Gizarte gero eta arrotzagoan urturik!

Gizarte gero eta arrotzagoan urturik! –

Lantokian ez ezik aisialdian ere sozializatzen gara, eta lehenago herriko plazan eta inguruko tabernetan jende ezagunaren artean bezala, egun gero eta gehiago, gehienok bizi garen hiriguneetan behintzat, saltoki handiko denda handietan -elkarri atxikiriko multinazional handien establezimenduek osaturiko espazio antolaketak eta jende-pilaketak sorturiko giro berezian, musika global ingeles-amerikanoaren aire inpertsonalean-, ardurenik, elkarrekiko arrotz garen gizakiak, halako giro inpertsonal globalizatuan, euskal girotik deus ez duen atmosferan.

1936ko gerraondoan, lehenbiziko olatuak Gaztela-Andaluzia eta Galiziatik etorri ziren bizimodu hobearen bila, eta baldintza politiko-kulturalak zirenak zirelako, euskal gizarteak ezin izan zituen asimilatu, gehiago gertatu zen asimilatua, eta XX. mendeko azken bi hamarkadetan, batez ere irakaskuntzan egindako ahaleginagatik, asimilazioan pixka bat atzera egitea lortu bazen ere, XXI. mende honetan, bigarren olatu globalarekin gero eta asimilatuagoak eta arroztuagoak gaude euskaldunok. Ez dirudi, baina, kezkaturik gaudenik.

Berriki Ordiziako ikastetxe batean gertatu da istilua. Tirabiraren azterketa zehatza bazter utzirik, errepara datu honi: Goierriko herri horretan, eskola publikoan dabiltzan eskola-umeen %37k guraso atzerritarrak ditu. EAEn, batez beste, jaiotza-tasei doakienez, %28 dira guraso atzerritarrengandik jaioak, eta Araban %40. Denok dakigu jaiotza-tasa apaletan gabiltzala hemen -emakumeak lan-munduan sartu izanagatik eta umeak izateak lehen zuen balioa egun ez duelako, besteak beste-, eta atzerritarrek haur gehiago izaten dituztela -faktore bat izan daiteke emakumeak gutxiago lan-munduratzen direla, eta gurean baino garrantzi gehiago ematen dietela familia izateari-. Hori guretzat eramangarria al da? Suizidio kolektiboaren bidean?

Madrilek kontrolpean eta mendean duen marko autonomiko honetan, hona datorren atzerritarra gisa da espainol sozializatzea, espainiera erabiltzea bertako jendeak ere hein handienean darabilen bezala, eta praktikan ehunetik laurogeita hamabostetik gora, euskalduntzetik arrotz gelditzea.

Gizarte gero eta arrotzagoan urturikEsan beharrik ez dago fenomenoa globala dela eta ez lokala. Europa industrializatura jendea bizimodu materialki hobearen bila dator. Askotan engainatuak, hemen paradisua aurkituko dutelakoan. Enpresaburuak gustura dira; atzerritarren bitartez soldatak apaltzea lortzen dutelako. Hona datozenak askotan biktimak dira, noski, euren jatorrizko herrietan aberastasuna ongi banatua ez egotearen biktimak, eta, zer esanik ez, gerretatik ihesi datozenen kasuan, baina migratzaile ekonomikoengatik ari naiz.

Konponbide zaila du; kapitalismoak ez du garapen orekatua bermatzen, eta desberdintasun sozialak aprobetxatzen daki, baina gure kasuan lehendik ere bageneukan arazoa areagotu egiten du. Gure Euskal Herria urtuko da, diluituko da espainol eta frantses gizartean asko baino lehen erreakzionatzen ez badugu.

Behartsuak ezin ditugu bidali, eta ez gara intsolidaritatea bultzatzen ari, baina neurriak hartu beharrean gara, besteak beste, gurera datozenei ere bizitza duin samarra ziurtatzeko eta ez nolabaitekoa. Irakaskuntzan banaketa orekatuak dira beharrezkoak; lan-hitzarmenak guztientzat, eta jaiotza-tasei buelta emateko neurriak hartu beharrean gara, enpresaburu eskrupulugabeek kanpora jo ez dezaten langile merke bila.

