Gazte parrandazaleak ala pandemiak itotako gazteak?

Gazte parrandazaleak ala pandemiak itotako gazteak? –

Mikel Garciak Argia aldizkariko Jendartean blogean.

Gazteen “makro-parrandei” eta Ertzaintzak atzemandako “kale-zurrut arduragabeei” sona ematen dieten albisteek talka egiten dute erredakziora iristen zaigun informazioarekin: arazo fisiko eta mentalak garatzen, ikasketetan hondoratzen eta suizidioan pentsatzen ari diren gazteen kopurua hazten ari da kezkagarriki. Errealitate horretaz eta horri aurre egiteko falta diren baliabideez ere hitz egin beharko dugu, egoera lehertu aurretik.

Gazte parrandazaleak ala pandemiak itotako gazteak?

Jarrai dezakegu parranda bai, parranda ez, parranda nola eztabaidan kateatuta, baina horrek ez ditu aldatuko larriak diren zifrak. Suizidatu edota suizidatzen saiatu diren nerabeen “epidemiak” buruko osasun zerbitzuak gainezka dituela irakurri diot Ángel Sánchez psikoterapeuta murtziarrari. Euskal Herriko datuak ez dakizkit, baina egoeraren ilunaz konturatzeko adina zantzu badugu. Lau gaztetik batek pandemian tentsioa, estresa edo agobioa sentitu dutela dio Nafarroako ikerketa batek, gazteek Itxaropenaren Telefonora egiten dituzten deiak ugaritu direla jakinarazi dute Gipuzkoako arduradunek, anorexiak eta bulimiak gora egin dutela eta sufritzen dutenetako asko 12-13 urteko neskak direla –sarri jada muturreko kasuekin– entzun diegu hemengo psikologoei, eta aurten ikasleengan antsietatea eta tristura gailendu direla azaldu digute irakasleek.

Seaskako hezitzaileak aste honetako ARGIAn (2.738 zenbakian) dioen moduan, dena sortzeko duten adin horretan, nerabezaroan, “ezinbesteko duten harremana ukatu zaie eta frustrazio handia ikusi dugu”. Hutsune animiko, fisiko eta soziala arrastoa uzten ari da, zuloa egiten, eta hainbatek ez du halako egoerei aurre egiteko nahikoa tresna, horiek ere esperientziak –adinak– eman ohi dizkigulako sarri.

“Haur eta gazteak guk uste duguna baino indartsuagoak dira eta oso ondo daramate guztia” mantra errepikatzen edo gazteak kriminalizatzen –eta pandemiako turko-buru bihurtzen– segi beharrean, hitz egin dezagun nola tratatu dituen pandemiaren kudeaketak, non jarri diren indarrak eta baliabideak, zein ondorio ari diren orain azaleratzen. Gero, gaizki eta berandu iritsiko baitira baliabide apurrak, adabakia adabakiaren atzetik, hezkuntzan, osasun arreta integralean eta gizarte zerbitzuetan behar adina ez bada inbertitzen.

Gazte parrandazaleak ala pandemiak itotako gazteak?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Gazte parrandazaleak ala pandemiak itotako gazteak?”-ri buruz

  • Jakina pandemia honek gazteak astindu dituela, nola ez ba! Eta helduak ere; eta berrogei urtekoak ere; eta zinkuentoiak; eta adinez nagusikoak ere ederto astindu ditu!!!!
    Baina aldea, konportamenduan dago, eta gazte batzuk honetan kale egin dute, berekoikeriaren aitzakipean gainera.

