Gizarte Ekimeneko langileen publifikazioa orain!

Gizarte Ekimeneko langileen publifikazioa orain! –

Gizarte Ekimeneko patronalen fede txarraren aurrean, STEILASek Hezkuntza Sailari eskatzen dio itundutako ikastetxeetako langileak eta haien lan baldintzak bere gain har ditzala

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek, STEILASen eta gainontzeko sindikatuen babesarekin batera, denbora luze daramate lan baldintza duinak lortzeko borrokan:

2018an eta 2019an 29 greba egun egin behar izan zituzten langileek 2010eko lan hitzarmena berritzeko. Greba Amaierako Akordioan sinatutako lan-baldintza berriak bi hilabete geroago hitzarmenean txertatu ziren. Hala ere, gaur gaurkoz, langileen eskubide asko urratzen dituzte Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek; besteak beste, gela itxi izanagatik lanpostua galdu duten langileen birkokartzeko eskubidea.

Lau urteren ostean, 2023an eta 2024an, beste 14 greba egun egin behar izan zituzten langileek beste greba amaierako akordio bat lortzeko. Azken hori, aldiz, urtebete pasata ere, ez da balizko 2022-2024ko hitzarmen berri batean txertatu, patronalek, akordioa sinatu bazuten ere, ez dutelako aplikatu nahi.

Gizarte Ekimeneko langileen publifikazioa orain!Sektore honetako langileek azken 6 urteetan 43 greba egun egin behar izan dituzte eta, hala ere, patronalek oztopoak besterik ez dituzte jartzen adostutako baldintzetan sinatutakoa betetzeko eta hitzarmenean txertatzeko. Patronalen fede txarra agerikoa da eta epaitegietara jo behar izan dute sindikatuek langileen eskubideak betearazteko eta inposatu nahi dituzten atzerapausoak geldiarazteko.

Patronalen oztopoen aurrean, argi dago hitzarmenaren aldeko borroka ez dela nahikoa, patronalek beraiek oztopatzen dutelako. Hortaz, irtenbide bakarra itundutako langileen publifikazioa da. Funtsezkoa da egiturazko konponbideak ezartzea ituntze ereduan, besteak beste, ikastetxe hauetako langileen lan baldintza egokiak bermatzeko.

Hezkuntza Saila itundutako ikastetxe pribatuen finantziatzaile nagusiena da eta ematen duten zerbitzuaren eta haien langileen azken arduraduna. Aldiz, agerian dago Hezkuntza Sailak ikastetxe hauei ezartzen dizkien kontrol mekanismoak ez direla nahikoak eta ereduak porrot egiten duela etengabe, besteak beste, langileen kaltetan.

Hori guztia dela eta, STEILASek Hezkuntza Sailari eskatzen dio:

  • Itundutako ikastetxeetako lanpostuak eta langileak zuzenean bere gain hartzeko prozesua abian jar dezala, langileak subrogatuz eta Hezkuntza publikoko langileen lan-baldintzak aplikatuz. Dagoeneko langile batzuekin egiten den bezala, hala nola logopedak, fisioterapeutak…
  • Ikastetxe hauetan sortzen diren langile beharrak hornitzeko ardura har dezala. Langileentzat titulartasun pribatuko ikastetxeetan lan egitea aukerakoa izanda.

STEILASek langileen lan baldintzen alde borrokan jarraituko du!

Gizarte Ekimeneko langileen publifikazioa orain!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude