‘Gernikako Arbola’ etorkizunari begira, berriz ere

‘Gernikako Arbola’ etorkizunari begira, berriz ere –

«Eraikuntza kulturalak beti dira berritasunaren eta herentziaren fruitu. Ezer ez da zerotik abiatzen», horrela dio Oriol Bartomeus-ek El paso del tiempo saiakeran. Gernikako Arbola ereserki gisa onartzeko ahalegina ere hori da, aurrekoetan oinarriturik etorkizunari begiratzeko era berri bat.

'Gernikako Arbola' etorkizunari begira, berriz ere
Arg: Gernika-Lumo

Gernikako Arbola Euskal Herria/Baskonia-ko ereserki gisa onartzeko ekimenak berri onak batu ditu berriz ere. Adibide politak, gainera. Bada rock talde bat bere kontzertu ugarien hasieran interpretatzen duena. Aurrekoan, Iparragirre musikalaren amaieran publiko osoak zutik kantatu zuen Zornotzan. Irratietako eztabaidetan ere behin baino gehiagotan sutsu defenditua izan da euskaldunon ereserki legez. Horiez gain, azaroaren 26an Urretxun ospatu zen Gernikako Arbola ereserkiaren 1. Batzarra, Jose Maria Iparragirrek lehen aldiz kantatu zuenaren 170. urteurren honetan.

Baina badira Gernikako Arbola kantuak sasoi honetako ereserki gisa balio ez duela aipatzen dutenak ere. Batek dio Euskal Herria/Baskonia-ko ereserkitarako kantu egokiena zein izango litzatekeen eztabaida entzun duela, eta bere iritzia horrela ematen du: «Himno bat izatea hain garrantzitsua bada kanta dezagun Txoriak txori».

Badakigu uda honetan bertan Baionan eta Iruñean Txoriak txori biziki kantatu dela. Ni ere, irudi horiek ikusten ditudanean, poztu eta hunkitu egiten naiz. Baita Akize-ko jaien amaieran Agur Jaunak jotzen dutenean ere.

Baina horregatik ez ditut Txoriak txori edo Agur Jaunak ereserkitarako proposatzen. Gustuko ditut, noski!, baina ereserki batek baldintza batzuk bete behar ditu. Txoriak txori-ren letra ez dakit ereserki baterako den. Askori galdetu diet eta inork ere ez dit baieztatu egokia denik.

Gernikako Arbola, berriz, bai. Ereserki batek izan behar du epika, herritar guztiek kantatzeko moduko musika, letra erraza, herri konkretu bati kantatua, ideologia guztietako jendeak onartzeko modukoa eta Gernikako Arbola-k hori guztia badu. Gainera, ereserkia luzerako izan behar da, belaunaldiz belaunaldi igaroko dena, aldatzen aritzeko beharrik gabe. Dagoeneko 170 urte bete ditu eta egun balio duena da, arrakasta handiz pasatu du belaunaldi batetik bestera bere baliagarritasun froga, adin aldaketa gaindituaz.

Hain zuzen ere, ereserkirako lehen estrofa bakarrik hartzea proposatzen da, gehituz «gora Euskal Herria eta euskaldunak, gora!». Letra hori lasai irakurriz gero, ez du ematen ezerk sorraraz dezakeenik ezinegona, edozein belaunaldi eta adinetakoa izanik ere.

Bi hitz omen dira gustatzen ez ei zaizkienak, bedeinkatu eta santua. Hitz biak, hain zuzen, euskaldunen artean era metaforikoan sarri erabili izan dira. Orotariko Euskal Hiztegian hainbat esaldi daude, bi hitz hauek testuinguru erlijiosotik at erabilita. Etxeparerengandik hasita, ikus bedeinkatua: Garaziko herria / benedika dadila, / heuskarari eman dio / behar duien thornuia. E 251. Urratuten ditu kartaak ta egiten dau promes legez ez geijago kartarik eskubetan artuteko. […] irabazi baleu, bedeinkatuko zituban kartak. Mg CO 58. Goikua lorak erregatzen asi zan eta gu bedinkatu giñuzen’ Elexp Berg.  Eta santua hitzarekin, antzera. Hemen beste adibide batzuk: Alferrik ibilli zan / goiz santu guztian, / ezin topaturika / eizika mendian. It Fab 75. Tebeo bana erosi ostean, herritik zeihar iragan ziran, denek santuak ikusten. Ib. 160s.