Duela berrogeita hamar urte inguru, Nemesio Etxaniz apaiz euskal idazleak teorikoki egoki planteatu zuen gaia: “Guk, beste aldetik, ez karidade aldetik eta ez beste inundik, ez daukagu geure izatea ta etxea ondatzeko lain jende artzeko obligaziorik. Gureak baino askoz indartsuago ta zabalago diran errietan, kanpokoak ez dira artzen nolanai; baizik angoak ar ditzaketen neurrian (…) Guk ere ez degu euskalduntasuna galtzeko obligaziorik, kanpokoak gurean neurri gabe artuta. Bakar-bakarrik gure etxea ta izatea ondatu gabe artu ditzazkegunak artu bearra degu (“Gure txistulariak eta gazte traketsak” in Zeruko Argia (1965-6-6)). Hori egin ondotik: “Kanpotik sartu zaizkigun oiek, gure egitea; biotzez euskaldun biurtzea. Onela gure artean pozik artu ta ikusiak izango dira ta oien seme-alabak, gureak bezain etxekoak izango dira Euskalerrian”. Lekutan gaude! Praktikan, zailagoa da gorago esan bezala.

Orduan Espainiako estatutik zetozenei buruz ari zen; bada garaia, ideia hori, arrazismoarekin eta intsolidaritatearekin zerikusirik ez duena, eguneratzeko. Denbora baino lehen, desagertuko ez bagara, gizarte arrotzean urturik.

Pako Sudupe

Gizarte gero eta arrotzagoan urturik!

Saiakera-idazlea

32 pentsamendu “Gizarte gero eta arrotzagoan urturik!”-ri buruz

  • Nire ustez, egoera zertan den ikusita, ohiko errezetetatik aldentzen diren bideak erreibindikatu eta bultzatu behar ditugu.

    Hala, hau exigitu behar genuke:

    1. Edo euskara unibertsalizatzen da EH osoan, ezagutza nahitaezko bihurtuz.
    2. Edo euskara nagusi ezartzen da aurrez adostutako lur eremu batean.

    Badakit estaduen legeen kontra doazen neurriak direna, baina horrek ez gaitu atzerarazi behar geure erreibindikazioetan. Maximalistak izan behar dugu geure helburuen defentsan.

    Izan ere, euskaraz bizitzea giza eskubide bat da, eta, eskubide hori bermatzeko, beharrezkoak diren neurri sozialak hartu behar dira, onartu gabe botere eta biztanle erdaldunek inposatutako limitazioak. Gure biziraupena da jokoan dagoena, ez haiena.

  • Noiz konturatuko da ezker abertzalea artikulu honetan esandakoaz?

    Immigrante gehiegi ditugu. Gure identitatea are gehiago diluitzen dute.

  • Benat Castorene 2019-11-02 12:23

    Interesgarria da Nemesio Etxanizen pasarte hura. Konturatuko gara bi aldiz “izaitearen eta etxearen” hondamenaren arriskuaz ari dela neurri jakin bat imigrante onartzen bada. Erran gabe doa bere buruan etxean euskaraz baizik hitz egin behar dela.
    Bainan “etxea eta izaitea” mantentzeko euskara erakatsi baino gehiago egin behar da , alegia imigrantea integratu behar da.
    Hau ez da posible kopuru haundiegian sartzen badira

  • Etorkinen arazoari bere garrantzia kendu gabe, ez dezagun ahatz Gandiagak esan ziguna:

    Hemen
    euskaraz ez dakienak
    berak jakingo du
    zergatik ez dakien.

    Baina hemen
    euskaraz ez dakienak
    ez digu uzten
    euskaraz egiten.

    Baina eta hemen
    euskaraz jakin arren
    euskaraz mintzatzen
    ez denak ere
    ez digu uzten
    euskaraz egiten.

