Gernikako Arbola, Eusko Gudariak…?
Gernikako Arbola, Eusko Gudariak…? –
Irakurri berri dut Iñaki Lopez de Luzuriagaren “Eusko Ikaskuntzaren bide galdua” izeneko artikulua. Iñakik galdera bikoitza eginez amaitzen du idazkia: “Noiz ahaztu zuen gure Eusko Ikaskuntzak, elkartzen gintuena? Noiz berreskuratuko dugu gure bide liriko galdua?”. Berak hautu garbia du egina Gernikako Arbolaren alde. Baina ez al da beste aukerarik Euskal Herri osorako ereserki bat hautatzeko orduan? Baietz esanen nuke. Eztabaida hau bera zabaldu zuten herritar batzuek 2023ko azaroan Urretxun. Gogoeta egiteko gaia zela iruditu zitzaidan eta iritzi artikulu bat idatzi nuen abenduan. Ez nuen zabaldu eta nire blogean (blogak.eus/euskal-herritik) zintzilikatzera mugatu nintzen. Iñakiren artikulu hau irakurrita, haren ondoan nirea ez legokeela gaizki otu zait eta hori da jarraian paratu dizuedana. Eztabaida interesgarri bezain beharrezkoa dela uste dut, nahiz agian oraintxe bertan ez den une egokiena eztabaida hori plazaratzeko.
2023-11-26an Gernikako Arbola kanta Euskal Herriaren ereserkia izateko proposamena berretsi dute Urretxun. Proposamenaren lehen aurkezpena duela hiru urte egin zen, Iruñean. Arrazoi ugari eman da proposamenaren alde: diasporako euskaldunek betidanik abestu dutela honelako zentzua emanez, aurreko mendeetatik hasita ideologia politiko desberdinetakoek hartu izan dutela zentzu horretan, musikatzen duen zortzikoa egokia dela ereserki baterako, Iparragirre sortzailearen beraren unibertsaltasuna… Proposamenaren aurka beste hainbat arrazoi argudiatu izan dira: kutsu erlijiosoa duela, karlistena dela, EAJrena dela, testu zaharkitua duela…
Nik, egia esan, aldeko eta aurkako arrazoiak aurkitzen dizkiot Iparragirre koplari handiaren bertso honi -gogora dezagun ekimenaren sortzaileek lehen bertsoa bakarrik proposatzen dutela-. Neronek ere maiz abestu nuen kanta hau gaztetan, kantak bat egiten baitzuen nire sentimendu euskaltzale eta aldarrikatzaileekin. Baina gizartearekin batera neu ere aldatu egin naiz eta egun ez nuke lortuko “bedeinkatua”, “adoratzen” eta “santua” hitzak ezpainetaratzea. Bestalde, ereserkia izateko, iruditeria Bizkaiari lotuegia egiten zait. Seguraski, garai haietan Gipuzkoak antzeko ikurrik eduki izan balu, Iparragirre urretxuarrak beste kantaren bat sortuko zukeen. Baina Gipuzkoan batzarrak ez ziren beti herri berean egiten, Bizkaian egiten zen moduan; Donostia, Tolosa, Azpeitia eta Azkoitia txandakatuz joan ziren hainbat urtetan zehar. Tira, bilatzen hasi ezkero, ziur aurkituko dugula Gernikako arbola baino beste ikur zabalagoa.
Bertso horren hitzak ez dira gaur erabiliko genituzkeenak, noski. Baina Iparragirrerena izatea aski da alde horretatik onartua izateko. Hau diot gaur egun norbaitek proposamen berria eskain lezakeelako. Arazoari irtenbide bat bilatzeko beste aukera izan liteke. Adostasun zabala lortuko lukeen sortzaileren bati ereserki berri baten proposamena eska dakioke, zergatik ez?
Bada beste aukera bat ere. “Eusko gudariak” kanta, hain zuzen. Gaur egun Euskal Herrian milaka askoren babesa izanen lukeela iruditzen zait. Kanta honen hitzak Jose Maria Garate Azkarragak asmatu zituen 1932an. Doinua nonbait entzuna ikasi zuen eta hari egokitzen zitzaizkion hitzak asmatu zituen. Hasiera batean arrakasta handirik izan ez bazuen ere gerora, 1936an, gudari konpainia batek bere ereserkitzat hartu zuen. Aurrerago, 1937an, guda betean, Alejandro Lizaso Eizmendi Orioko txistulariak bigarren bertsoa erantsi zion, ikutu borrokalariagoa emateko asmoz. 1942an, José Antonio Agirre lehendakaria, Telesforo de Monzón, J.M.Lasarte eta A.Irala laukoak New Yorken abesti hau grabatu zuten lauok batera abestuz. Datu hauek “Memorias de Getxo” izeneko blogetik ateratakoak dira. Geroztik bertso gehiago erantsi zaizkio. Oso abestua izan da frankismoan eta gero ere, gaur egun oraindik herritarren artean onarpen maila handia duelarik.
HERRIARI GALDETU
Arbola ala ikurrina, zein ikur lotzen zaio egokiago zazpi herrialdeetako ereserkiari? Nire iritziz ikurrina. Bere atzean odol asko isuri da, gaurkotasun osoa du, bizi-bizirik dago, Euskal Herriko herri guztietara iritsi da, ehunka udaletxetan ikus dezakegu ohorezko lekuan, ideologia ezberdinetako ekintza politiko ugaritan erabiltzen da… Gernikako arbolak historia du, baina konnotazio nostalgikoak ditu gehienbat. Ikurrinak konnotazio nostalgikoak ezezik gaurkotasun osoa du.
Gaur egun euskal herritarrei galdetu ezkero, ez dakit emaitza zein izanen litzatekeen. Seguraski aipatutako bi kanta hauek milaka askoren hautua jasoko lukete batak nola besteak ere. Herritarren arteko zatiketa ez da giro onena ereserki bat hautatzeko garaian, baina erabakiren bat hartu beharko bagenu zein bide hartuko genuke? Euskal Herri osoan zehar erreferendum zabala egitea izanen litzateke egokiena. Baina herri kontsulta guztiak debekatzeko zaletasuna duen sistema politiko honek jarriko dituen eragozpen eta traba guztiak direla eta, oso litekeena da galdeketa egiterik ez izatea. Gauzak honela, beste aukera bat udal guztietara eramatea izan liteke. Kasu honetan udalen kopuruei baino garrantzi handiagoa emanen nieke zinegotzien kopuruei. Euskal herritar guztien iritziak ordezkatzeko orduan, egokiagoak izan daitezkeelako zinegotzien iritziak udaletako gehiengoak baino.