Gernikaren berpiztea
Gernikaren berpiztea –
Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua, zapaldua, ukatua.
Noiz loratu Gernika berriro? Oroitzen naiz basakeriatik 50 urte joan zirenean, loraldia saiatu genuela. “Gernika 37-87”. Picassoren margolanean, itzal aldean, gris-ilunetan agertzen den hegal hautsiko usoa hautatu genuen. Bakearen uso erdi-hila. Bizitza berria eman genion, ortzadarraren koloretan, pizkundearen sinbolo, ave fenix betierekoa. Gerraren hautsetatik berpizten den Gernika-Euskal Herria. Egia berreskuratu eta mundu osoko historialari onenak Gernikara ekarri (Southword, Vilar, Viñas, Tuñon de Lara, Irujo…). Bakearen eta autodeterminazioaren aldeko nazioarteko kongresua. Uneko artista eta kantari bikainenak. Euskal gazteria uholdean. Gernika jarri genuen etorkizuneko Euskal Herri librera begira.
Baina orduan ere bide hori trabatzeko koalizioa eratu zuten. Gernikako alkate jeltzalea zen Zuzaetak eta Ardantza-Jauregi (EAJ-PSOE) koalizio gobernuak ahaleginak eta bi egin zituzten Gernikako loraldi hura zapuzteko, egun seinalatu haietan Ertzaintzaren “beltzak” milaka gazte jipoitzera bidalita Gernika erdira, adibidez.
Joan dira ordutik urteak eta egin dira hamaikatxo saio, deitu Lizarra-Garazi, deitu Loiola edo Aiete, Luhuso edo Baiona, eta euskal herritarrok jarraitzen dugu Euskal Herri librea, modu batean edo bestean, aldarrikatzen. Gurari sakon horren seinale eta agerpen dira, adibidez, azken Korrikaren indarra, euskal lurralde osoan eta bereziki Baionako amaieran. Kirol gertaera nagusietan ere agertu da euskal nortasunaren nahia, Bilbon Athletiaren garaipenaren ondoren bezala. Mendebaldeko hiru herrialdeetako hauteskundeen emaitzetan nabarmentzen den moduan. Eta datorren maiatzaren 12an Senpereko Herri Urratsen berriro agertuko dena.
Zertarako egiten dira koalizioak eta aliantzak? Euskal Herriak behar duen independentzia eta Euskal Errepublika lortzeko bidean egiten dira?
Puntu honetara helduta, galdera larria egin behar dugu: zertan dabiltza Euskal Herriko alderdi politikoak eta instituzioak? Laguntzen dute euskal herritarron gurari sakon hori gauzatzen, Euskal Herri librera daraman bidea zabaltzen, abiatzen, ibiltzen? Zertarako egiten dira, orain eta hemen, koalizioak eta aliantzak? Euskal Herriak behar duen independentzia eta Euskal Errepublika lortzeko bidean egiten dira?
Euskal naziogintza da, Euskal Herri osoa aintzat hartuta, eginbehar nagusia, eta ez da helburu abstraktua, eginkizun oso zehatzak ditugulako orain bertan.
Zertarako elkartu, zer koalizio egin eta nolako aliantzak? Honetarako, hara: Euskara Lege berri eguneratuak lortu legebiltzar eta instituzio guztietan, eta euskara egin erakunde horien hizkuntza nagusi. Nafarroako eta EAEko gobernuen arteko hitzarmen politikoak sinatu, eta Euskal Hirigune Elkargoarekin, elkarlana. Botere judizial propioa antolatu lurralde guztietan. Euskal Herri osorako Ikus-entzunezkoen Kontseilua eratu. Euskal Herri osoko alderdi abertzaleen arteko elkarlana lehenetsi nazio-akordio eta aliantza guztietan. Lizarra-Garazi akordioak eredu hartuta, autodeterminaziorako bideak zabaldu, Euskal Errepublika lortzeko bide-orri zehatza partekatu.