Gizartearen zerbitzura dagoen tokian tokiko polizia

Gizartearen zerbitzura dagoen tokian tokiko polizia –

Euskal Herriko herri eta hirietan jai eta uda giroa nagusituko da, eta tokian tokiko poliziek lan egingo dugu giro horretan herritarrek euren eskubidez goza dezaten berme guztiekin. Horregatik, oraintxe da unea salatzeko zer nolako bitarteko urriak ditugun sasoi honi aurre egiteko; areago jende gehien pilatuko den lekuetan.
Gizartearen zerbitzura dagoen tokian tokiko polizia

Tokian tokiko polizietan aldi baterako enplegua %30 baino handiagoa da. Gainera, langileak etengabe txandakatzen dira eta arazo larria da hori gure lana ondo egiteko. Era berean, bitarteko kontratu gehiegi daude, baita trebakuntzarik jaso ez duten poliziak edota lanpostu bat baino gehiago dutenak ere, besteak beste.

Hurbiltasuna eta prebentzioa ardatz dituen eredu polizialak eskatzen du ezagutzea lan egiten dugun lekuko idiosinkrasia, komunitateko eragileak eta biztanleriaren ohiturak. Bada, eredu horren kontrako bidean goaz LEPak dakarren txandakatzearekin eta behin-behinekotasunarekin zein Segurtasun Sailaren poltsa bateratuarekin (azken hori udal askok bere egin dutena).

Tokian tokiko polizietan ezarritako langile ratioak ez dira nahikoak. EAEko ratioa Europar Batasunak eta beste erakunde aipagarri batzuk gomendatzen dutena baino txikiagoa da; ondorioz, gure lana ezin dugu egin nahiko eta beharko genukeen moduan.

Gainera, tokian tokiko poliziei ukatu egiten zaie negoziazio kolektiborako eskubidea. Hamarkada honetan erosahalmenaren galera ia %20koa izan da.

Bestalde, lan osasuneko arazoak eta arrisku psikosozialak areagotu egin dira lan karga gero eta handiagoa delako, behar beste langilerik ez dagoelako, etab. Eremu honetan kalte nabarmena eragiten dute aginte-kateari buruzko prestakuntza eta ezagutza faltak, polizien trebakuntza eta birziklatze gabeziek eta zenbaitetan lidergo toxikoek.

Sarri gertatzen da botere politikoak ez duela tokian tokiko polizia errespetatzen, eta komeni zaion moduan baliatzen duen arma politikotzat hartzen du; propio behar baino baliabide gutxiago ematen dizkigu. Boterearen asmoa da unean uneko interes politikoen esanetara jartzea. Horrek zikintzen du poliziak herritarren aurrean duen irudia, eta arriskua sortu tokiko polizien zein herritarren osotasun fisikoari dagokionez.

Botere politikoa ikuspegi hertsagarriagoa hartzen ari da tokian tokiko polizian, eta arta nahiz prebentzio funtzioak bigarren mailan uzten ditu. Administrazioarentzat merkeagoa da langile gutxiagok osatutako polizia, beti ere armatuta badago, eta ez polizia gehiago jartzea, beharrezkoak izan ez daitezen hain protokolo erasokorrak. Ikuspegi hertsatzailea bada ere murrizketa publikoen ondorio bat.

Era berean, beste gizarte esparru batzuetako aurrekontuen gabeziak estaltzeko eta politika antisozialak kamuflatzeko, ikuspegi polizialetik enfokatzen dira hainbat egoera. Ondorioz, poliziaren lanari ez dagokion esparru batean kokatzen zaigu, eta askotan gizartearen arbuioa jasotzen dugu.

Prestakuntzari dagokionez, xede bat du Arkauteko akademiak tokiko poliziari ezarri dion ereduak: euskal polizia ezberdinak berdinak balira bezala tratatzea, eta ekintza hertsatzaileak eta herritar segurtasuna lehentsi egiten dira eginkizun asistentzial edo soziala gutxietsita. Trebakuntza asko hobetu daiteke, besteak beste, lan eta giza eskubideetan eta eskubide kolektiboetan.

ELAko afiliatu garen aldetik, nabarmendu nahi dugu gaitasun kritikoari eusten diogula bizi diren egoeren aurrean; horiek gehienetan salatu ditugun gabezia guztien ondorioa besterik ez dira.

Korporatibismo toxikoak sustatuta eta herri administrazioen eta sindikatu korporatiboen interes nahasien ondorioz, kargu hartu ohi digute gure posizioa dela eta. Baina uste dugu irakurketa horrek zilegitasuna ematen digula egunerokoan herritarrei errespetua eskatzen diegunean, hurbiltasuna eta herritarrekiko lankidetza oinarritzat duen polizia eredu baten alde ari garenean.

Uda honetan lagatzen diguten profesionaltasun guztiarekin egingo dugu lan. Gure lehentasuna beti izango da  zerbitzu publikoa eskaintzea.

 

Sinatzaileak: ELAko kideak udaletan:

Aitor Asla (Arrigorriagako Udala)

David Kote (Gasteizko Udala)

David Fernandez De Gamarra (Arrasateko Udala)

Mikel Alaña (Bilboko Udala)

Jon Osa (Errenteriko Udala)

Ibon Txakartegi (Lekeitioko Udala)

Paxo Olazabal (Zarauzko Udala)

Iñigo Apoita (Abadiñoko Udala)

Mikel Saldias (Azkoitiko Udala)

Sendoa Arroyuelo (Galdakaoko Udala)

Ibón Undabarrena (Derioko Udala)

Jonan Gorostiaga (Derioko Udala)

Gizartearen zerbitzura dagoen tokian tokiko polizia  Gizartearen zerbitzura dagoen tokian tokiko polizia

Elkartasuna, eraldaketa eta justizia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude