Gernika memoria leku eta lekuko
Gernika memoria leku eta lekuko –
Iazko apirilaren 26an lehen aldiz, Espainiako estatu mailako gobernu ordezkari bat -Memoria Demokratikoaren Estatu idazkaria- Fernando Martínez López jauna, agertu zen Gernika-Lumon, Gernikako bonbardaketaren urteurreneko ekitaldi instituzionaletan parte-hartzeko. Egun berean, Espainiako gobernuak 1937ko gertaera hura errefusatu, eta biktimak aitortu zituen adierazpen ofizial bidez. Gernika-Lumo gorri-separatistek erre zutela ezarri zenetik, espainiar adierazpen ofizial bakarra. Bazen garaia.
Aurten, 86 urteurrenaren ekitaldietan, Bolaños jauna, Presidentziaren Memoria Demokratikoaren ministroa Gernika-Lumora etorri da. Bisita azkarra izan arren, aurreko urtekoaren bide berean, hau ere Memoria Historikoaren lanketan berri ontzat hartu zitekeen. Baina hortik eta egun bitara, hedabideen bidez Ministerio horrek Gernikako Batzar Etxea bonbardaketaren memoria lekua izendatzea erabaki duela jakin dugu euskaldunak (eta berdin EAEko erakundeen arduradunak). Egia da Espainian Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren garapenak ez duela bide erraza izan. Jakina da, bestalde, frankismoaren iraupen sinboliko eta instituzionalaren jarraipenaren aurrean ez-ikusiarena egitea eta aldiz, memoria demokratikoarekiko isiltasuna eta iluntasun partzialak mantentzea izan zela Erreforma-Trantsizioaren hitzarmenaren ondorioetako bat. Eta hainbat herritarren duintasun gogoak urtetan eutsi diola egia azaltzeko beharrari, edo beste modu batean esanda, Memoria Demokratikoaren beharrari. Zehazki, 1975-76an, Gernika-Lumon, 1937ko bonbardaketa oroitzeko eta argitzeko beharraz herri taldeak mugitzen hasi zirenetik (Gernikako Bonbardaketaren Talde Ikertzailean bildutako herritarrak, besteak beste) ikerketa historikoa, artxiboen irekiera, biktimen aitortza, erreparazioa, arduren ezaguera, egia, justizia aldarrikatu zituzten. Harrezkeroztik beste talde batzuk eta instituzioak gehitu ziren lanketa herrikoi horretara Herri Aldarrikapen osoa eraikitzeraino. Multzo banaezina osatzen zuen errebindikazio horien ardatza, Guernica Gernikara etortzeko aldarria zen. Eskarien artean, gainera, ekimen sakon sinbolikotzat zeukatena, “egi” ofiziala ezeztatzea eta gobernu mailako beste adierazpen bitartez, egiaren aitortza aurre-ikusten ziren.
Tinkotasun bide luze horretan zehar sarritan pentsatu izan dugu, Espainiako gobernuetako kideentzat Memoria Historikoa bigarren mailako auzia izan dela, eta, edozein kasutan, Gernika ez daukatela, benetan, Memoria Lekutzat. Azken egunotan gertatutakoak aski frogatzen digu gure iritzi hori. Zaila da Bolaños ministroaren ekipoak, Gernikako Batzar Etxea 1937ko bonbardaketaren oroimenerako lekutzat hartzea zergatik aukeratu duen ulertzea. Hasteko, jakin beharko lukete proposamenaren egileek Batzar Etxea eta Gernikako Arbola ez direla bakarrik Bizkaiko edo EAEko sinboloak. Euskaldun guztien ondare sinbolikoak dira, Bidasoaren alde bietara, Euskal Herri osoarenak. Hori jakiteko ez dugu behar Espainiako edo Frantziako gobernu baten aitormenik. Bonbardaketarekin lotuta daude baina ez daude 36ko gerrako gertakizunetan errotuta. Baina bai da egia, horiek egin dutela Gernika-Lumo, Euskal Herriko bihotzetako bat. Eta izaera horrek azaltzen du jasan zuen erasoa, herri baten irauteko borondatea birrintzeko egin zelako. Eta horregatik -beste hainbat kasutan bezala- gertatutakoa ezkutatu nahi izan zen, hildakoen oroimena ahantzi, eta, horrekin batera, eraiki zitezkeen beste etorkizun aukerak betiko iluntasunean gera zitezen bilatu.
Horregatik biktimak ez ziren inoiz zenbatu. Horregatik Gernika-Lumo frankista berreraiki zen aurrekoaren gainean, hildako asko eta asko oraindik hondarren azpian bertan zeudela. Horregatik historiagintzaren beharra dugu oraindik, arduren zehaztasunak jakiteko. Horregatik nahi ditugu artxiboak zabalik, egia gure eskubidea delako. Horregatik Memoria Lekua Gernika-Lumo da, bere osotasunean. Horregatik nahi dugu Guernica Gernikan, askatasunerako. Ea behingoz ulertzen duzuen.
…
Gernika Memoriaren Lekuko
Gernika memoria leku eta lekuko