GFAk ingurumen-delituei buruzko informazioa filtratzen du
GFAk ingurumen-delituei buruzko informazioa filtratzen du –
Gipuzkoako Foru Aldundiak jarraitzen du ingurumen-delituei buruzko informazioa filtratzen Fiskaltzari bidali aurretik, eta honek ez du ezer ere egiten, praktika hori legezkoa ez zela esan zuen arren
Joan den astean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eztabaida “zahar” baten atal berri bat ikusi ahal izan genuen: Aldundiko basozainek, agintaritzako agente diren neurrian, ingurumen-delituen zantzuak atzematen dituztean, horien berri zuzen-zuzenean Fiskaltzari bidaltzeko ahalmena ez ezik betebeharra ere badute? Edo, lehendabizi, agintaritzako agente ez den zerbitzuburuari bidali behar diote honek erabaki dezan? Bestela esanda, Fiskaltzak informazioa filtratuta edo filtratu gabe jaso behar du?
Elkarrekin Gipuzkoak berpiztu zuen eztabaida, EH Bilduk babestu zuen ebazpen-proposamen baten bidez. EAJk eta PSOEk kontra bozkatu zuten. Beraz, proposamenak aurrera egin ala ez, PPren eskuetan geratu zen, eta PP abstenitzea erabaki zuenez, gauzak orain arte bezalaxe geratu ziren, alegia, zerbitzuburuak basozainen txostenak filtratzen jarraituko du Fiskaltzari ustezko ingurumen-delituei buruzko informazioa bidali aurretik.
Gaia jarraitu ez dutenentzat, eztabaida ilun samarra izan daiteke. Horrregatik ondoko lerro hauek argi pixka bat egitea dute helburu.
2021ean, Fiskaltzak egiaztatu zuen zerbitzuburuek basozainen txostenak filtratzen zituztela fiskalarengana bidali aurretik. Alegia, “aurretiazko azterketa juridiko bat egiten dute, inolaz ere ez dagokiena, azterketa hori fiskalak edo epaileak soilik egin baitezake”. Horren ondorioz –argudiatzen zuen Fiskaltzak–, “basozainen txostenak ez dira behar bezain azkar iristen fiskalarengana, edo fiskalarengana aldatuta iristen dira, eta horrek prozedimenduari kalte egiten dio” (1).
Esan beharra dago bai basozainek eta bai Eguzkik (2) salatua zutela aldez aurretik filtratuaren praktika hau. Fiskaltzak egiaztatu zuenean, ofizio bat bidali zion Aldundiari, aurrerantzean basozainek egindako ustezko delitu ekologikoen gaineko txosten guztiak nagusien filtrorik gabe bidal ziezazkion, eta ofizio horretan zuzenbide-oinarri gisa Prozedura Kriminalaren Legea eta Botere Judizialaren Lege Organikoa aipatu zituen.
Aldundiak ez zuen jaramonik egin. Are gehiago, 2022ko apirilean bertan, salaketak arautzeko Foru Agindu bat onartu zuen, non filtratua behin eta berriz aipatzen den.
Geroztik bi bat urte pasatu diren arren, joan den astean Batzar Nagusietan izandako eztabaidak agerian utzi du gaia ez dagoela itxita. Fiskaltzaren 2022ko ofizioan jasotako zuzenbide-oinarrien arabera, badirudi Aldundiaren filtratua eta hori berresteko onartutako Foru Agindua bera legez kanpokoak direla. Egia da, ordea, Fiskaltzak ez duela helegiterik jarri edo, hobeto esan, ez duela ezertxo ere egin. Urtero argitaratzen dituen memorietan, Fiskaltza sarri kexaten da herri-erakunde honekin, horrekin edo harekin irurumen-alorreko lankidetza ez delako espero zitekeena izan. Baina Fiskaltzak berak ez badu dagokion partea egiten…
EGUZKI, 2024ko urrian
(1) EAEko Fiskaltzaren 2022ko memoria (berez, 2021. urteko jardunari dagokio). Ingurumeneko eta hirigintzako atala, 97. orrialdetik aurrera: 5b1dadaa-79c0-d04c-d0f2-48dbb205696a (fiscal.es)