Gerrari intsumisioa
Gerrari intsumisioa –
Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan joan den apirilaren 3an plazaratutako idatzia, salabardoak Kalamuatik Txargainera blogetik jasoa.
Ez dakit nola sortuko zen ustea, baina badabil bolo-bolo estereotipo ustel bat: sexualki gizonezkoak gustuko duten uniformedun bat ikusita zoratu egiten direla, txoratu, tontotu. Uniformeak baduela erakarmen berezia, rock izarrek oholtzaren gainean dutenaren antzekoa. Ni, ostera, uniformeek erakarri beharrean, uxatu egiten naute, kasurik onenean. Txarrenetan, beldurra eta higuina ernetzen didate.
Baina zergatik ote da batzuendako hain xarmagarria, besteendako errefusa? Gako bi eskain nitzakeelakoan nago. Batetik, euskalduna izateagatik; bestetik, gaztaroan bizi izandako giroagatik.
Lehenengoa argi dago, euskaldunoi armadek ez digutelako inoiz ezer onik ekarri. Bigarrenak gazte-denborara naroa. Nire adineko gizonezkoak izan ziren lehenengoetakoak soldadutzaren kontra egiten. Kontzientzia eragozleak hasieran, eta intsumisoak ondoren. Ez ziren lehenak, ez guztiak, gerotxoago bezala, baina orduan hasi zen masiboagoa izaten. Inguruan geneuzkan bideetako bat hartutako mutilak, zalantzan zeudenak ere bai. Talde anti-miliak sortu ziren herri guztietan, eta Euskal Herri osorako beste hainbat elkarte. Horixe zen airean zebilena. Soldadutzari ezetza esateko geldialdi, manifestazio eta jaiak egiten ziren modu koloretsu, irudimentsu eta dibertigarrian.
Orduko barre eta festa aldarrikatzaileek ez zuten bakarrik jendea erakartzen euren aldera. Informazioa ere banatzen zen, eta gizonezko gazte haien zalantzak eta noraezak eztabaida eta hausnarketa eragiten zuten inguruko guztion artean. Eta denok ere, zelanbait, intsumiso bihurtu ginen, batzuek autoinkulpazioak ere aurkeztuta. “Banqueros y militares, parásitos sociales” (bankariak eta militarrak, gizartearen bizkarroiak) esaten ikasi genuen. Beraz, uniformeen topikoak ezingo du inoiz funtzionatu gurekin.
Amama Kipuletaren kontu horiek guztioriek etorri zaizkit Espainian militarrak pandemiaren kudeaketaren buruan ikusita. Medailaz eta kondekorazioz betetako papar horiek begi bistan izan ditudanean, ileak laztu zaizkit. Hizkera belikoa entzun diedanean, belarriak odola dariola. Eta okerrena da nornahi kutsatu dela guda-hiztegi horrekin. Gerran omen gaude, baina ez nago konforme: ez da gerra bat, gaixotasuna ez da etsaia, ni ez naiz soldadua, eta osasungintzakoak ere ez dira heroiak.
Lengoaia ez ezik, balkoiak ere kutsatu ditu ustezko gerra giroak. Kontu egizue, makina bat salatari agertu da bentanetan, gerra zibilaren ostean bezala, autubatzaileak auzoan, seinalatzen, frustrazioak eta herrak jo-puntu errazetan diana egiten. Pikutero larregi zelatan.
Ez da gerrarik, berriro diot. Baina tematuta daude baietz. Tira, hala bada, zergatik ez dituzte konfiskatzen estetika-klinikak, ipurdi eta titiak operatzen dituzten kirofanoak, arnasgailuak jasotzeko? Zergatik kirol-pabiloiak erietxe bihurtu, ospitale pribatuak egonda? Bertako jabeak ez ote dira soldadu eta heroi? Pribatuak ez du gerraz ezer jakin nahi?
Gerra, armadaren loriarako. Propaganda gastu militarra zuritzeko. Hainbeste sos xahutu urteetan aireportu eta geltokiak desinfektatzeko soilik? Ejerzitoan alferrik galdutako dirua badago beste nonbait gastatzerik, bistan denez. Babes zibileko talde indartsu bat eratzeko, adibidez, guda-airerik zabalduko ez duena, munduaren hobe beharrez.
Nahikoa borroka jasan dugu, orain gerrari intsumisioa!