  • euskaldun bat 2019-11-02 18:53

    “garrett”, ez duzu erremediorik. Etorkinen kontuarekin erasotuak sentitzen zaretenean, bueltan-bueltan, argudio bila, betiko argudioan amaitzen duzue: euskalduna atakatu euskaraz hitz egiten ez duelako. Eta badakizu horren pareko logika maltzurra non ikusi izan dudan? Elizgizonak pederastiaren gaiarekin atakatuak sentitzen direnean erabiltzen duten logika perbertsoa: “abusu sexual gehienak familiaren barruan ematen dira”, diote. Hori esan eta lasai sentitzen dira nonbait. Hainbeste balioesten duten familia atakatzen jartzen ez dira ba! Alproja behar da izan gero! Eta zuen logika ere parekoa da: euskara eta euskaldunak hainbeste balioesten dituzue, baina gai horrekin atakatuak sentitzen zaretenean, ttaka! Euskaldunei bota errua! Izurrai!
    Nik jakin nahi nuke, garrett, migrazioen gaiarekin zein lotura sakratu duzun/duzuen ezker abertzalekook. Itxura batean behintzat, “Grial Santua” dela dirudi zuentzat. Pentsa zenbaterainoko garrantzia duen, unea iritsita, euskara eta euskaldunen gainetik jartzeko gai zaretela. Badirudi antikapitalismoaren tontorra dela inmigrazioaren gaia. Pako Sudupek berak ondo azaldu dizu, zenbat aldiz gehiago azaldu behar zaizu? Multinazionalek eta kapitalismoak zerbait nahi badute nazioak, nortasunak, hizkuntza-langak, arrazak… desagertzea da. Libre nahi dute bidea, ez dituzte nahi negozioa oztopatu besterik egiten ez dizkieten mugak. Eta harrigarria da! Bi muturrek nola bat egin duten ikustea. Oraintxe bertan ezkerra baino gauza neoliberalagorik ez dago.

  • euskaldun bat 2019-11-02 18:58

    Eta orain mesedez ez etorri “globalizazioa saihestezina” da leloarekin erantzunez. Zuen hurrengo totema hori da eta!

  • Benat Castorene 2019-11-02 19:14

    Estatu libre batek dauka teorikoki etorkinen etorrera arautzeko boterea eta bere hizkuntza nazionala beraei inposatzeko boterea. Praktikan harentzat ere ez da beti hain erraza, ikus Europako herri guzien arazoak.
    EAEaren kasuan lehen boterea, hain segur, ez du eukiko eta bigarrena ezdakit. Jakin nahi nuke.
    Bestetik libre bada, berez, migranteak,salbuespenak salbuespen, nahiagoko du ikasi hizkuntza dominantea, alegia, nausien hizkuntza, ezbaita mazokista.
    (Markinako edo Lekeitioko senegaldar euskaldunak miresten ditut)
    Konturatu behar gara gure problema ez dela problema Madrid edo Pariserentzat soluzio bat baizik akulturazioa prozezua akzeleratzeko.
    Beraz ezdakit posible den arazoa soluzionatzea EAEan oraiko baldintza politikoetan. Iparraldean ez eta pentsatu ere.
    Azkenean Patxi, ene iduriko, ez zinituzke enpresa eta enpresa buru guziak saski berean sartu behar. Asko eta asko ezagutzen baititut horretan ezertan hobendun ez direnak

  • Har itzak heure pilulak, txikito.

  • Beñat, zure eta gainerakoen oharrek ere ematen diote aferari haizea. Estimatua

  • euskaldun bat 2019-11-02 20:05

    Ezker abertzalekoak, ETA eta guzti hauek (eta EAJ ez dut aipatuko, hauen lehentasunak beti “beste batzuk” izaten direlako) luzaroan bizitu izan dira pentsatuz (euren buruak engainatuz, gehienetan konszienteki) sozialismoa eta langile-klasearen borrokak batuko gintuela gizarte bezala, nazio berri bat eraikitzeko. Baina, bai zera! Olioa eta ura nahastu nahi izan ziren, geroz eta abiadura handiagoan irabiatu, nahasten direla ematen du baina irabiatzeari utziz gero, bakoitza berera. Sozialismoa eta langile borroka amaitu dira, orain feminismoa esperantza bakarra. Baina keba, ez du irabiagailua behar adinako abiaduran martxan jartzen! Olioa eta ura, berriro ere berera doaz. Eta ezinbestean iritsi zaio gaiari tabu izaten uzteko unea. Orain komeriak! Benetako kartak orain ikusten dira!

