Gaurko Legebiltzarreko agerraldia
Gaurko Legebiltzarreko agerraldia –
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN ALDE,
HEZKUNTZA LEGE HONI EZ!
Ikasturte berri honetan, Hezkuntza Legeaz Gasteizko Legebiltzarrean izango den eztabaidaren aurrean, aurkeztu den Lege proiektuari gure erabateko aurkako jarrera agertu nahi diogu.
Iazko ikasturtean sarritan adierazi genion gure desadostasuna Eusko Jaurlaritzak onartu nahi duen lege horri. Besteak beste, joan den ekainean, manifestazio jendetsuak burutu genituen Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleetan zehar, Euskal Eskola Publikoa aldarrikatzeko eta Hezkuntza Lege honek dakartzan kalteak salatzeko.
Aldi berean, joan den ekainean ere, Lege Proiektuari ekarpen kritiko ugari aurkeztu zizkioten Euskal Eskola Publikoaren aldeko hainbat eragilek, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen aurrean eginiko agerraldietan.
Gure aldetik, honela labur ditzakegu Hezkuntza Lege proiektua arbuiatzeko ditugun arrazoiak:
- Lege proiektuak sistema publiko-pribatu duala eta ez ohikoa betikotu egiten du. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa delako eufemismo tranpati eta interesatuaren bidez, titularitate publikoko eta pribatuko ikastetxeak berdindu nahi ditu, nahiz eta denok jakin guztiz ezberdinak direla.
- Lege-proiektuak %100eko finantzazioa emango die ikastetxe pribatuei trukean inolako baldintzarik eskatu gabe. %100eko finantzazioa nahi duen ikastetxea publifikatu egin behar da.
- Lege Proiektuak ez du eskola publikoa lehenesten. Eskola publikoa “protagonista” izan behar dela jasotzen den arren, protagonismo hori ez da ezertan gauzatzen artikulatu osoan. Aldiz, merkatuaren logikan sartzen du Hezkuntza, ikastetxe publikoak barne.
- Ez die bermatzen ikasle guztiei euskararen erabilera eta ezagutza. Egungo hizkuntza-ereduek indarrean jarraitzen dute, ez dago ikastetxe guztientzako marko komuna ikasle guztiei euskararen ezagutza bermatzeko eta murgiltze-eredua eskaintzen ez duten ikastetxeek eta euskalduntzea sustatzen ez dutenek itunak (diru publikoa) jasotzen jarraituko dute. Euskara indartu nahi bada, eskola publikoa indartu behar da.
- Segregazioari aurre egiteko ez dago neurri eraginkorrik. Arazo larria onartzen den arren, berau konpontzeko orain arteko neurriek oso eragin txikia izango dute, eta, ituntze unibertsala mantentzen duen heinean, segregazioa betikotuko du.
Laburtuz, Lege-proiektua pribatizatzailea da, ez du konpondu nahi sistemaren arazo nagusiena (duala izatearen ondorioz, segregazio sortzaile etengabekoa izatea), ez du ikasleen euskalduntzea bermatzen, doktrinamendua baimentzen du eta eskolen arteko lehian oinarritzen den autonomia sustatzen du.
Ildo honetan, Dekalogo batean jaso ditugu hezkuntza sistema hobetzeko aldarrikatzen ditugun ezaugarri nagusiak, eta hurrengo asteetan emango diogu Dekalogoaren bideoari zabalkundea, bai hezkuntza komunitatean, baita jendartean ere.
Bestalde, Hezkuntza Legearen eztabaida Legebiltzarrean abiatuko den une hauetan, eskari zuzena egin nahi diegu talde politiko guztiei: Zerbitzu Publikoak babestu eta indartzearen aldeko apustua egin dezaten, hezkuntza arloan ere, alegia, Euskal Eskola Publikoa lehenetsi eta Hezkuntza Lege honi ezezkoa eman diezaioten, Euskal Eskola Publikoa hezkuntza baita arloko Zerbitzu Publikoa bakarra, Denona eta Denontzakoa.
Hori dela-eta, zerbitzu publikoen defentsan, “EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN ALDE, HEZKUNTZA LEGE HONI EZ!” manifestaziora joateko deia egiten diogu gizarte osoari, Donostian, urriaren 29an, igandean, goizeko 12:30etan, Boulevarrean.
Gasteiz, 2023ko urriaren 3
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea