Gernika-Palestina. Elkartasuna. Askatasuna! Nakba, 75 urte
Gernika-Palestina. Elkartasuna. Askatasuna! Nakba, 75 urte –
Zoriontsu eta aske ginen, gure sorterrian. Egun batean kanpoko munstroak heldu eta arima beldurrez josi ziguten, burumakur bizitzera behartu gintuzten, gure sorterrian. Goizetik gauera, herria, etxea, senideak eta itxaropena galdu genituen bonbekin. Ohe azpian bizi ziren munstroei beldurra galdu genien horren ostean, benetako infernua ezagutu baikenuen. Erre-usaina herrian, errauts-zantzuak birikietan eta betirako marka bat bihotzean. Palestina, gernikarrok sentitzen dugu bai, zure mina.
1948tik, hau da, orain 75 urtez geroztik, Nakba eguna gogoratzen da (hondamendia, arabieraz); maiatzaren 15ero, zehazki: indar sionistek palestinarren aurka abiatutako jazarpena Israelgo estatua eraikitzeko eta hedatzeko asmoa, hain zuzen ere. Ia 800.000 palestinar inguru bortxaz kanporatuak izan ziren haien bizileku eta lurretatik, 400-600 herri suntsituz bidean: konfiskazioak, herrien izen aldaketak, bertako ekosistema aldatzeko landaketak… bide guztiak baliatu zituen sionismoak helburua betetzeko. Politika anexionistari eutsi diote modu ezberdinez, ordutik; Palestinako herriari bakean eta konponbide ezara kondenatuz. 5000 bat preso palestinar daudela gogoratu behar dugu, egun hauen aurretik jada, Israelgo espetxeetan gatibu dituztelarik. Horietako bat, orain aste batzuk, 87 egunetako gose greba eta gero hil zen.
Milaka eta milaka familia deserrotu dituzte orain arte. Eta deserrotu diogu, hori baita Israelgo estatuaren helburua: palestinarrak deserrotu eta desager araztea. Duela 2.000 urte inguru sustraiak bota zituen herria desager araztea, eskubide edo mandatu biblikoa aitzakia gisa hartuta. Milaka eta milaka familia erbesteratzera behartu dituzte 1948. urteaz geroztik eta erbestean bizitzera behartzea gutxi balitz, umiliatu ere egin dituzte. Zisjordanian eta Gazan babes hartu zuten familiek harresietan eta lubakietan dituzte begiak, eta Israelek inposatutako checkpoint amaigabeetan utzi dute pazientzia. Sorterria lapurtu eta betiko kartzelara kondenatu. Hori bihurtu baitira Zisjordania eta Gaza, kartzelak. Bertatik ezin atera, ezin amestu eta ezin bizi. Eta tira, hori bizirik jarraitzen dutenek, genozidio honetan hildako palestinarrei aspaldi lapurtu baitzizkieten ametsak. Gazako herritarrei bonbekin lapurtzen dizkieten bezalaxe, noiznahi.
2011ko ekainean -laster 12 urte beraz- “Gernikak Gazari” ekimena sustatu zen Euskal Herrian: “Askatasunaren Ontzidia” delakoak Gazara janariak eta botikak eroango zituen ekimena, eta, ontzietako batek, laguntzokin batera, Gernika izena eraman zuen idatzirik. Sartzea debekatu, jazarria eta erreprimitutako ekimena izan zen. Mezu hau zeraman berarekin, ordea:
“Israelgo hiritargoari zuzentzen gatzaizkio, ahots ozenez zuzendu ere. Halako gogo handiz itxaroten duzuen bakea eta ziurtasuna ez dizkizue besteak mendean hartzeak edota inoren lurraldeak zapaltzeak; aitzitik, gogor ekin behar diezue zuen agintaritzari, ez dezan populua bonbardatzen segi, palestinar herriaren eskubide zibil eta politikoak errespeta eta betearaz ditzan eta bere burua 1967az geroztik NBEk ebatzi dituztenen mende jar dezan.
Ebazpenotan argi adierazita baitago palestinar herriak lurralde zehatz batean bere palestinar Estatu independentea osatzeko duen eskubidea. Gerra orok dakartzan izugarrikerien adierazpide unibertsala den eta mundu zabalean ezagunik bada ezaguna den Picassoren “Guernica” artelanaren haren isla den honen itzalpean, Gernikako herriak Gazarekikoan bizi duen elkartasun gogoa adierazi nahi du, eta esan, egunen batean artelan hau haraino eroan ahal izatea dela gure asmoa. Bitartean, ahalik eta epe laburrenean bakea erdiestea opa diogu palestinar herriari eta populuari. Bakea, bai, baina justiziaren eta askatasunaren eskutik”.
12 urte geroago, hitzok, egunerokotasun bera izaten jarraitzen dute. Tamalez.
Eskubidea aitzakiatzat du Israelek baina ez dakigu, benetako eskubideez ari garen. Ez dakigu, Gaza bonbaz jostea, Jerusalemen garbiketa etnikoa egitea, Zisjordaniako Hebron hiriaren erdian palestinarrak egunero-egunero metrailaz apuntatzen eta umiliatzen dituen kolonia israeldar bat sortzea, bertakoak izan arren umiliatzeko helburu bakarrarekin checkpoint amaigabeak jartzea, palestinarren baratzeak izorratu eta olibondoak moztea, haurrak ikaratzea, odol-isuria edo-nolaz justifikatzea eta ostean begiak ixtea eskubidea den. Hurkoa bonbaz eta tiroz hil, haurrei etorkizuna kendu, herriari baliabideak lapurtu, egia zentsuratu eta okerrena, herriari sustraiak moztu. 2.000 urteko sustraiak moztu. 1937ko apirilaren 26an guri moztu zizkiguten bezala. Palestina, gernikarrok sentitzen dugu bai, zure mina.
Guk gure herrian ez al genuen nahikoa izan, ostean beste askok ere gauza bera pasatu behar ez izateko? II.Mundu Gerraren ostean ez al zen besteenganako gorrotoa lurperatu? Inor deserrotu eta desagerrarazteko gogoa ez al zen Auschwitzeko gas-ganberekin batera desagertu? Historia idatziz goaz bai, baina ez dakigu zer nolako tintaz, azkar ahazten zaigulako. Zaielako. Mikel Ayestaran euskal kazetariak bere azkeneko liburuari amaiera emateko esan bezala, “todo está escrito, pero parece que nadie quiere leer, tomar nota y aprender de un pasado que se come el futuro”. Gernikan historian zehar idatzitakoa irakurri nahi izan dugu eta hala egiten jarraituko dugu, ohe azpitik munstro gehiagorik atera ez dadin.
Palestina, gernikarrok sentitzen dugu bai, zure mina. Eta gaur ere zurekin gaude, ondoan.
Gernika-Lumon, 2023ko maiatzaren 15ean