  • Arratsalde on. Bai, Tximino, arrazoia daukazu, eta gazte batzuek horretan kale egin duten bezalaxe, helduek ere; eta berrogei urtekoek ere; eta zinkuentoiek… Horregatik emendakin txiki bat egin nahiko nioke zure iruzkinari.
    Etxe azpian daukadan taberna zuloan irekitzen denetik ixten den arte egoten direnak ez dira ba gazte-gazteak, 35-50 urte bitartekoak gehienak, eta hauek ere berekoi hutsak izan dira eta izaten darraite. Kontua da taberna batean egiten dena parke batean egiten denarekin alderatuz ez dela hain ikusgarria edo ez zaigula hain arraroa egiten, tamalez. Egia da badirela gazte parrandazaleak, heldu parrandazaleak diren bezainbeste. Baina hori gure aisialdi eredu hedonistari egotzi behar diogu, pandemiaren aurretik existitzen zena eta, dirudienez, hori kenduta askori hutsune bat sortu zaie eta ahal bezain azkar berreskuratu nahi izan dute.
    Arazoa, niretzat, zuk diozun legez, transbertsala da eta ez dio adin tarte konkretu bati bakarrik kalte egiten. Eta oso litekeena da orokorrean, kasu bakoitzak bere berezitasunak izan arren, pandemiaren itolarriak gehiago eragitea maila biografikoan eta psikologikoan gazteei, batez ere nerabeei, 40 urteko bati baino. Baina gizarte zibilizatu batean erantzukizunak ezin zaizkie eskatu “gazteei” edo “helduei” hain baitira kategoria zabalak ezen, errealitatean, pisu gutxi daukaten.
    Dena den, gazteen inguruan esaten diozunari men eginez, nire inguruan entzun dudanagatik, bada kontu honetan gazteei zeharo eragiten dien gauza bat eta oso gaizki ulertu dena edo, behintzat, niri harrigarria baino penagarria iruditu zaidana. Nire inguruko gazte batzuek diotenez pandemiak “beraien urterik onenak lapurtu” dizkie. Gazte hauek 18-22 urte inguru izango dituzte. Zer da ba pandemiak lapurtu diena? Kalitatezko irakaskuntza eredu bat? Lana lortzeko aukera? Ez! Gazte hauen arabera jaia da pandemiak ostu diena, 2 urte luze hauetan gehien faltan bota dena jaia izan da. Nik ez nieke gazteei honen errua bota nahiko, zeren eta, azkenean, gure gizarte eta komunitate konkretuek eguneroko bizitzatik eskapismoa ez egiteko hezkuntza bat ematea ez dute lortu, ez dute lortu aisialdi hedonista suntsitzaile horretatik gizartea askatzea. Jaia da geratzen omen zitzaien esparru “aske” bakarra. Gizarte gaixo batean bizi garenaren seinaleetako bat.
    Aztoragarria da zurrutero-porreroen kontu hau, batez ere, batzuon balio sisteman ez direlako kabitzen horrelako egintza ultrahedonistak eta aski dekadenteak egoera honek beharko lukeen erantzukizun mailan. Pandemia aurretik ere gaizki iruditzen zitzaizkidan. Baina behin egoera honetara helduta, bai gazte zein heldu batzuek aisialdi baxuenaren beharra hurkoaren segurtasunaren aurretik jartzeak guztiz akitu nau.

    Arratsalde ona izan dezazula. Adeitasunez,

    Enekorix.

  • Hedonismoak irentsi gaitu eta hedonismoak akabatuko gaitu. Gizarte moduan baloreak erabat nahasirik dauzkagu eta berdin dit ezkertiar zein eskumatar, gure lehendabiziko balore bakarra gozamena dela, berehalakoa eta norberarena.
    Eta bai, zuk Enekorix diozun moduan, arazoa ez dugu gazteongan bakarrik ezarri behar, orokorra delako. Berrogeitamar eta hirurogei urteekin gazte izatearen nahia, arazoaren baitan ere badago.
    Larogeitamar urteetara gazte, polit eta xarmangarri heldu nahi dugu, hilkutxan sartuta ere, “ze guapu eta ze gazte dagoen” esan dezaten!

  • Mutil gaztiengatikan ere
    Zerbait esan du fraileak,
    Uzteko diyo garai txarreko
    Zurrutak eta baileak.
    Nola dakarren ondoren txarra
    Gazte parrandazaleak,
    Etxera joanda errezatzeko
    Ez bagaude logaleak…
    1916eko fraileen esanak, 2021ean. Zeinen zaharkitua dugun jadanik XXI. mendea.