Gimenoren diskurtso hasiera
Gimenoren diskurtso hasiera –
Fokua ikasleengan eta familiengan jarri ohi da. Nerbioak, ziurgabetasuna, ilusioa edo nagitasuna lehenengoen kasuan; eta testuliburuetan egindako gastua, kontziliazioa, itxaropenak edo zerbitzu jakin batzuen eskaera bigarrengoenean.
Gutxitan islatzen da, ia ia inoiz, hezkuntza-sektoreko profesionalen errealitatea. Asko dira ikastetxe ezezagun batera iristeaz gain, hiru egun besterik ez dutenak irakasgaia prestatzeko eta irakasle-taldea, zentroaren funtzionamendua, metodologia edota hezkuntza-proiektua ezagutzeko, ikasleei harrera egin aurretik.
Kontuan hartu behar da asko eta asko, lanean ari zirela, uda erdira arte luzatu den oposizio bat ikasten aritu behar izan direla. Kasu gehienetan, ez dute plaza finkorik lortu. Hori guztiz abusuzkoa den kontratazio-sistema baten ondorio da, sistematikoki behar baino lanpostu finko gutxiago eskaintzen baititu, eta LEPetara gutxienez bi urtean behin aurkeztera behartzen baititu, lanpostu bat ziurtatzen saiatzeko.
Arrazoi honengatik, besteak beste, irailaren 26an ELAk, irakaskuntza publikoko gainerako sindikatuekin batera, greba deitu du. Gure ustez, ordea, egun bakar bateko lan-uzteak bestelako mobilizazio eraginkorragoentzako hasiera izan beharko luke.
Irakasleen gogaitasunaren ondorioa dira greba honen aldarrikapenak. Aipatutako lan-egonkortasunaren beharraz gain, lan-gainkarga murriztu behar da (gaizki planteatutako derrigorrezko prestakuntza, era guztietako planak, saioak prestatzeko ordu falta…), ratioak murriztu behar dira eta galdutako erosahalmena berreskuratu behar da.
Honen aurrean irakasle horiek gainera, Gimeno kontseilariaren dis-kurtso hasiera jasan beharra dute mobilizazioei buruz, manipulazioz, demagogiaz eta gezurrez betetakoa.
Bere hitzaldiaren hasieran adierazi du sindikatuek akordio bat sinatu dutela plantillak indartzeko. Egia ordea, oso bestelakoa da: izan ere, negoziazio-mahai sektorialean ordezkaritza duten 7 sindikatuetatik 4k ez genuen proposamen hori sinatu, nahikoa ez zela iritzita.
Kontseilariak, beste batzuetan egin duen bezala, mugarik gabeko demagogia egiten jarraitzen du, ratio maximoak jaisteko eskaria batez besteko ratioen datuekin kontrajarriz. Hau da, 30 ikasleko ikasgelak dituzten irakasleek ezin dute ikasle kopurua murriztea eskatu, batez bestekoa 20koa baita. Beraz, INEren azken datuen arabera, Nafarroako batez besteko soldata 2.085 eurokoa denez, ez litzateke zilegi 1.200 kobratzen dituen pertsona batek igoera aldarrikatzea. Iraingarria horrelako argudioak erabiltzea.
…
Uxue Itoiz, Rakel Arjol eta Mikel Larraza
ELA Hezkuntza