Gernika-Lumo bonbardatu dute (berriro)
Gernika-Lumo bonbardatu dute (berriro) –
Gernika-Lumon azken udal hauteskunde osteko bi alderdiren artean (PNV-GH) eman den akordioak sentsazio gozakaitza uzti dit urdailean. Herritarrek zalantza eta ezinegonean bizi izan dute nork eskuratuko duen aginte-makila eta gidatu lau urtean herriko politika orokorra. Onartu beharra dago estu hartu dituela bozketak hiru alderdi politikoak, Ehbildu garaile atera bada ere. Uste izatekoa izan da, hortaz, alderdien arteko solasen ondoko ondorioa, hauteskundeetan garaile atera denari lagako ziotela gobernua osatzen, nahiz eta minorian izan.
Baina hara, GHk azken txanpan onartu du Ehbildurekin berba egitea, hots, erabakiak hartuta dauden azken egunean. Solastearen kortesia faltsua da hamasei urte hauetan Gorroño deskribatzen duen ezaugarriak, Gorroño despotarenak. PNVk ere despota jokatu du, muzin egin baitio Ehbilduri hark egingo diola agindutako azken deiari.
Azpijokoak, engainuak, traizioak, horiexek dira PNV eta GHren jokamolde karakteristikoak. Gero badaude politika egiteko beste modu batzuk ere: ”Nire etsaien etsaia nire laguna da”. Hortaz, PNV eta GH etsai dute Ehbildu eta haiek hartzen dituzten erabakiak justizian barik, gorrotoan oinarritzen dituzte.
Gurean hirugarren geratu dena bigarrenarekin iritsi da akordio miserable batera (miserable: arbuiagarria den portaera, batez ere asmo txarrez jokatzen denean, besteei egiten dien kalteaz axolatu barik).
Orain ulertzen dut zer esan nahi duen poltronismo hitzak edo baita botere gose agortezinak ere (diru gose barne, hiru aldundien jabe egin baita PNV). Kasu hauetan ez dira herritarren interesak edo emandako botoak kontuan hartzen, alderantziz, erdeinatu egiten dira. Norberarenak dira interes kazikia bakarrak, herriak hautatua bost haiei! Eta haien portaera definitzen duten hitz bat baino gehiago dago: Indignoak (indignoa: erantzukizunez, seriotasunez eta bere buruarekiko eta besteekiko errespetuz jokatzen ez dakiena, eta umiliatzen eta degradatzen duena aurkaria); printzipiorik ez izatea (printzipioak: gezurrik ez esatea, gainerako pertsonen eginbidea errespetatzea, HERRITARRENA, batik bat).
Era kanalleskoan portatu dira, jakina, era arbuiagarrian. Gernika-Lumoko alderdi irabazletik onura lortu dute, duela gutxira arte elkarri gorroto (PNV-GH) izan dioten biek ala biek. Perbertsoa da hauen bien jokamolde politikoaren ezaugarri nagusia.
Demokrazia eta politika egitea hauen hau ere badenez gero, joan daitezela biak ala biak txerri askara, kakatzan eta usain fetidoz inguratuta hobeto moldatzen baitira, joko zelai garbi eta aratzean baino.
Oharra: Kanbalatxe hauek estrapolagarriak dira Euskal Herri mailan PNV-PSOEren artean eman izan diren akordioetara.