Gu, Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegietako garbitzaileak
Gu, Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegietako garbitzaileak –
Hemen dakarkizuet Transi Campos epaitegietako garbitzailearen gutuna (soldata arrakalarekin amaitzeko 240 egun greban daramatzate Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegietako garbitzaileek).
.
Pentsatzen genuen ez gintuela inork ikusten. Ikusezinak ginela herritarrentzat, enpresentzat eta administrazioentzat. Garbiketak egiten genituela baina inor ez zela ohartzen, inork ez zuela eskertzen. Ikusezinak ginela uste genuen gure miseriazko soldatekin, gure jardunaldi partzialekin eta egunero jasaten genuen prekarietatearekin.
Behin batean antolatu egin ginen. Irailaren 19a. Greban hasi ginen egun hura. Gure ustez justizia soziala den zerbait eskatzen duen greba bat: jasaten dugun soldata arrakalarekin amaitzea. Soldata arrakala, hainbat diskurtso politikotan behin eta berriz entzun dugun hitza eta guk gainean sufritzen duguna.
Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegiak garbitzen ditugu. Garbiketan jarduten dugu eta gehienak emakumeak gara. Bada garbiketan dabilen beste kolektibo bat ere, kale garbitzaileak. Beraien kasuan gehienak gizonak dira. Guk baina gehiago kobratzen dute. Lanaren penosidadeagatik jasotzen dituzten plusak kontuan izan gabe, komisaldiegietako garbitzaileek baino %13 gehiago irabazten dute eta epaitegietako garbitzaileek baino %7 gehiago.
Hau horrela da, gure ustez, sektore feminizatu batean lan egiten dugulako eta emakumeoi egokitzen zaizkigun lanak gutxiago baloratuak direlako, bai ekonomikoki zein beste aspektu batzuetan ere. Gure lankide gizonek ere sufritzen dituzte sektore feminizatuan lan egitearen ondorioak.
Esaten digute ez dagoela arrakalarik eta ezin direla gure soldatak konparatu. Guk uste dugu baietz.
Greba honetan zehar mugimendu asko egin ditugu aldarrikapenetan akordioa lortzearren. Prest gaude negoziazio honetan arrakalaren ehuneko jakin bat murriztu eta gainerakoa hurrengorako uzteko, hori bai, behin hala egingo denaren konpromisoa jasota.
Epaile jaun andreak, ertzainak, bi zerbitzuotako erabiltzaileak, benetan sentitzen ditugu greba honek dituen ondorioak. Badakigu garbiketaren grebak eragin gogorrak dituela, are gehiago 8 hilabete bete behar dituenean. Sinistu gatazka honekin amaitu nahi duten lehenengoak garela. Oso greba gogorra izaten ari da hainnbat arrazoigatik: iraupenagatik, GARBIALDI enpresaren erosotasunagatik (bi zerbitzuak ematen dituen enpresa), gutxieneko zerbitzu abusiboengatik, administrazioaren aldetik jaso genuen umiliazioagatik (5 hilabete greban generamatzanean pilatutako zikinkeria guztia garbitzeko zerbitzu berezi bat eginarazi ziguten). Gogorra, administrazioak ez gaituelako aditzen, beste alde batera begiratzen duelako eta, gainera, greba hasi berritan, garbiketa zerbitzua enpresa berdinari esleitu ziolako baldintzak apur bat ere aldatu gabe. Gogorra da ere gure lankideen, ertzainen eta epaitegiko langileen kexuak jasotzen ditugulako. Gogorra ez dakigulako nola aterako den.
Gogorra arrazoi askorengatik.
Baina gu, grebalariak, konbentzituta gaude borroka honekin jarraitu egin behar dugula. Bidegabekeria sozial honekin amaitzea eta benetako berdintasunerako urratsak ematea lehentasunak izan behar dira guztiontzat, are gehiago administrazioarentzat.
Gugatik, greba egin nahi baina ezin duten gure lankideengatik, jasaten duten diskriminazioaz oraindik jabetu ez direnengatik, gure alaba eta ahizpengatik. Emakumeongatik.
Bide honetan babestu gaituzten pertsonekin ere topo egin dugu. Babes horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu. Eskerrak ere ELA sindikatuari borroka honetan laguntzeagatik. Erresistentzia kutxarik gabe borroka hau utopia litzateke.