Gazteak Auzolanean: zortzi urte gazteen proiektuak bultzatzen
Gazteak Auzolanean –
- 13 gaztek eragin sozialeko 32 proiektu garatu dituzte dirulaguntzei esker. Aurtengo proiektuetan osasun mentala, aisialdi inklusiboa, emozioen kudeaketa, arte garaikidea edo deskonexio digitala bezalako gaiak jorratuko dira.
- 8 urte hauetan, 171.000 euro baina gehiago bideratu dira programa honetara.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak aurten ere, zortzigarren urtez, 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako Gazteak Auzolanean dirulaguntzak banatu ditu. Bost proiektu aukeratu dira, eta horietako bakoitzak 1.500 € eta 5.000 € arteko laguntza jasoko du 2025ean zehar garatzeko. Hautatutako ekimenek, aurreko urteetan bezala, laguntza ekonomikoaz gain, beharrezko laguntza teknikoa jasoko dute Gaztegune+ zerbitzuko lansaioen eta jarraipen-tutoretzen bidez, beren ideia proiektu bihurtzeko.
Isaac Palencia Kultura Sustapen eta Gazteria zuzendariak azaldu duenez, “Gazteak Auzolanean ekimenak urtez urte erakusten du gure gazteen sormena eta parte-hartzea funtsezkoak direla egungo erronka sozialei aurre egiteko. Hautatutako proiektuak gazteek osasun mentala, inklusioa edo deskonexio digitala bezalako gai garrantzitsuekin duten konpromisoaren adibide dira. Gazteria Zuzendaritzatik horrelako ekimenak babesten jarraituko dugu, haien ideiak gure gizartean eragina izango duten errealitate bihurtzeko behar diren tresnak eskainiz eta eskainiz”.
Ikuspegi eraldatzailea eta sortzailea duten lanak dira guztiak, elkarrizketa, gizarteratzea eta gizarte-aldaketa sustatzen dutenak. Programa honek, gazteen parte-hartzeaz gain, gazteen jarrera sortzailea eta ekintzailea bultzatzen ditu, gazteak beren herri eta hirietako eragile aktibo bihurtuz.
Gizarte-berrikuntzako proiektuak garatzen laguntzen duten dirulaguntza hauei esker, 2017tik, Gipuzkoako 113 gaztek 32 proiektu garatu ahal izan dituzte. Kultura, Gazteria, Lankidetza eta Kirol Departamentuak, guztira, 171.000€ baino gehiago bideratu ditu programa honetara urte hauetan.
2025ean garatzeko proiektu hautatuak:
1. Barruko dardara
Barruko dardara Donostian grabatuko den film laburra da: antsietatea eta agorafobia duen 20 urteko gazte baten istorioa izango du ardatz. Eszena intimo eta bizien bidez, ikusleak Luciak sentitzen duen angustia eta antsietate soziala esperimentatuko ditu.
Proiektu honen helburua da antsietate sozialaren eraginpean dagoen pertsona baten barruko borrokak ikusleari gertuagotik ulertaraztea eta erakustea. Gizartean edo ikusleen artean sentsibilizazioa eta enpatia piztu nahi ditu. Filma gaixotasun mentalaren inguruko estigmak arintzeko eta osasun mentalari buruzko elkarrizketa irekitzeko baliabidea izatea nahi da.
2. Haizeberri
Haizeberri proiektua gizartean dagoen hutsune bati erantzuteko sortu da, aniztasun funtzionala duten 15-25 urteko gazteen aisialdiari, alegia. Gipuzkoako hainbat elkartek/erakundek haientzako ekintzak antolatzen dituzte, baina batzuk horietatik kanpo gelditzen dira, plaza-kopurua mugatua delako, elkarte horietan izena emanda ez daudelako…
Proiektua Debagoienako gazteentzat da; hilabetero, asteburutan irteerak eta ekintzak egingo dituzte. Gazteentzako interesgarriak, motibagarriak zein guztientzat egingarriak diren ekintzak egingo dira, inklusioa sustatuz.
3. Gazte, emozioen jabe
Gazte, emozioen jabe gazteak emozioen eta horien kudeaketa lantzearen garrantziaz jabetzeko proiektua da. Ibarran gauzatuko da 2007, 2008 eta 2009 urteetan jaiotako gazteekin. Guztira, bederatzi saio egingo dira, igande arratsaldean herriko gaztelekuan.
Gazteen kezka eta beharretatik abiatuta, lehen saioan hurrengoetan adituen laguntzaz landuko dituzten gaiak aukeratuko dira. Gazteei entzun nahi diete eta, haiekin batera, programa eta gaiak landu. Gazteei aukera emango diete beren zalantzak, buruhausteak, iritziak, usteak, esperientziak… azaleratzeko.
4. Maite duten neskak
Maite duten neskak edo EMEDEENE, arte garaikidean, performancearen eta performantibitatearen bilakaera eta tipologia aztertzen duen arte-erakundea da. Norbere esperientziaren eta arte garaikideko ikerketaren arteko interkonexio-gune bat da. Hau da, esplorazio-gorpuztua da; taldea osatzen duten artisten interesetatik sortzen diren lan-ildoetatik abiatuta egiten du lan, esperientzia garaikideari dagokionez. Hainbat proposamen ekoizten, ikertzen, aurkezten eta garatzen dituzte, performatibitate gisa ulertzen dutenaren eta haren sorkuntza-prozesuen barruan.
EMEDEENEk argi du kapitalismoaren testuinguruan ekoizten eta ikertzen duela. Kapitalismoa bizi-modu gisa proposatzen dituen baldintza prekarioei eta sistema horretatik sortzen diren diskurtso apolitikoei erreparatzen die. Esperientzia horri atxikitako subjektu direla jakitun izanik, EMEDEENEk gorputzaren eta afektuen artean ikertu eta produzitzen du, agertoki utopikoak sortuko dituzten tresna eta diskurtso kritikoak proposatuz. Horretarako, maitasuna ekintza politiko izendatzen dute, aditz, gaizkia bortxatzen duen ekintza erradikal konplexu. Diskurtso transfeminista sakon batetik, hori da erantzuteko duten modua, eta praktika artistikotik egiten dute.
5. Saretik esnatu
Gehiegizko estimulu digitalen eta inolako kontrolik gabeko sareekiko etengabeko esposizioaren aurrean, Saretik esnatu proiektuak kezkatuta eta perspektiba askoz naturalago eta irekiago batekin aldatzeko gogoz dauden pertsonen talde bat bildu nahi du. Ingurune digitaletik deskonektatzen eta benetako konexioak sentitzen ikasteko espazio bat sortzea da helburua.
Proiektuak “deskonexio digitalerako” tresnak eta baliabideak eskainiko ditu prozesu mailakatu eta progresibo baten bidez. 3 bloke landuko dira eta horietako bakoitza deskonexio digitaleko asteburu batekin amaituko da, baina aldez aurretik prestatzeko, 2 dinamika mota egingo dira.
Jarduerek aukera emango diete eremua egokitu eta elkar ezagutzeko eta esperientzia bete-betean bizitzeko; taldeari konektatzen lagunduko diote, deskonexio digitala naturarekin berriz konektatzeko eta berdinen arteko benetako harremanak sustatzeko aukera gisa aprobetxatzeko oinarriak sortuz.