Gernikako Arbola kantua alegoria bat da, arbola dela esateak, bedeinkatua dela, euskaldunen artean guztiz maitatua, edo zabaltzea munduan fruitua, arbola santua adoratzen dugula aipatzeak zentzu alegorikoan ulertu behar dira. Eta natura, maitasuna, munduan fruitua zabaltzea, arbolak kantu horretan duen esanahia, zerk du horrek baino gaurkotasun handiagorik?

Eta hor dago kanta honen puntu indartsuenetakoa. Inor molestatu barik, gaur ere edonork bere egin dezakeela, deritzon interpretazioarekin, belaunaldi guztiontzako baliagarri izanik. Etorkizunari begira ere.

‘Gernikako Arbola’ etorkizunari begira, berriz ere ‘Gernikako Arbola’ etorkizunari begira, berriz ere ‘Gernikako Arbola’ etorkizunari begira, berriz ere

11 pentsamendu “‘Gernikako Arbola’ etorkizunari begira, berriz ere”-ri buruz

  • Ba ote da arbola bat “gurtzea” baino gauza paganoagorik!!!!

    Gernikako Arbola izan da de facto gure ereserkia. Urtetxo batzuk baditut eta, gogoan dut garai hartan bertso-saioen amaieran denok zutik jarri eta Gernikako Arbola kantatzen zela solemneki. Ereserki modura, aldarrikapen modura. De facto gure ereserkia zelako hura.

    Oraingo debate hau ez dut ulertzen, dozenaka kanta edo melodia absurdo artifizialki plantetzeko joera hau ez dut ulertzen. “Bedeinkatu” eta “santu” hitzak omen dira oztopo (“gure jesus jauna berpiztua adora dezagun” esango balu, ba bai, ulertuko nuke, baina, kontxo, arbola puta bat dela!).

    Balio sinboliko hutsa duten bi hitz horiek jasanezinak egiten zaizkiona joan dadila, arren, errolda-erregistrora bere Mikel edo Jon (edo, noski, Josu) izenak Haritz edo Hodei bihurtzera. Edo Donibanen, Donezteben edo San Pedron bizi bada, joan dadila herriaren izena aldatzeko mozioak egitera.

    Zenbat txorakeria.

  • Ez da nork egiten duen bere eta nork ez, baizik eta kanpo uzten gaituela kristau ez garenak eta hegoaldeko lau probintzietakoak ez direnak.
    Eta nork daki Gernikako Arbola kantatzen? Nik ez.

    Temati zabiltzate jendea konbentzitu nahian… Baina euskaldunok egina dugu ereserkiaren hautua; elkartzen garenean kantatzen dugunari erreparatzea besterik ez da behar zein den jakiteko.

  • Jathorrizko textua:

    Guernicaco arbola
    Da bedeincatuba
    Euscaldunen artean
    Guztiz maitatuba:
    Eman ta zabaltzazu
    Munduban frutuba,
    Adoratzen zaitugu
    Arbola santuba.

    Oharra: Borz -uba- horiec -ua- modura ahoscatzen ahal dirade.

    Erraz erraça.

    Adeitsuqui

  • ziriñe, ez, bi hitz horiek sinbolikoak dira eta kristau ez garenok ez gaitu kanpoan uzten.
    eta zergatik uzten ditu kanpoan iparraldekoak, estrofa horrek “euskaldunak” aipatzen dituenenan?·nik kontatzen dudan bertsio-saio horietan, Iparraldeko jende eta bertsolariak ere jartzen ziren zutik eta kantatzen zuten.
    zuk ez badakizu kantatzen Gernikako Arbola (edo euskal kulturako kanta enblematikoetako edozein) zurea da arazoa, ez kantarena.

    “elkartzen garenean kantatzen duguna”…zer ote da hori.

  • Benat Castorene 2023-12-15 10:52

    Duela orai zenbait urte, Eneko Bidegainek, uste dut, ezagutarazi zigun lehen mundu gerlako audio dokumentu hunkigarri bat. Dokumentua preso zelai bateko artxiboetan aurkitu zuten. Izan ere orduko linguista batzuek, funts linguistiko osatu nahian, grabatu zituzten bi preso euskaldunen solasak eta kantuak. Gauza bera egin zuten europako preso anitzekin. Euskaldunetan, bietarik bat zen Arbonar eiherazain xume bat Suhas izenekoa eta zer kantatu zuen? … eta Gernikako arbola!
    Iduriz ordu hartan jada ezaguna eta preziatua zen iparraldeko eskualdun xumeen artean. Kutsu kristauko hitzek ez ez zituzketen asko moleztatuko ezta eduki politikoaren moderaziak ere . Ba alderantziz erran nezake. Bestetik “euskaldun” hori eta “laurok” hori ere laster aldatuko zuketen ala ez.
    Anekdota tipi bat baizik ez da.

