Gaurko azalkeria

Gaurko azalkeria –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Harritzekoa zait ikustea zein mundutan bizi garen. Maila guzietan. Gauza guziak nahasi gabe eta bakoitzari bere berezitasuna utziz.

Gaurko azalkeria
Erretreten kontrako manifestaldiaren hasiera, Baionan, 2023ko otsailaren 11n

Azken egun hauetan Joe Biden, Estatu Batuetako lehendakaria, agertu da Kiev hirian, Ukrainako hiri nagusian, Volodymyr Zelensky ukrainako lehendakariarekin. Nehori ez zaio eskapatu Ukraina gerlan dela eta egunero ehunka soldadu, milaka ez errateko, hil direla bi aldeetan, Errusia eta Ukrainako eskualdeetan. Egunero ehunka misil edo lehergailu botaiak dira Kiev eta Ukrainako herri gehienetan, ehunka herritar zaurituz, horietan haurrak berdin. Eta nonbaitetik, nondik eta nola erran gabe, Joe Biden agertzen zaigu gerla erdian, deus ez balitz bezala. Asma dezagun zer nolako neurriak hartuak izan diren holako gertakari baten antolatzeko. Asma dezagun zenbat joan-jin izan diren Estatu Batuen eta Poloniaren artean holako argazki baten antolatzeko. Pentsa dezagun zenbat gosta den holako balentria bat. Munduko lehen indar ekonomikoaren lehendakaria gerlaren erdian nehork deus jakin gabe? Hori dute sinetsarazi nahi? Nork sinesten ahal du? Air Force One hegazkina ez da Washingtoneko aireportutik ateratu munduko lehendakari eta armada guzietako arduradunak jakinean izan gabe. Pentsa Moskun edo Pekinen, bi horiek bakarrik aipatzeko. Alde sinbolikoa aipatua izan da. Zein sinbolo nahi ukan dute erakutsi? Zein sinboloetaz mintzo gira? Zer diote soldadu hilen familiek, burasoek, haurrek? Zer diote Ukrainatik joan direnek? Bada istorio hortan azalkeria forma bat, zinema aire batekin. Bakoitzak besteari beldur egin nahian, hortzak erakutsiz, baina arriskuak neurtuz. Bakoitzak bere arriskuak neurtuz.

Soldaduek segitzen dute hiltzen. Mundu huntako buruzagiak sinbolo ukaldika ari direlarik, jende xumeak dira hiltzen gerla lurraldeetan.

Inolako konparaketarik egin gabe, lotura baten egitera ausartzen naiz hala ere.

Erretreta adinari lotuak diren eztabaidetan, sentimendu bertsura ekarria naiz. Gauzak idatziak balira bezala, eztabaidek segitzen dute, Ganbara desberdinek erretreta adin aldaketaren legea bozkatuko dute eta bukaeran, langile xumeek dute gehienik horren ondorioa jasanen. Batzuek, orain baino geihagok, erretreta hartu baino lehen mundu hau utziko dute.

Hor ere bada hipokrisia forma bat. Milioiak eta milioiak aurkitzen dira gerla baten diruztatzeko, beste hainbeste ekonomia hauskor batzuen laguntzeko baina diruztatze iturriak hesten dira arlo sozialetara iristean.

Mundua gaizki doa. Orokorki. Beharrik ihardukitze leku batzuek segitzen dute borrokatzen eta plazer dut jakitea horietarik batean bizi garela.

Gaurko azalkeria

Abertzaleen Batasuneko eta Baterako kidea. Ezpeletako hautetsia.