Argitasun esperantzagarriak
Argitasun esperantzagarriak –
Gero eta euskaldun gehiagok darabilgu euskara erdarak adina edo gehiago gure egunerokoan – Argitasun esperantzagarriak Euskalgintzaren Kontseiluaren ‘Larrialditik Indarraldira’ adierazpenaren harira
Egia da euskaldunon, euskaldun bihotzekoon, Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugunon egoerak, larrialdikoa izaten jarraitzen duela. Euskaldunok (2021eko Inkesta Soziolinguistikoko datuetatik ariko gara segidan) ez gara oraindik 2021ean Euskal Herrian bizi garen 16 urte edo gehiagoko biztanleon % 30,2 baino, eta beste % 16,1 euskaldun hartzaile. Gehiengoa, oraindik, erdaldun hutsa da frantses edo espainolez (% 53,8), eta aldiz euskaldun guztiok gara aldi berean elebidun, estatu espainol eta frantseseko legediek derrigortuta, injustuki erdaldunak derrigortzen ez dituzten bitartean euskara jakitera. Horrela ez da erraza euskaldunok demokrazia linguistikoa izan dezagun gure lurrean, guk ere izan dezagun gure herrikide erdaldun hutsek duten pareko tratu pribilegiatua.
Iparraldean dugu egoerarik okerrena, atzeraldirik larriena. Lege aldetik ere. Nafarroa Garaian euskaldunok bereizi eta gutxietsiak ditugu gure eskubideak 3 zonalde linguistiko antieuskaldunetan banatuta. EAEn ere ez dugu egoera samurra gehiengo soziologiko espainoldun elebakar zapaltzailearen pean. Areago azken urteotan, Kontseiluaren adierazpenak dioen gisan ‘normalizazio eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra’ jasaten ari garen honetan ‘euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta[rekin].’ Eta are larriagoa bihurtuko zaigu egoera berehala Hegoaldean 2000. urtetik jasotzen ari garen 3. migratzaile uholde demografikoaren eraginez, bertakoagokoek baino nekezago ulertzen dutenez gure herri euskaldunaren ahalegina euskaraz bizitzeko.
Baina segidan Euskalgintzaren Kontseiluko adierazpeneko bi daturen ingurutiko zehaztapenak eta zuzenketak egin nahi nituzke, euskaldun bihotzekook etsipenean erori ez gaitezen amoreagatik azken 60 urteotan burutzen ari garen komunitatearen indarberritze lan eskergaren gainean, eta fruitu ezin hobeak ematen ari dena, nahiz oraindik ez ditugun nahikoa.
Kontseiluaren adierazpenak dio ‘alarma piztekoa dela’ «Euskal Herri osoko joera dela euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago izatea». Eta segidan: «Zifretara etorrita, hiztunen % 17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak adina edo gehiago erabiltzen dutenak».
Lehenengo baieztapena ez da egia, eta garbi esan behar da: Euskal Herrian ez gara gero eta gutxiago euskaraz errazago moldatzen garenak erdaretan baino, baizik eta alderantziz. Euskal Herrian, datuekin, gero eta gehiago gara euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen garen euskaldunak, 1991tik 2021 bitarteko Inkesta Soziolinguistikoek erakusten diguten moduan, 2. puntuan erakusten dugun moduan beherago, 2021eko Inkesta Soziolinguistikoko datuetatik. Aurretik ordea ohar batzuk egin nahi dizkiot ‘egunerokoan ‘hiztunen’ % 17,5 baino ez garelako euskara erdarak adina edo gehiago erabiltzen dugunak’ datuari (1. puntua).
- Egunerokoan Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleon % 17,5k darabilgu euskara erdarak adina edo gehiago, eta gero eta gehiagok gainera
Eta datu hori mirarizkoa da berez, aipatu bezala, Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleon % 30,2 baino ez bagara euskaldun. Hori zer da botila erdi hutsa edo erdi betea, bere jario guztiak dituela ere? Bada, gutxienez betetzen ari den botila, bere jario guztiak gorabehera. 2021eko Inkesta Soziolinguistikoak jaso bezala (14. taula, 36. irudia), Euskal Herrian hala dihardugun 16 urte edo gehiagoko biztanleon kopurua 325.619 hiztunetik 1991n (orduko biztanleen % 13,7) igo gara 467.725 izatera: 142.106 hiztun gehiago, % 43,64 gehiago (biztanleen % 17,5). Gehiago nahi genukeela bai, baina ez dago batere gaizki jada lortua, ditugun baldintza soziopolitikoetan.
Hazkuntza batez ere EAEn gertatzen da (% 52,26koa, 271.121 hiztunetik 412.821ra), baina oso nabarmena da ere Nafarroa Garaian (% 45,27koa, 25.214 hiztunetik 36.629ra). Iparraldean berriz galera nabarmena da (28.258 hiztunetik 1996an 18.275ra 2021ean, % ?35,33). Eta egia da ere aurrerapena gune soziolinguistiko erdaldunagoetan ari dela gertatzen eta aldiz nolabaiteko atzerakada dugula gune soziolinguistiko euskaldunenean (% 83,5etik 1991n %75,2ra 2021ean). Kontuan hartzekoa, 2021eko Inkesta Soziolinguistikoak azaltzen duen eran: «Beherakada hori azken ia bi hamarkadetan izan diren biztanleen mugimenduen ondorioa da nagusiki. Gune erdaldunean, mugimendu horiek euskararen mesederako izan badira ere, gune euskaldunean, oro har, ez da hala izan».
