Generoso euskaraz (edo Mendiarekin bat)

Generoso euskaraz (edo Mendiarekin bat)PSE-ko Idazkari Nagusi Idoia Mendiarekin bat gatozela-eta, Radio Euskadin berak esandakoak berrestera gatoz, intimitatean euskaraz egiten duten hiru Generoso aurkeztuta.

Idoia Mendiak bazterrak sutu eta euskahaldunak mindu ditu beste behin, gazteleraz oraingoan, euskaraz egin izan duen bakoitzean jipoitu baitu hizkuntza. Mozolo samarra ematen badu ere, ezin ukatu PSE-ko buruak ahotik botatakoek zeresan franko ematen dutela, ez da euskahaldun (orain horrela esaten da ezta?) jendea Twitter-en txio eta txio entzutea besterik, #EskerrikAskoIdoiaMendia traola erabilita. Baina… zer esan du bada horren asaldagarria?

Radio Euskadin eman zuen elkarrizketaren bi momentu gorenak, gure ustetan, jaso ditugu.

 

 

“Eskuzabaltasun itzela egon da gazteleradunen aldetik, euskarak hiztun gehiago izan ditzan” batetik; eta “azkenean hizkuntza oso kontu intimoa da, barruan sentitzen duzuna, adierazteko darabilzuna; eta zuk aukeratzen duzu zein hizkuntzatan adierazi momentuaren arabera”. Onena, azkeneko traola: “eta #horihalada!”. Egia borobilak Mendiarenak, hemen berretsiko ditugunak adibide argigarrien bitartez.

Lehenengo eta behin, “generoso” hitza argitu beharko genuke. PSE-ko Idazkari Nagusiak erabilitako hitza “eskuzabal” itzuli baitu euskahaldungoaren gehienak. Baina Real Academia Españolaren hiztegiari begiratuta, bost esanahi ezberdin ditu hitzak, bost adjektibo. Beherago ikusiko ditugu banan-banan.

Bigarrenik eta akabo, gure historia hurbileko hiru gizon haundi, hiru Generoso, ekarriko ditugu orriotara, kastellanoparlanteak intimitatean espresatzeko euskara ere aukeratu dutenaren adibide: Generoso López, Generoso Sanz eta Generoso VI -saiatu gara Euskaltzaindiaren Onomastika atarian izenaren euskal ordaina aurkitzen, baina ez dugu erantzunik aurkitu; osaba Sabinek ez zuen itzuli antza-. Gainera, Generosoetako bakoitza RAE-k egiten duen adiera batekin lotu dugu.

 

GENEROSO, SA. (Del lat. Generosus). 1. adj. Dadivoso, franco, liberal. 2. adj. Que obra con magnanimidad y nobleza de ánimo. U. t. c. s. 3. adj. Abundante, amplio. Plato generoso. Escote generoso. 4. adj. Excelente en su especie. Caballo generoso. 5. adj. p. us. Noble y de ascendencia ilustre.

 

Generoso Sanz lehen adierarekin lotu dugu, “dadivoso, franco, liberal”, tolesgabea eta egiazalea bera. Hizkuntzari dagokionez Nafarroa hirutan zatituan gutxik pentsatuko luke Corellako presidente ohiak urtero-urtero Gabonak euskaraz zoriontzen dizkiola familiari, intimitatean.

 

Generoso López bigarren adierarekin bat dator bete-betean, hain da gizona “que obra con magnanimidad y nobleza de ánimo”; López Lehendakari adoretsua beti laguntzeko prest. Merkeak ez ziren izan baina emaitzaren bat eman dute jasotako euskara eskolek; intimitaterako gordetzen badu, lotsatia delako baino ez da.

 

Generoso VI-ari dagokio azken adiera, “noble y de ascendencia ilustre”, ez da alferrik de Borbon y Grecia. Odol urdineko gizonak Gabriel Arestiren “sólo es español quien sabe, Meabe, las cuatro lenguas de España” olerkia ei du mesanotxean -koroatzera gonbidatu zuen bilbotarra-. Eta horretan dihardu, ez soilik intimitatean.

 

“¡Qué bueno toca usted!”
Arestiko hiru ikus-entzunezko dokumentuak nahikoa beharko lukete Mendiaren hitzak zein aproposak izan diren agertu eta oker ziren euskahaldunak zuzen bidean jartzeko -pentsa zein eskuzabalak izan diren, azpititulu beharrik ere ez dugu izan-. Baina RAE-ren adierak bost zirela eta, aurrera egitea deliberatu dugu.

“Abundante, amplio” ei da hirugarren adiera, eta zein hobeto Idoia Mendia baino, adibide modura. Idazkari Nagusi (behingoz) euskahalduna hautatu dutelako eskuzabalak izan dira oso PSE-ko gazteleradunak ere (edo kastellanoparlanteak): Generosa Mendia.

 

“Excelente en su especie” da falta zaigun adiera eta, egia esatera, urrutira jo behar izan dugu adibide bat lortu eta politikariak bazter utzita zapore onarekin bukatzeko: Benny Moré kubatar musikari bikainaren taldeko Generoso Jimenez tronboi jolea, 2007an zendua. Entzungai dugun kantuan, “Generoso, ¡qué bueno toca usted!” botako dio Moré maisuak (1.10 minutuan) jarraian tronboi solo bat egingo duen musikari eskuzabalari…

eskuzabaltasuna, euskera, generoso, Idoia Mendia, PSE, Radio Euskadi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude