, Vietnamen, Ipar Korean,… Desberdina dela uste duzue???

  • Euskahaldun 2023-11-29 12:58

    Nafarroan, aste baten bakarrik, lan istripuz bi hildako izan dira, biak gizonezkoak. Hego Euskal Herrian dagoeneko, 51 hildako izan dira aurten. Denak gizonezkoak. Zaintzan hildako emakumeak: 0. Lan istripuetan hildako emakumeak aurten: 0 patatero. Hortan datza hein handi baten soldata arrakalaren arrazoietako bat. Soldataren osagarri espezifikoa, arrisku osagarria, alegia. Espezializazioaren osagrria bestea. Eta hala ere, bi osagarri hoiek, gehien-gehienetan, era prekarioan ordaintzen dira. Gizon ala emakume, zuri ala beltz, heterosexual ala lgtbqrxzky#@+ izan, baldintza prekarioagoetan nor ote dagoen lehiatu beharrean, elkartu eta kolektibo moduan baldintza duinak eskatu beharko genituzke, beste lanbideen baldintzak gutxietsi eta langilegoaren arteko gerra antzu honetan iparra galdu barik.

  • Zaintzarena, gainerako gauzak bezala, gizarte osoaren ardura dira, noski. Gauzak horrela, ez al genuke aldaketa gizarteko kide guztion artean antolatu beharko, emakume/gizon, argal/gizen, zuri/beltz ala beste edozer izan?
    Emakumeek gizartean dagokien lekua har dezaten diskriminazio positiboa aplikatzea ezinbestekoa da, esaterako, postu ikusgarrienetan gutxieneko emakume kopurua jarriz, baina guztion arazoa den zerbaitetan, guztiok eragin behar badugu, formula egokia al da batzuk bakarrik (emakumeek) parte har dezaketen taldeek gauzak antolatzea eta besteek amen esan behar izatea? Ez al du horrek, arazoa, bakarrik batzuen arazoa delako ideia hareagotzen?

  • MIE, postu ikusgarrien kontua konpetizio sexualaren eragina da. Eta ez da bidezkoa postu ikusgarrietan berdintasuna eskatzea, eta ez eskatzea meategietan, eraikuntzan, basozaintzan… Batzuk ikusia izan nahi dute. Guk bizi nahi dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude