Gizon ozpindua

Gizon ozpindua –

Gizon ozpinduaOstiral batean, Iruñeko Udal Hirigintza Batzorde batean ginela, ez dakit nola eta zergatik hasi ginen, baina kontua da, euskararen gaia zela medio, Ignacio Perez Cabañas kultura zinegotzi delegatua, biziki haserretu zela nirekin, iritzi ezberdinak genituelako afera horren inguruan. Berak defendatzen zuen, Iruñeko Udalak nahiko eta gehiago egiten zuela Nafarroako hizkuntzarik zaharrenaren alde, eta, nik, ezetz, noski! Alde batetik, euskara bertakoa izanik, zaharrena izanda, erromatar inbaditzaileak iritsi zirenerako, hau da, garai hartarako hemen erabiltzen zen mintzaira izanik, ez zegoela behar bezain ongi zaindua, babestua, bultzatua, sustatua, erabilia eta abar, eta, bestetik, gobernu eta administrazioetatik hamaika debeku eta oztopo jartzen zitzaizkiolako, gaur egun bezala. Berak baietz, nik ezetz. Ez genuen modurik izan elkarrekin ados jartzeko eta era baketsu batean bukatzeko.

Azkenean, Hirigintza Batzordea amaitu zenean ere, hantxe jarraitu genuen biok, tirabiran, udaletxeko korridoreetan barrena, norberak bereari eusten ziola, harik eta, azkenean, norbera bere aldetik joan ginen arte.

Agintaldi hartako lehenengo osoko bilkuran ohartu nintzen zer-nolako pertsona zen kultura delegatu jaun hura, alegia, harroxko samarra, non, norbaitek botatzen baldin bazion hitz zakartxoren bat, hark erantzuten baitzion hitz itsusi mordo oparo batekin; ez zen motz eta kikilduta gelditzen.

Haiek hala, eta hiru egun igarotakoan, alegia, astelehen goiza iritsi zenean, berriz ere egin genuen topo, udaletxeko korridore berean, Perez Cabañasek eta biok. Nik, ordurako, ostiraleko liskarra, aparkatua neukan burmuineko gela txiki eta itxi batean, baina, berak, antza denez, ez, eta, berriz ere, hantxe hasi zitzaidan, muturbeltz eta mingostuta, euskararen gaiarekin, gora eta behera. Nik, aski genuela esan nion, eta, orduan, berak niri leporatu zidan, euskara, euskal kultura eta oztopo arkitektonikoen “azpigaiei” buruz baino ez nekiela hitz egiten…

Huraxe izan zen, Iruñeko Udaleko kultura zinegotzi delegatu, ustez, bete-beteko eta kultu hark, gai haien inguruan zeuzkan kontzepzioa eta iritzia.

Gizon ozpindua

Auritz. Idazlea