  • beñat, ez da anekdota ttipi bat soilik, oso adierazgarria baita esaten duzuna.

    Argi eta garbi erakusten du Gernikako Arbola Euskal Herri OSOAN zabaldua dela, eta baduela gure Herriaren (maiuskulaz) kanta representatibo izaera hori. Horregatik kantatu izan da solemneki, zutik jarrita.

    Baina noski, orain adanismo bat bada, dena gaur asmatu (behar) balitz bezala, ikur tradizional guztiak arbuiatuz. Eta kanta batzuei (oso ederrak eta hunkigarriak badira ere) inoiz izan ez duten kutsu enblematiko eta representatibo bat eman nahi diete sudur puntan jarri zaielako. Eta defentsarien artean nor eta Gernikako Arbola kantatzen omen ez dakien bat, adibidez.

  • Zirñeren logikari jarraituz, euskaldunak ez diren horiek ere kanpoan uzten ditu? Baskoak non gelditzen dira??? Eta euren burua espaniartzat hartzen duten euskal herritarrak???
    Ziriñe, tontokeriak alde batera utzi ditzagun, eta behingoz, zerbait eraikitzailea sortu dezagun.

  • Iñaki Azkoaga 2023-12-15 16:00

    Hau da 1 Gudu mundialean Prusiako ejerzitoak grabatutako Gernikako Arbola.

    https://www.mintzoak.eus/eu/arrangoitze/pasarteak/ber-10-07/

  • Nafarroa, lur haundi ta azkar beti leial
    zure ospea da antzinako lege zaharra
    Nafarroa gizon askatuen sorlekua
    zuri nahi dizugu gaur kanta
    Gaiten denok bat
    Denok gogo bat
    behin betiko iritsi dezagun
    aintza, pake eta maitasuna.

    Euskaldunon erreserki estatala.

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga 2023-12-28 00:09

    “Nork daki kantatzen?”, ez nau harritzen ere hori entzutea, sakabanaketa eta desnazionalizazioa hain handia izan da. Hor dago koxka. Nolanahi ere, ereserki bat ez da bolada bateko kontua, ez da moda, “sakoneko ura” baizik, gizatalde nazional baten identifikazio ikurra, jada ibilbide historiko bat baduena.

    Ez dut uste ereserkiak une bakoitzeko kantu herrikoienak edo zabalduenak direla ere (pentsa “God save the Queen”) eta, nolanahi ere, horiek elitismoari eta gerrari egiten zaion kantuak diren bezala, Gernikako Arbola herrikoia eta irekia da, are paganoa!

    Santua, bedeinkatua, maitatua, loriatua, adoratua, goretsia, laudatua, kuttuna, zorionekoa, dohatsua, agurgarria, ospez betea… garaian garaiko kultur hitzak antzeko kontzeptuak adierazteko.

  • HamaikaEntzuteko 2024-08-29 14:03

    “elkartzen garenean kantatzen” ditugunak. Nork baina? (Oyes, pianista, toca algo que conozcamos todos). Zer da eta Gernikako Arbola bera kantatzen ez dakiten batzuek ezagutzen dituzten bi euskal topikazo apurrak izango dira euskaldunen adierazgarri. Han! Gero barre egingo diozue Vaya Semanitari.
    Anoetako futbol partiduetan, norbait hil zelako minutuko isilunea egiten zenean, Aita Donostiren “Oinazez” ederraren notak entzuten ziren. Duela gutxi, “Izarren hautsa” (hau ere) ederrarekin ordeztea erabaki du norbaitek (oyes, pianista, toca algo que conozcamos todos).
    Jakina hunkigarria eta ederra dela “Izarren Hautsa”. Baina, batzuentzat, badirudi euskal kulturaren bagajea eta emozioen isla bi gauza ultraerabili eta ultraezagun(arazi)etara mugatzen dela.
    Euskal Himnoa? Txoria Txori. Hildako osabaren entierroan? Txoria Txori. Futbol taldea animatzeko? Txoria Txori. Oso pozik gaudela loteria tokatu zaigulako? Txoria txori.
    Egoera hunkigarri bat gogoratzeko? Izarren Hautsa. Euskal Jaialdi batean? Izarren Hautsa. Realeko jokalari baten omenezko isilunea? Izarren Hautsa… etab…
    Gernikako Arbola zer (izan) den baloratzen eta are usaintzen ez dutenek erabakiko dute herri oso baten ereserkia. Bego, bada. Baina ez saiatu esplikatzen mesedez.