Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: faboritorik?
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: faboritorik?
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ospatuko da larunbatean arratsaldeko 17:00etan Ilunben. Ez da asteburu makala izango. Larunbatean eskuak gorri-gorri geratu arte bertsolariak txalotu ostean, errimen ajearekin joango gara (batzuk behinik behin) bozka ematera. Badago noren alde egina, beraz, asteburuan. Momentuz, igandeko kiniela laga eta larunbatekoari begiratuko diogu.
Zortzi finalista izango dira oholtzan: Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Jon Maia, Iñaki Apalategi, Arkaitz Oiartzabal (Xamoa), Agin Rezola eta Unai Agirre. Bertsoa.eus atariak bakoitzaren inpresioak eta asmoak jaso ditu bere webgunean.
Txapelduna nor den oraindik ez badakigu ere, Inaxi Etxabe izango da irabazleari burua estaltzeko arduraduna. Etxabe emakume aitzindaria da bertso munduan, eta baita plazan kantatu zuen lehen emakumea ere.
Ez da norgehiagoka makala izango larunbat arratsean Ilunben jokatuko dena. Nor ausartzen da bertsolarien sailkapenaren hurrenkera egitera?
Hemen nirea: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Jon Maia, Unai Agirre, Agin Rezola, Iñaki Apalategi, Arkaiz Oiarzabal (Xamoa) eta Oihana Iguaran.