Gure arazo guztiekin, gauzak horren gaizki egiten ari ez garen seinale ere bada jabetzea nolakoa den azken 30 urteko Euskal Herrian oro har euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dugunon bilakaera adinaren arabera, 16-24 urte bitarteko gazteak baikara 2021ean adin multzorik indartsuena, 1991n, 30 urte lehenago, multzo ahulena zenean:
Bilakaera ohargarria. Eta beti izan behar dugu kontuan Inkesta Soziolinguistikoak soilik 16 urte edo gehiagoko biztanleen datuak biltzen dituela, hauetatik kanpo geratzen direla are euskaldunagoak ditugun 16 urte bitarteko belaunaldi gazteagoak, nahiz egoera hau ere aldatzen hasi den 3. migratzaile uholde gaztearekin gertatzen ari den aldaketa demografikoarekin.
- Gero eta gehiago gara euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen garen hiztunak 1991tik 2021era
Ez da egia Euskal Herrian gero eta gutxiago garenik euskaraz errazago moldatzen garen euskal hiztunak erdaretan baino.
1991n 16 urte edo gehiagoko 528.521 euskal hiztunetako 328.740 hiztun (%62,2) moldatzen ginen euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi.
2021ean 30 urte geroago 444.328 euskaldun gara (809.341 euskaldunetatik) euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi moldatzen garenak, 1991n baino 115.588 gehiago, % 35,16 gehiago. Eta hori irabazi handia da. Nahiz eta aldi berean euskaldunen kopuru osoa askoz arinago handitzea lortu dugunez, bien arteko proportzioa soilik izan % 54,9koa (30 urte lehenagoko % 62,2aren aldean). Baina hori gure aldeko aldea da, euskaldunen kopuruan, zein euskaldun osoenenean.
Eta bai irabazi dugu euskaraz errazago moldatzen garen euskaldunon kopuruan: 182.868 1991n, 212.856 2021ean, 29.989 hiztun gehiago, % 16,4ko hazkunde netoa (nahiz % erlatiboak ?% 34,6 / % 26,3? engainagarri izan, euskaldunon kopuru orokorra asko gehiago haztea lortu dugulako).
Eta irabazi dugu ere, askoz gehiago, euskaraz erdaretan bezain ongi moldatzen garen euskaldunon kopuruan: 146.400 1991n eta 231.472 2021ean, 85.072 hiztun gehiago, %58,11, hazkunde netoa berriro. Euskaldun gainera gero eta hobeto alfabetatuak oro har aurreko hamarkadatakoen aldean.
Eta hazkundea adin tarte guztietan gertatzen da hala:
- > 65 urtetik gorakoetan: 2021ean 93.952 euskaldun gara (137.156 euskaldunetatik) euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi moldatzen garenak, 1991ko 80.388ren aldean (98.274 euskaldunetatik), 13.564 gehiago, % 16,87 gehiago.
- 16-24 urte bitartekoen artean: 2021ean 70.035 euskaldun gara (157.383 euskaldunetatik) euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi moldatzen garenak, 1991ko 47.685en aldean (101.028 euskaldunetatik), 22.350 gehiago, % 46,87 gehiago.
Eta tarteko eskala batean tarteko adin tarteak.
Horregatik gertatzen dira interpretazio nahasgarrikoak 2021eko Inkesta Soziolinguistikoan eskaintzen diren euskaldunen arteko proportzio datu erlatiboak, datu netoen aldean, edo biztanleria osoaren aldeko datu erlatiboen aldean, ondoko 15. irudiko edo 6. taulako euskaldunen arteko proportzio erlatiboetako datuak, bitarte horretan ikaragarri haztea lortu dugulako euskaldunon kopuru orokorra. 15. irudiko 1991ko % 34,6, 182.868 euskaldun direlako, eta aldiz 2021eko itxuraz % 26,3 eskasagoko euskaldunak 212.856. Edota 1991ko % 27,7, 146.400 euskaldun, eta aldiz 2021eko % 28,6, 231.472.
Eta beste hainbeste ondoko 16. irudiko proportzio xeheagoen interpretazioan.
…
- Nola hazi ditugun euskaldunon kopuruak 30 urtean 1991-2001
Segidan datu ohikoago batzuk ezagutzaren inguruko irabaziez, gure mirarien isla:
Euskaldun hartzaileek ere ia 8 puntuko hazkundea izan dute hogeita hamar urte hauetan (% 7,7 versus % 16,1) [~ 182.494 versus ~ 431.470, 248.976ko hazkundea, % 136,43koa].
Erdaldunek, aldiz, 16 puntuko jaitsiera izan dute (% 70 ziren 1991n eta % 53,8 dira 2021ean) [~ 1.659.035 versus ~ 1.441.806, % 136,43ko hazkundea, 217.229ko galera, % ?13,8ko galera].
Iparraldea dugu galeran (ez Nafarroa Garaia ere):
Eta gauzak hain gaizki egiten ari ez garen seinale, adin tartekako datu esperantzagarriak:
Gora Euskararen Eguna! Gora Euskaldun Bihotzekoak! Gure eskubide demokratikoen alde!
Ez ditugu irabaziak bakarrik hiztun kopuruaren aldetik. Baita ere hiztunon kalitatearenetik, eta erabilerarenetik ere. Ekin eta jarrai.
Argitasun esperantzagarriak