Ghettoak
Ghettoak –
Eduardo Arriolabengoa Abasolok Alea agerkarian.
Ba al dugu ghettorik Gasteizen?
Hona hemen Wikipediak ghettoaz ematen duen definizioa: “Borontatez edo nahi gabe, itxialdi handiago edo txikiagoan, talde etniko, kultural edo erlijioso bat bizi den esparru aldendua”.
Bitxia da talde sozioekonomikoa definizioaren at gelditzen dela baieztatzea. Izan ere, ez al da ghettoa Armentia inguruko urbanizazioetan bizi den Gasteizko burgesia, edo Sotogranden bizi diren Espainiako aberatsak?
Konnotazio txarreko hitza da ghettoarena nazismo garaian Varsoviako juduen ghettoa burura datorkigulako, baina, agian, kontuan hartzen badugu badirela ghetto sozioekonomiko distiratsuak, ez genuke hitz horrek ematen digun higuina kontuan izango.
Frantziak, Erresuma Batuak edo Alemaniak badute eskarmentua inmigrazioaren fenomenoan, eta jakitun dira zein arazotsu bihurtu den bizikidetza hiriburuko aldirietan etorkinentzako eraiki diren auzo-ghettoetan; gabezi guztiak batu dira han: txirotasuna, langabezia, deserrotzea, deseskolarizazio goiztiarra. Zaila bihurtzen da bizikidetza, hizkuntza, jatorri, erlijio eta kultura ezberdinetako pertsonak hain egoera larrietan bizitzera bultzatuak izan direnean, eta, are gehiago, bizi diren auzoetatik kilometro gutxira hiriburuaren erdialdeko arrandiaz konturatzen direnean. Argi dago Londresek eta Parisek ere ez dutela asmatu erabilitako inmigrazioaren politikarekin.
Asko dira testuinguru honetan burura datozkigun hitzak eta ideiak: asimilazioa, integrazioa, multikulturalismoa, xenofobia, arrazakeria, segregazioa, aporofobia… Nola lortu aldi berean etorkinen ongizatea eta bertako kulturaren iraupena? Andaluziatik edo Gaztelatik Gasteizera etorritako inmigranteak bere alde zuten hizkuntza, erlijioa, nazionalitatea eta, neurri batean, kultura. Zein jarrera izan beharko litzateke onuragarriena bertakoen eta kanpotarren arteko harremanak asimilazio bidetik jo baino integraziorantz pausuak eman ditzaten? Zein etxebizitza politika ghettoak eragozteko, zein ongizate politika gabezia ekonomikoak gainditzeko, zein hezkuntza politika kultura partekatua izan dadin?
Badirudi orain arte ez direla Gasteizen ghettorik eratu eta ez dela bizikidetza gaiztotu, baina agian integrazioan baino, zalantzak ditut ez ote duen jo multikulturalismora, non eguneroko bizitza eta harremanak norberak bere jatorria dutenekin soilik lotzen dituen, eta, hortaz, fisikoki ghetto batean bizi ez arren, ghetto giza-kultural batean ez ote den bizi.