Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

Gizarte Segurantza propioa –

Gaurko elkarretaratzearekin, nahiz eta horretarako baldintzetan ez egon lantokira joaten diren langileen egoera ezberdinak salatu nahi izan ditu LABek, bajan egoteko eskubidea argi eta garbi urratzen diren egoerak. Lan fisiko errepikakorrak, Langileen Estatutuak dioenaz harago estaltzen ez diren gaixotasun konpentsazioak, langileek borondatezko alta eskatzeko larderiaz galdekatzen dituzten mutualitateetako medikuak… Horrek guztiak argi uzten du enpresek osasunarekiko eta lan arriskuen prebentzioarekiko duten kezka falta.

LABen iritziz, prekaritatea ere bada gaixorik egonda lanera joatea edo osasunari kalte egiten dioten lanetara joatea hori eragozteko inolako neurririk hartu gabe. Zentzu horretan, LABek gogora ekarri nahi ditu bi garbitzaileren kasuak, euren lanpostuetara itzultzera behartu zituztenak, nahiz eta mugitzeko batek gurpil-aulki bat eta bertzeak taka-taka bat erabili, INSSek ez zielako euren ezintasun iraunkorra aitortu. Zoritxarrez, ez dira egoera tamalgarri horretan dauden lehenengoak, ezta azkenak ere.

LABek osasun eta prebentzio gehiago eskatzen du, eta kontrol eta presio gutxiago, eta Nafarroako langileen beharrak erdigunean benetan jarriko dituen Gizarte Segurantza propioa ere aldarrikatzen du.

Azkenik, gaurko elkarretaratzearekin LABek ekintza sindikalaren balioa azpimarratu nahi izan du, lan eta bizi baldintzak hobetzeko modu kolektibo bakarra delako. Antolatu eta borrokatu egin behar da, egoera indibidualak salatzetik erantzun kolektiboak antolatzera, prebentzio planak egitetik kalera ateratzera guztion eskubideak aldarrikatzera. Ekintza sindikala tresna baliagarria da langile klase guztiarendako, sektore batzuen atomizazio eta prekarizazioari aurre egiten diolako eta, borroka ezberdinak bateratuz, bizitza duina ahalbidetzen ez duen sistema oso bat inpugnatzen duelako.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude