Gipuzkoako Aldundia: Oldarraldi juridikoari, oldarraldi politikoarekin erantzun behar zaio
Gipuzkoako Aldundia: Oldarraldi juridikoari, oldarraldi politikoarekin –
Azkenaldi honetan, etengabeak izan dira Administrazio Publikoaren euskalduntze prozesuaren ardatz nagusietako bat diren lanpostuen Hizkuntza Eskakizunen aurkako errekurtsoak eta ebazpen juridikoak.
Hain bortitza izaten ari dira eraso judizialak, izena ere jarri zaiola: Oldarraldia, izanak izena merezi duelako.
EAE osoan ematen ari den eraso horretatik Gipuzkoako Foru Aldundia bera ere ez da libratu, bere egunean Uliazpiko gertakariek argi eta garbi erakutsi zuten moduan. Asteazkenean,irailak 11an berriz ere Epaitegietan hitz ordua dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileok, beste eraso juridiko berri baten atarian gaudelako. Oraingoan, zaintzaile lanpostuen Hizkuntza Eskakizunen aurkako epaiketa izango da.
Etengabe indartzen doan Oldarraldi juridiko horri frenoa jartzea euskal klase politikoari dagokion ardura da, Euskara Legea egokituz ala Hizkuntza Eskakizunen Dekretu birformulatu berria berregokituz.
Adituek zenbait proposamen mahai gaineratu dituzte. Hor dago, adibidez, Iñigo Urrutia legegileak berak mahai gainean jarritako irtenbidea. Euskal klase politikoak ezin du beste aldera begiratu. Jakin behar du horrelako eraso juridikoen aurrean ahoa berotzeaz gain, neurriak hartu behar direla, hori egin gabe Oldarraldiak ez baitu etenik izango.
Norberak bere ardura politikoak hartu behar ditu. LABen garbi daukagu langileak, euskaraz lan eta bizi daitezen neurriak bultzatzea dagokigula eta euskal klase politikoari hori posible izan dadin beharrezko neurri legalak hartzea dagokio.
Guk geure ardurari eutsiko diogu. gure eskubideen alde borrokan. Zuek gurekin bat egin dezazuen, datorren asteazkenean, irailak 11, goizeko 09:30ean Donostiako Egia Auzoko epaitegi aurrean egingo dugun kontzentrara deitzen zaituztegu.
Euskarak behar gaitu!
Gipuzkoako Aldundia: Oldarraldi juridikoari, oldarraldi politikoarekin erantzun behar zaio