Geuretik Sortuak proiektuko zirkuitua aurkeztu zen atzo Uharten

Geuretik Sortuak proiektuko zirkuitua aurkeztu zen atzo Uharten –

Geuretik Sortuak proiektuko zirkuitua aurkeztu zen atzo Uharten

“Lau elementuak” film laburren bilduma estreinatu zen, tartean Arrigurik Uharten grabatutako “<3”

Geuretik Sortuak beka 2021ean sortu zuen Udalbiltzak, Euskal Herriko sorkuntzari bultzada eta plaza emateko asmoz. Euskal Herrian zehar ezkutatutako istorioak aurkitu, garatu eta sustatzeko asmoz sortu zen proiektua, geurea dena geuretik kontatu ahal izateko.

2021-2022 edizioan, hiru diziplina landu ziren: literatura, antzerkia eta zinemagintza. Edizio emankorra izan zen oso, 26 sortzailek eta 39 udalerrik hartu baitzuten parte. Bigarren edizio honetan, 2023-2024an, 22 sortzailek eta 39 udalerrik hartu dute parte, eta, lehenengo edizioko hiru diziplinez gain, komikia ere landu da.

Egonaldiak

2023an zehar, beraz, sortzaileek egonaldiak egin zituzten egokitutako herrian, eta bertan garatu zuten haien lana. Egonaldi haiei esker, honako emaitzak izan dira: komikigintzan, “Hona Bostekoa” komiki-bilduma, Mattinen, Eñaut Aiartzaguenaren, Unai Gaztelumendiren, Kote Camachoren eta Aritz Ibarraren komiki laburrez osatua. Literaturan, “Hamarreko bitxia” liburua, Maite Aizpurua, Edorta Jimenez, Saioa Alkaiza, Maitane Perez, Ainhoa Urien, Jon Abril, Gaizka Sarasola, Idoia Etxeberria, Lutxo Egia eta Maddi Arocenaren istorio laburrez osatua. Antzerkigintzan, hiru lan: “Eukalyptus”, Jon Ander Urrestirena, “Olagarrua”, Antzerki Aroak/Ttipia konpainiarena, eta “Eraitsi S.L.”, Goitibera konpainiarena. Zinemagintzan, bukatzeko, “Lau Elementuak” filma, Aitzol Saratxaga, Alba Lozano, Arriguri eta Pette Etxebarriaren film laburrez osatua.

Zirkuitu nazionala

Hori horrela, 2024 honetan, bekaren ildo nagusi eta garrantzitsuenetako bat hasi da: zirkuitu nazionala. Bekari esker sortutako istorioak bildu, eta Euskal Herri mailako zirkuitu bat osatu da, atzo Uharten aurkeztu genuena. “Lau Elementuak” filmaren estreinako proiekzioa izan zen bertan, Arriguriko kideek bertan garatu baitzuten “<3” film laburra.

Uharteko Kultur Etxean aurkeztu zuten proiektua Udalbiltzaren eta herriko ordezkariek, baita haien esperientzia ere. Bat-batean sartu ziren gelan antzerkigintzan aritu den Goitibera konpainiako kideak, Kultur Etxeak eztanda egin behar zuela aldarrikatuz. ERAITSI S.L. ikuskizunaren aurrerapen txiki bat izan zen, Betelun estreinatuko baitute kale-ikuskizuna maiatzaren 25ean. “Lau elementuak” filma estreinatu zen ondoren, Aitzol Saratxagaren “Ehiza”, Alba Lozanoren “Utländsk”, Pette Etxeberriaren “Oiogorri” eta Arriguriren “<3” film laburren bilduma. Amaiatzeko, Arriguriko kideekin solasaldia izan zen, haien lana sakonago ezagutzeko.

Geuretik Sortuak proiektuko zirkuitua aurkeztu zen atzo Uharten

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude