Maitasuna, edertasuna eta etorkizuna, gazteen begiradatik
Maitasuna, edertasuna eta etorkizuna, gazteen begiradatik –
Geruzak proiektuak hiru gai berri jorratu ditu. “Maitasuna” eta “Edertasuna” ikusgai daude dagoeneko geruzak.eus atarian. “Etorkizuna” ikus-entzunezkoaren estreinaldia datorren azaroaren 16an egingo da Errenteriako Badalab-en, 19:00etan.
Bueltan da Geruzak proiektua, gazteen kezka eta galderetatik abiatuta gogoeta kritikoa pizteko Elkar argitaletxeak eta Jakin Fundazioak abiatutako egitasmoa. Feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua gazteen artean lantzeko ikus- entzunezko sorta eta webgunea biltzen ditu egitasmoak eta ikus-entzunezko bakoitzak bi elementu osagarri ditu: batetik, eztabaidari bidea egiten jarraitzeko kaiera tematikoak eta, bestetik, gai bakoitzari lotutako kultur sorkuntzen erreferentzia sorta. Horrela, gazteei ahotsa emateaz gainera, pentsamendua bultzatzeaz gainera, euskal kulturarekiko transmisioari beste bide bat ireki nahi zaio. Azken eta laugarren xedea, euskarazko ahozko espazio berri bat irekitzea da, gazteek euren intereseko diren gaien inguruan euskaraz pentsatu, hitz egin eta parteka dezaten. Hori guztia Geruzak webgunean dago.
Pasa den ikasturtean sei gai jorratu ostean, hiru atal berri osatu ditugu. Oraingo honetan, lau gazte hauek izan dira ikus-entzunezkoetako protagonistak: Julene Susana Samuel Ipua, Maialen Imaz Balza de Vallejo, Maren Duran Lema eta Mikelsa Etxebarria Lafuente.
Gai bakoitzarekin hainbat galdera egiten zaizkie gazteei. Etorkizunaren inguruan, esaterako, honakoak: “Zer da etorkizuna zuretzat? Etorkizunean pentsatzen al duzu? Nola irudikatzen duzu? Etorkizunean ez sinesteko arrazoiak zein dira? Eta etorkizunean itxaropena, konfiantza eta poza sentitzeko arrazoiak? Eta, gaur zer egingo dugu etorkizun hobe baten alde?”.
Bestalde, webgunerako hainbat adituk osatu dituzte gai bakoitzari dagozkien erreferentzia zerrendak. Kasu honetan, arteari dagokion atala Hariak taldeak osatu du; bertsolaritzarena, Uxue Alberdi Estibaritzek; dantzarena, Jon Maya Seinek; literaturarena, Castillo Suarez Garciak; musikarena, Olatz Salvador Zalduak; eta, antzerkiarena, Arantxa Hirigoienek.
Errenteriako emanaldiaren ondoren, lau gazte protagonistekin solasaldi bat egingo da eta bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Maitasuna, edertasuna eta etorkizuna, gazteen begiradatik