Gauza txikien superbotereak
Gauza txikien superbotereak –
Gauza misteriotsua gertatzen ari da Euskal Herriko frontoietan: pilota partiduetan tonika salmenta disparatu egin da. Sekretua pilotazaleen poltsikoetan sartzen diren ginebra botila txikietan omen dago.
Zigarroa ere gauza txikia da. Baina leku itxi batean, ezkutuan bada ere, erretzen baduzu, bost minutu edo bi ordu pasata, antzemango du norbaitek. “Hemen norbaitek erre du”.
Ez da jendeak tabernako goxotasuna ez duenik gustuko. Kanpoan dago barruan ezin duelako erre. Alkoholik gabeko garagardoa, ere, ez da futbolzaleen edaririk gogokoena, baina estadioetan ez dute beste erremediorik. Legea egin zuten eta kito.
Urkullu argia da horretan: “ez dut sinesten demokratikoki aukeratutako instituzioak ordezkatu nahi dituzten alternatibetan”; “asaldatu egiten nau ardurarik gabeko mugimendu sozialek baldintzatzea Katalunia”. Ildo horretan baztertu egiten ditu Herri Ekimen Legegileak. Berdin du, 17.000 sinadura jaso, eskoletako segregazioarekin amaitzeko, zein 130.000 sinaduraraino iristea, azpikontratetan lan baldintza duinak bermatzeko. Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak, sinadura txiki horiek guztiak zezerezean uzteko, argi dio: guk hauteskundeetan 389.000 bozka jaso genituen. Jendeak lau urtean behin bozkatzen du, eta gobernua da erabakiak hartzen dituena.
Eta halaxe egiten dute: arauak egokitu hiri inguruetan merkatalgune erraldoiak sortzeko, igande eta jai egunetan denden irekierak bultzatzeko, urteko egun guztietan 24 orduz zabaltzen duten saltokiak erakartzeko… Amancio Ortegarirekin akordioa egin Osakidetzako inbertsio eskasa apaintzeko, Euskaltel saldu, La Naval hiltzen utzi, Gipuzkoaren etorkizuna Trumpen American Enterprise Institute think tankarekin birpentsatu…
Hauteskundeak irabazten dituzte, boterea dute eta pentsatzen dutena egiten dute. Dena den, batzutan, iradokitzen dute zenbait erabaki ez dituztela gustuko, bereziki herritarrak haserretzen direnean, baina azpimarratzen dute errealista izan behar dela eta beste erremediorik ez dagoela. Hau omen da dagoena.
Eduardo Galeano beste puntan zegoen. “Utopiak aurrera egiteko balio du”. “Jende txiki askok leku txikietan, gauza txikiak egiten mundua alda dezake”. Eta sindikatu eta herri mugimenduek hortik edan dugu. Alternatiben herriak, Iraultza Txikien Akanpada, Argia txikitik eragiten… Handien erabakiek hondatzen dutena, erabaki txikiekin konpontzen. Bai, boterearen erabakiak baldintzatzeko indarrik ez dugun bitartean, txikitik eraikitzen joan behar dugu indar metaketa.
Badakit dena erlatiboa dela. Guretzat Lazkao Txiki Andy García baina handiagoa dela. EBBrentzat porrota izan den galdeketa GBBrentzat ahalduntze sozialerako erreferentzia bat dela. Baina “Erosi bertan. Aktiba itzazu gauza txikien SUPERBOTEREAK (Eusko Jaurlaritza)” irakurri dudanean, mundua gelditu zait.
Ez, ez dut Boletin Ofizialean irakurri. Autobus geltokiko iragarki taulan baizik. BM supermerkatuak, Fortaleza kafea, Black Friday eta beste hainbat propaganda jartzen duten leku berean. Mundua biratzen hasi zait berriro.