Gazteen euskal gatazkari buruzko ezagutza
Gazteen euskal gatazkari buruzko ezagutza –
Zergatik ez dakite gure gazteek?
Deustuko Unibertsitateak egindako ikerlan baten arabera, euskal gatazkari (garaikideari, jakina) buruzko ezagutza «eskasa» da gazteen artean. Euskal Herriko historia nola irakats daitekeen identifikatzen du instituzioak, bakea eraikitzeko bidean aurrera egiteko (Bakea? Zer da bakea?). Gehituko nuke nik Euskal Herriko gazteek ez dakitela zipitzik ere historian zehar gurean eman izan diren gatazkei buruz, oro har.
Atzokoei eta gaurkoei buruz, jakina. Gure gazteek ez dakite ETA erakunde armatua Euskal Herriko soberaniaren aldeko borrokan altxatu zela armatan, gure historian zehar hainbat mendetan egin bezala beste erreboltari askok. Gazteek ez dakite azken bi Gerra Karlistetako erreboltariak soberania itxurako izaera juridiko-politiko-sozialaren alde egitearren altxatu zirela armetan, Espainiak ezarritako sistema ete errejimenaren aurka, Euskal Herriko espezifitate tradiziozkoa aldarrikatzearren. Gazteek jakingo ahal dute Fernando Katolikoak Nafarroako Erresuma inbaditu eta konkistatu zuela Manu Militari, 1512 urtean, eta harrezkeroztik Nafarroak erresuma independiente eta soberanoa izateari utzi ziola, Gaztelako lurralde arrunt bilakaraziz!
Gazteek zer jakingo dute Bianako Printze izendatu zuela Karlos III. Nafarroako erregeak, Blanka I.aren seme oinordekoa alegia, Nafarroako errege izan zedin ama hildakoan! Eta Karlosek, Blanka I.a Nafarroako erregina hil eta gero, Karlos Bianakoak erregetza lortu ezinda, bat egin zuela Gaztelako erregearekin Nafarroako erresuma inbaditua eta konkistatua izan zedin bere asmoak betetzearren, Nafarroari traizio eginez? Eta jakingo ote dute Euskal gazteek egun Espainiako Koroak Sari banaketa bilakatuta duela Bianako Printzea, XVI. Mendeko Gaztelako inbasioa eta konkista gaur egun ere euskal herritarrok birgogoratu dezagun urterik urte?
Ai gure gazteek balekite duela mila bat urte (IX. mendetik aurrera edo) bazirela gurean Euskal Herriaren alde borrokatzen ziren Ahaide Nagusiak (agramondar eta ganboatar nobleak, galtzaileak, alegia) eta Euskal Herria Gaztelaren atal (txatal) izatea aldarrikatzen zutenak (beamondar eta oinaztar nobleak, garaileak beti)! Hori jakingo balute ondorioztatuko lukete mila urtean deus gutxi aldatu dela gure historiaren bilakaeran.
Jakingo al dute gure gazteek orain dela mila urte Nafarroako Erresumaren baitako lurralde zirela Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba, hala nola Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoa, lurralde den-denak bai frantziarrak bai gaztelarrak konkistatu eta inbaditu zuten arte, armak, sufrimendua eta herioa zabalduta? Eta hori balekite, hots, Euskal Herria zazpi lurraldez osatuta egon zela eta egun ere badagoela, hizkuntza, garai bateko lurralde antolaketa Nafarroaren arragoaren baitan, ohitura eta tradizio bera zutelako zirela-ginela herri eta nazio bakar, harik eta albo herri eta erresumetako indarkeria militarra, inbasio eta konkistak gu Euskaldun espainiar eta frantziar bilakarazi nahi izan ziguten arte, gure nahiaren aurka, eta, inoiz, ederki asko asimilatuta, zelako ondorioak aterako lituzkete gaur egun?
Euskal Herriko gazteek hau guztia eta gehiago jakin beharko lukete. Eta aldi berean, denboraren joan luzeak ez gaituela Euskaldunok espainiar eta frantziar egiten, eta gu izan nahi duguna garela eta ez bestek gu izaterik nahiko luketena. Eta jakin beharko lukete, halaber, Euskal Herriko historia galtzaileena izan dela, menperatuena eta asimilatuena. Gazteek ez dute informaziorik hori guztia jakiteko, ez zaie informazio hori guztia ematen, establishment-ak nahi ez duelako. Gazteak era interesatuan ditu sistemak-erregimenak desaktibatuta, desmotibatuta, desafektatuta. Oraina baino ez dute bizi nahi, jakina. Euskal Herriko iraganaren gaineko informazio globala izateak kontzientzia eragingo lieke. Eta ezarritako sistemak ezin du hori onartu. Oraina bizitzeko ez da kontzientziarik behar, nahikoa da konszientea izatearekin. Ezarritako sistemarentzat kontzientzia kaltegarri zaie gazteei. Bizi dugun errealitatea interpretatzeko gaitasun konszientea izatea baino ez zaie eskatzen gaur eguneko gure gazteei. Zer bake mota eraikiko dute gaur egungo gure gazteek, bizi duten gatazka bakarra egunean-egunean nahierara bizitzea baino ez denean?
Esan nahi baitut, ezen Gaztela-Aragoiko erresumen historia konkistan, inbasioan, txikizioan eta usurpazioan egon dela oinarrituta, Franko bera hil arte ere. Eta orain Deustuko inibertsitateko aditu horiek kezkatuta daude gure gazteek (EAEkoak ala Euskal Herri guzikoak?) guk euskaldunok sortu omen genuen gatazkaz ezer gutxi dakitelako. ETA bakea eraikitzeko orduan (?????) Ez dakitela sokari nondik tira baten daki zer egoera espirituala lortze aldera. Gazteek soilik dakite dakitena, komeni es delako irakastea historia bete osotasunean, gero bakoitzak atera ditzan norberaren ondorioak. Bakea liskar eta gatazkarik gabego egoera (artifiziala?) jakin bat da. Esan dezatela espainiarrek zelan eraikitzen den bakea eta, gero, gure gazteek erabakilo dute zein bake mota erdiko.
Arrazoi osoa duzu. Txarrena da gure ingurumariko politikariei hau berdin diela. Den-dena politikoki zuzena da. Zuk esan bezala, kontzientzia egite aldera, historia beste osagai batzuekin batera oinarrizko zutarri nagusia da. Etsaiak hezkuntza sistemaren bitartez bereak dauzka ezarrita, hemengo azaleko folklore zipriztin apurtxo batez dena mozorratuta, muinean sartu barik. Hala ez dago herririk egiterik.
Hemen ere gazteetan, zorigaitzez ikastoletarik pasatutakoaetan ere, euskal historiari buruzko ezagutza eskasa da eta badakigu zergatik. Baina egia da gurea ez zela itzela nahiz beharbada kuriositatea handiagoa ginuen. Baina sobera orokorki mintzo niz.
Gauza segurua da ezagutza horrek ez lukeela ondorio onik baizik izango gazte batzuentzat. Gauza bera erran genezake filosofiaz. Horregatik preseski gauza guti igurika dezakegu ezarritako sistemen aldetik. Beraz nola egin?
Gure burua pleinitzeaz aparte, gai izango ginateke oraindik kurtso paralelo libreak sortzeko eta ikasle bolondresi biak euskaraz erakasteko ikastoletarik landa? Hau da egoiazko galdera.