Gezurretan ari dira sektore publikoaren ahultzearen aurrean ezer egin ez dezaketela esaten dutenean
Gezurretan ari dira sektore publikoaren ahultzearen aurrean ezer egin ez dezaketela esaten dutenean –
Nafarroako administrazioen %54ko behin-behinekotasuna -gehiegizkoa eta kezkagarria dena, Kontuen Ganberaren azken txostenak dionaren arabera-, eta langile publikoen erosteko ahalmenaren galera dira sektore publikoko profesionalek pairatzen dituzten arazo larrienetako bi.
Azken urteotan arazo hauek larriagotu egin diren bitartean, Nafarroako Gobernuek adierazi izan dute ezin dutela ezer egin egoerari konponbide bat bilatu ahal izateko, estatuaren eskumenak direla behin eta berriro errepikatuz. Hala, Nafarroako Gobernua ahalbidetzen ari da gaur egun 15.000 enplegatu publiko baino gehiago aldi baterako kontratatuak izatea, edo Estatuak inposatzea hemengo administrazioetan, eremu bakoitzean, egongo den profesional kopurua.
Kezkagarria litzateke mantra bat bezala errepikatutako hitz horiek egia izatea eta Nafarroako Gobernuak halako mendekotasun eta obedientziarekin autogobernuaren injerentzia bat onartzea. Baina errealitatea oraindik kezkagarriagoa da, eskumenak Madrili dagozkiola ez baita egia. Ez Konstituzioan, ez Foruaren Hobekuntzan, ezta beste Lege Organiko batean ere, ez da ezartzen sektore publikoko ordainsarien gehieneko zenbatekoa edo langileen kopurua (erreposizio-tasak) Estatuaren eskumena direnik. LORAFNAk berak 49. artikuluan ezartzen du Nafarroari dagokiola Foru Komunitateko funtzionario publikoen gaineko eskumen esklusiboa, beti ere Estatuko oinarrizko legeria errespetatuz.
Nafarroak sektore publikoan jarduteko gaitasuna edukitzea eragozten duen lege bakarra Aurrekontu Orokorren Legea da, Kongresuan urtero negoziatu, adostu eta onartzen dena. Urtero onartzen dira Madrilen ordainsarien eta erreposizio-tasen mugak. Arau hauek 2010ean hasi ziren murrizketetan dute jatorria, ondoren PPren Aurrekontuetan mantendu ziren eta gaur egungo PSOE eta Unidas Podemosen Aurrekontuetan ere bizirik dihardute, EAJ eta EH Bilduren babesa duten Aurrekontuetan, alegia.
Beraz, gatazka ez da eskumen kontua, borondate politikoarena baizik. Aurrekontuak adostasun politikoen emaitza dira, eta emaitza horretara iritsi ahal izateko, sektore publikoan autogobernua ukatzen duten oztopoak ezabatu beharko lirateke. Horregatik ELAk euren burua autogobernuaren defendatzailetzat duten alderdi politikoei eskatzen die enplegu publikoaren beharrak eta lan-baldintzak hemen erabakitzeko eskubidea defendatzea eta Estatuari emandako eskumen horiek bueltan exigitzea.