  • Insistentzia 2019-11-02 20:08

    Bazen suizidio hau lantzeko garaia. Orain, zer egin behar den asko aipatzen da, kuotak jarri, euskara beharrezko egin, jaiotza tasa igotzeko pizgarriak… Hori ez da kontua. Gauza asko egin daitezke. Kontua da nork jarri ditzakeen neurriak indarrean (autonomiek), eta nork utziko duen (estatu inperialek). Eta ez batzuek ez besteek ez dute erremediorik jarri nahi, kontrakoa. Estatu inperialek baliatzen dituzte fenomenook gure aurka, eta alderdi autonomikoek ez dute ezer egin nahi izan azken hamarkadetan. Immigrazioaren eta natalitatearen bilakaera hauek ez dira egun batetik bestera gertatu! Eta zer esanik ez euskararekin: konponbide errazak dituzte beren eskuetan, hala nola, dirulaguntzak soilik euskal komunikabide eta produktuentzat, ikasketa guztiak euskaraz ere egotera behartu, lanpostu publiko guztietan beharrezko egin… eta ez dute ia ezer egin, ezta saiatu ere. Nahikoa kimioarekin bizirik mantentzeko, baina ez dadila orain euskalduna ohatilatik altxa eta bazterrak nahastu, ez horixe.

    Nazioaren aldeko fronte bateratu baten ezean ez dago ezer egiterik.

  • Insistentzia 2019-11-02 20:11

    Bai, bizkor irabiatu eta likido berdinaren bi aldeak direla esan. Baina errazago dute orain, ura kendu, kitto, arazorik ez.

  • “Nazioaren aldeko fronte bateratu baten ezean ez dago ezer egiterik”, diozu, Insistentzia. Proposamenik?

  • euskaldun bat 2019-11-02 21:08

    Proposamena? Bai, ezker abertzalearen politikari 180 graduko bira emanarazi behar zaio. Orain duen diskurtso ofiziala lotsagarri bihurrarazi behar da. Politikoki zuzenean instalatutako sektore hori zokoratu behar da, lotsagarri bihurtu.

  • Insistentzia 2019-11-02 22:29

    Aupa Gilentxo, hona nire iritzia… Argi dago euskal nazioaren beharrek ANTOLAMENDUA eskatzen dutela. Ezin dute gizabanakoek lan guztia modu antolatugabean hartu.

    Eta argi dago, niretzat eta beste askorentzat bederen, alderdi politikoek ez dutela bideorririk, eta gainera sinesgarritasuna galdu dutela. Bistan da euskal abertzaletasunaren, euskararen eta independentziaren aldeko borroka nola dauden batetik, eta euskal langileria nola dagoen bestetik. Esango dute ahal dutena egin dutela, indar korrelazioa dela arazoa, epaileek ez dietela uzten, inkonpetentzia apur bat… Baina ez, nola da ba posible, hain lotsagabeki bizkarra ematea beste sektore abertzaleei (udaletxeko euskara erabileran, hainbat ekimen eta idazleren aurkako zentsuran ikus daiteke) eta aldi berean aktiboki edo pasiboki gazteak preso hartu eta torturatzen zituzten alderdiekin gobernatzea eta lekua ematea beren komunikabideetan? Bizkarra eman digute, eta SINESGARRITASUNA galdu.

    Zerotik hasi behar da beraz. Gertuen dagoen adibidea niretzat ANCa da, ideia bat ematearren. Batzar nazional demokratiko bat osatu behar da, orain arteko instituzio guztietatik aparte funtzionatuko duena. Honela, Espainia eta Frantziaren kateak kate, behintzat modu bateratuan eta independentean borrokatuko dugu.

    Bere helburu bakarra: euskal nazioa askatzeko eta berrindartzeko estrategia guztion artean adostu eta bideratzea. Euskara eta independentzia, guztiz ezinbestekoak. Gero bertan erabakiko da zer bideorri, zer ekintza, zer beste egiturek lagunduko duten, baina beti euskara, burujabetza eta independentziaren inguruan.

    Honek, sinesgarritasunaz aparte, ez luke inolako kristalezko bolarik beharko etorkizuna asmatzeko. Kontua ez da zein den independentziarako formula magikoa, gauza asko egin behar ditugu hara iritsi baino lehen. Baina EGIN behar dira eta ez dirudi asko egiten ari garenik. Kontua euskaldunak errepresentatu eta batuko dituen batzar nazional bat izatea da, de facto independente izatea helburuei inoiz ere ez muzin egin edo desbideratu gabe. HAU litzateke herriaren ordezkaritza legitimo bakarra, eta ez bakoitza bere bidetik doan alderdi nahasmasa bat, batu baino banatu egiten dutenak. Batek daki, instituzio autonomiko hauetan interesik bagenu, eta alderdi autonomikoren bat abertzaletzat balu bere burua, aportatu lezake herriaren errepresentazioa den batzar nazionalaren gidalerroak obedituz.

