Gazta eta sagardo dastaketa gidatuak, Mahalaren eskutik
Gazta eta sagardo dastaketa gidatuak, Mahalaren eskutik –
Gazta eta sagardo dastaketa gidatuak egingo dira, gaurtik aurrera, Mahalak Donostian duen janari-dendan, eta euskara izango dute ardatz, entzuleak bertakoak zein turistak izan.
Akaitz Sarasolak gidatutako dastaketak aitzakia bikaina dira euskal tradizio gastronomikoa eta, batez ere, euskal baserriaren historia ezagutzeko.
Izen emateak, hemen.
Euskal Herriko Zaporeak izenburuarekin, dastaketa gidatuak antolatu dituzte Mahalak Donostian duen Geuria janari-dendan (Boulevard, 4). Gaurtik aurrera, gazta edo sagardo dastaketak izango dira aukeran, eta asmoak ondo bidean, posible da aurrerago txerriki eta ezti dastaketak ere egitea.
Akaitz Sarasola lizartzarra -nekazaritza eta baso ingeniaria bera- izango da dastaketen gidaria, eta berak emango ditu azalpenak, euskaraz. Pantaila erraldoi bat erabiliko du euskarri, laburpen idatziak dituena erdaretan.
Gazta dastaketak, ordu bete ingurukoak, 11.00etan eta 19.00etan izango dira ostiral eta igandeetan, eta 11.00etan larunbatetan.
Sagardo dastaketak, berriz, 12.30ean izango dira ostiral eta igandeetan, eta 12.30ean zein 19.00etan larunbatetan. Prezioa, 11 euro helduena eta erdia 6-12 urte bitarteko gaztetxoena (+ BEZ eta banaketa gastuak: 14,74 / 8,14 euro).
Dagoeneko izena eman daiteke www.mahalageuria.eus atarian.
.
Lau gazta (eta txotxeko sagardoa)
Lehen dastaketa gidatua joan den asteartean izan zen, proba modura, eta Zuzeuk bertan egoteko aukera izan zuen, ekitaldiari sarrera eman zion Mahala etxeko ugazaba Jokin Arrospidek gonbidatuta. Boulevardetik zein Sarriegi plazatik sarrera duen Geuria janari-dendaren beheko aldean elkartu ginen taldetxo bat -espazio polita dute bertan, bi dozena lagunentzako aproposa-, sektore ezberdinetakoak, tartean kirolari, sukaldari, artzain eta erlezainak zirela.
Audientzia ezagututa, urduri samar zen Sarasola gidaria, baina ondo “jantzita” zetorrela erakutsi zigun, baita gaia azaltzerakoan ere. Gaztak dastatzen hasi baino lehen, euskal baserria aurkeztu zigun bertan bildutakoei -gurera oporretan datozen bisitariak ere aurreikusten baitira dastaketetan-, eta gaztaren elaborazio prozesua zein dastatzerakoan aintzakotzat hartu beharrekoak aipatu zizkigun (kolorea, usaia…), jan edanarekin hasi baino lehen.
Dastaketan, guztira, lau gazta ezberdin jan genituen. Mahala etxekoak bertakoak bi, Leaburun ekoiztuak: ahuntz gazta bata eta gazta erdi ondua bestea; eta Orexan eginak beste biak: Idiazabal gazta bata, eta gazta urdina bestea. Tartean, bakoitzaren ezaugarriak eta ezberdintasunez solastu ginen, eta sagardo hurrupada bat ere egin genuen, kupelatik!
Hiru ordu laurdeneko jardunaren ondoren, gainera, beste ordu erdi inguru eman genuen dastaketa gidatuaren egokitasunari buruz bizi-bizi mintzatzen, hobetzeko asmoz onerako kritikak eginez. Guztioi ere, ekitaldi entretenigarria ez ezik, zinez aberasgarria suertatu zitzaigula esango genuke. Gure kasuan, bederen, sagardo dastaketa egiteko gogoz etxeratu ginen. Mahalako lagunek aurreratu digutenez, sagar-muztioa, botilako sagardoa eta kupelekoa ezagutzeko aukera ematen du sagardo dastaketak. Eta ondo bidean, txerriki eta ezti dastaketak ere egin nahiko lituzkete aurrerago.
Dastaketetan erabiliko diren bideoetan, euskarazko kontakizunaz gain, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez ere badira idatzitako laburpenak, baina gidariak euskaraz ematen ditu azalpen gehien-gehienak, atzerritarrek ere gure hizkuntza entzun eta ezagutu dezaten.
Geuria Merkatua Donostian, betiko janari-denda “ezberdin” bat