    Behin abertzaleak baturik daudela, orduan has gaitezke ikusten ea benetan indarrik dugun hartu beharreko erabakiak gauzatzeko.

  • Ez naiz zuekin ados, ez azalean ez muinean. Eta euskaraz idatziko bazenute zein ongi!

  • Zer, egiaren aitortzeko, erdara garbian idazten duze eta.

  • Peru_Gabiriko 2019-11-03 00:22

    Hi, baba-zomorrio. Nundik ateri yaiz hi?

  • Nik ez dakit euskara aurrera atera ote daitekeen abertzaletasunik eta independentzia xederik gabe. Badakit ordea oraindainokoan bi elementu horien bidez samaldaka sartu zaizkigula erdaldunak tartera. Nik uste dut hasi beharko genukeela alde batera uzten euskaldun ez diren pertsonak, ahal den neurrian eta errespetu guztiarekin, baina ulertarazirik erdaldunik gabeko espazio liberatuak sortzeko beharra dugula.

  • Gai honi buruz nahi dituzuen bueltak eman ditzazkegu bainan azkenean nire ustez konklusio bat bakarrik ikusten dut; edota euskaldunak aktibatzen gara edo gure hizkuntza/ izaera pikutara doa. Zergaitik? Alderdi politiko abertzale/independentistentzak euskararen egoera genozida ez da prioritate bat. Beraien ustez ez da estrategikoa, ez dute etekin elektoral bat aurreikusten. Horregatik aktibazio hori behar beharrezkoa da beintzak alderdiak mugiarazteko. Ez ahaztu aktibazio horretan ehundaka mila euskaldun egon daitezkeela eta hori jende asko dela.

  • Eta Garrett; Gandiagak esandakoarekin noski denak ados gaudela eta euskaldun guztiak euskaraz egingo bagenu eszenatokia seguraski desberdina izango zela, baina argi dagoena gaur egun, nagusiki, etorkinak kolonizatzaile espainol/frantsearen rola hartzen dutela. Zergaitik? Kolonia espainol/frantses bat garelako, eta ondorioz, bai hemen, Papuan edo Kazajistanen etorkinak BETI menderatzaileen hizkuntza hautatuko dute. Arazoa kuantitatiboa da, gutxi direnean anekdotan gelditu daiteke, Sodupen azaldutako zenbakitan mugitzen garenean arazoa oso larria bihurtu daiteke, ze asunto honetan alderdiak ( berriro ere) ez dute inungo interesik benetako politika integratzaileak egiteko.

  • Benat Castorene 2019-11-03 11:34

    Kaixo Gilentxo
    Detalle bat izanen zaitzu beharbada bainan lehen iruskinean zinion:
    « Maximalistak izan behar dugu geure helburuen defentsan »
    Alta Herri bezala irauteko ezinbestekoak diren baldintza politikoak eta sozialak lortzea da gure helburua eta kitto.
    Horretan ez gara den mendren maximalistak, baizik eta, alderantziz oso arrazoigarriak.
    Urruntxago beste detalle bat, horrela zinion”
    « euskaraz bizitzea giza eskubide bat da »
    Aisa ulertzen zitut bainan horrekin bakarrik ez naiz erabat asetzen. Izan ere, zapaltzaileek ezbadigute eskubide hori aitortzen eta uzten betetzera gure eskubidea, nahi duzun bezain legitimoa izanda ere, birtuala egongo baita . Haien borondatetik dependitzen du eta.
    Aldiz geitzen baduzu euskaraz bizitzea gure eginbidea dela orduan lasaitzen naiz zeren eta gure eginbideak gure borondate propiotik dependitzen baitu. ( hau S.Weil filosofoak inspiratu dit)
    Esan ohi da debrua detalletan izkutatzen dela.

  • Benat Castorene 2019-11-03 12:11

    Espainolak frantsesak bezala gu bezain inteligenteak dira bederen. Nago ez gaituzten gu ezagutzen guhaurrek gure burua ezagutzen dugun baino hobeto.
    Eukaldunen kopurua ikusita ulertu zuten iparraldean nahikoa zela diru piskabat botatzea bakea lortzeko
    Aldiz ulertu zuten, Hegoaldean hobe zela ondo kontrolatu eta mugaturiko bi autonomia lagatzea klase politiko autonomista eta kolaboratistak sortu eta giderretan ( edo oposizioan) igo arazteko.
    Ez naiz batere bortu haraindiko politikan aditu bainan ez ote du Espainak horretan huts egin Katalonian ? Izigarriko diferentzia igartzen da politikarien aldetik.
    Hau guzia Prezzen errandakoen aldera joaiteko. Gure partidoek statuquo-a defendatzen dute.

  • “Ez naiz batere bortu haraindiko politikan aditu bainan ez ote du Espainak horretan huts egin Katalonian ? Izigarriko diferentzia igartzen da politikarien aldetik.”

    Arrazoi faltarik ez duzu Beñat, baina ohar banaka batzuk. Egun TV3ko zuzendari den Vicent Sanchis kazetariak J.L. Carod-Rovira ERCko lehendakari ohia (2004-2008) elkarrizketatu zuen 2003an, eta 2004an kaleratu zuen “qué piensa J.L. Carod-Rovira” liburu interesgarria. Han zioen Kataluniak aurreko urteetan (1980-2003) gehiegi begiratu ziola Euskadiri, eta bazela garaia euren nazioan zentratzeko. 2004tik hona, esan liteke, iraulketa kasik erabatekoa gertatu dela, eta hemendik hara begiratzen dugula inbidiaz (“Gure esku dago” ANCren suzedaneo kaxkarragoa iruditzen zaigu, eta “Eusko Ikaskuntza” Omnium-ena) batez ere hango autodeterminazio eskubidearen aldeko kale-mugimenduetara eta egoera linguistiko hobera. Gogoan har bedi iraulketa handi hori azken hamar urteko kontua dela. 2004an, artean, ematen zuen Katalunia ongi integratua zegoela estatuan, eta ongi integratu gabeko bakarra Euskadi penintsularra zela. Biraketa politikoak ez dira zerutik etortzen, baina gertatu gertatzen dira, eta gerta litezke aurrerantzean ere.
    Immigrazioaz galdeturik -artikuluaren gaira etorririk-, Carod-Rovirak zioen lehen olatua, estatutik etorritakoena aski ongi integratu zela Kataluniako gizartean, nahiz hirietan bazeuden auzoak integratu gabekoak; baina, bigarren olatu globalari begiratu beharra zegoela, eta horri buruz zioen estatura atzerritik heltzen ziren lautik bat Kataluniara heltzen zela, Kataluniaren pisu demografikoa %16 zela; hots, %25 heltzen, estatuan pisua %16koa izanik. Eta, gainera -artikuluan ez dut aipatu-, estatura heltzen ziren hiru magrebiarretik bi Kataluniara heltzen zirela, eta horrek erlijioarekin ere auziak sortzen zituela.
    Labur esanik, Beñat: 1. Hamar urtean alimaleko biraketa gertatu da Katalunian; 2. Han ere immigrazioa arazoa da, eta 3. Han ere katalana, hemen baino hobeki egon arren, ez da arazorik gabe. Niri adierazgarria iruditu zitzaidan “proçesaren” epaiketan katalana erabiltzeko borroka gehiago egin ez izana. Erabili balute, pentsa zer oihartzun eta sinbolismo izan zezakeen, eta, sententzia ez zen handiagoa izango, baina hizkuntzaren aferari ez zioten horrelako gorarik eman, eta baztertu egin zuten.

  • Eusko Ikaskuntza zaharragoa da Omnium (1961) baino, baina egun 140.000 bazkide inguru ditu eta itzal handiagoa

  • Beno, Kataluniara inbidiaz begiratzen dugula diodanean foro honi begira nioen; hauteskundeetako emaitzek ez dute hori esaten.

  • Euskaldunon gainbeheraren aurrean, beste aukerarik ez dut irudikatzen korporatibismo nazional bat baino. Korporatibismo nazionala ez da panazea bat, ezta gizarte ezinhobe bat bilatzeko ildoa. Ez du mundu guztiak kabidarik estrategia horretan. Euskaldunon biziraupenerako eginiko planteamendu bat da-eta. Euskaldunak gure artean ahal bezainbeste elkartu eta antolatzeaz mintzo da, hots, euskaldunon arazo eta erronka propioak euskaldunon interesen arabera konpontzeko egitura eta antolakunde euskaldunak sortzeaz, ezkutuko estatu-paraleloa (gure estatua) bilatzea, bere gobernu, arau eta erakunde propioekin. Ingurune arrotzetatik ahal bezain beste auto-segregatuz, neurrizko endogamia sozio-kultural bat ezarriz, gure espazio fisiko eta ez-fisiko propioak eratu eta gotortzea bilatzen du, bertan irauteko, globalismoaren desertuan oasi txikiren bat sortzeko. Hori da juduek egin izan dutena mendez mende, deserriko ingurune arrotzetan, barne-munduak sortuz eta indartuz ghettoetan, sinagogatan, itzaletan, ezkutuan, eta gerora kolonia eta kibutzetan, eta ez zaie batere gaizki atera. Korporatibismo juduari buruz irakurri eta erantzunak bilatu nahi dituenak, badu non:
    https://euskorp.eus/2019/07/02/korporatibismo-judua-2/

  • Peru_Gabiriko 2019-11-03 23:18

    Patxi, nik ez diot Kataluniari inbidiarik ekaitzaldi gogor honetan. Ez nituzke nahi nire herrirako han bizi dituzten nahasmendu, bereizketa, gorroto eta gainerakoak. Agian, hemengo forozaleen artean zenbaitek horri desiragarri deritzote… Nik ez…

    Dena den, oraindik ikusteko dago zertara emango duen hango afera nahasi guziak. Inork ez daukagu berinezko bolarik… Diotenez, VOX aparra bezala gora dator… Hobe litzake aparra bezala laster beheratuko balitz…

    Ikusiko…

  • Testuingurua begiratu Peru, eta autodeterminazioaren aldeko manifestazio jendetsuak eta hizkuntzaren egoera aipatzen nituen. Txema Ramirezen “Kontsentsuaren tranpa” gustatu zitzaidan: https://www.berria.eus/paperekoa/1876/022/001/2019-10-19/kontsentsuaren-tranpa.htm
    Diosala.

  • Peru_Gabiriko 2019-11-04 23:28

    Oso ondo dago testua; Patxi. Oso zorrotza iruditu zait. Baita zure artikulua ere, zorionak.

  • Estimatua, Peru!

  • Ikram Buzalmat. Gasteizen bizi den 24 urteko emakume marokoar musulmana elkarrizketatu du Berria-ko Iñigo Satrustegik (2019-11-08). Emakume horren nahia emakume musulmanen ordezkaria izatea da, haien pentsamendu eta sentieren ordezkari izatea. Beloa edo hijaba darama erlijio musulmanaren sinestun eta praktikantea izaki, Koranean jartzen baitu emakumeek apal jantzi behar dutela, eta horrek bereizten du bereziki hemengo beste emakumeengandik. Nik baina, artikulu honen gaiarekin erara, hizkuntza aldetik begiratuko diot, hots, zer dioen gaztelaniari buruz eta zer euskararen gainean, hizkuntza horiek gure gizartean integratzeko duten balioaz.

    Kazetariak galdeturik zaila izan al zaion hemen integratzea -itzulpengintza ikasi du Gasteizen, eta orain administrazioa Bilbon-, honela erantzun du: “Lehen asko kostatzen zitzaidan jendearekin hitz egitea, hizkuntza traba zelako. Orain, gazteleraz ongi moldatzen naiz, eta errazagoa da harremanak sortzea…”.

    Eta euskararen gainean? Kazetariak galdeturik zein hizkuntza ikasiko lukeen -gogoan izan itzulpengintza ikasi duenez, hizkuntzekin harreman estua duela-, euskara edo nederlandera erantzuten du.

    Ondorioak denok aterako ditugu. Gasteizen edo Bilbon integratzeko gaztelania beharrezkoa eta nahikoa du, eta euskara zaletasun edo kasik kapritxo edo gutizien arloan kokatzen du nederlanderarekin batera. Eta ez da bere errua, gurea baizik: euskara ez da beharrezkoa, kapritxo bat da Gasteizen edo Bilbon.

    Lasai, boto nazionalista eta abertzalea goraka dator, eta denbora kontua da egoera iraultzea…! Herri harro mestizo kaxkar bat gara linguistikoki eta kulturalki